Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Fundazioei buruzko Legearen erreformak herritarraren eta Jaurlaritzaren arteko harremanak erraztuko ditu

2010.eko urriak 20

Idoia Mendia: herritarren eta administrazioaren arteko ahalik eta traba gehienak kentzeko lanean ari gara

Fundazioei buruzko Legearen erreformaren helburua herritarren eta administrazioaren arteko harremanak erraztea da eta, aldi berean, Europar Batasunak emandako Zerbitzuen Zuzentaraua -legezko aldaketa honen jatorria- Jaurlaritzak betetzea. Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordean gaur egin duen agerraldian esan duenez, pertsona fisiko edo juridikoentzat errazagoa izango da zerbitzu-emateak sustatzen dituzten fundazioak eratzea, erregistrorako sarbidea erraztu eta hainbat betekizun kenduko baitira.

Profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko legea aldatuta lortu nahi diren oinarrizko helburuak zein diren ere adierazi du sailburuak, esate baterako, kendu egitea hainbat lanbidetako derrigorrezko elkargokidetzea eta elkargoek ezartzen dituzten zerbitzu-sarien baremoak. Horrez gain, legeak derrigorrezko ikus-onetsia kenduko du eta kontsumitzaileak eta lehia-eskubidea babesteko aurreikuspenak beren-beregi errespetatzera behartuko ditu lanbide-elkargoak. Lanbide-elkargoek ireki beharko dituzten leihatila bakarra, komunikazio elektronikoa eta web-orri berrien bidezko irismena dira herritarren eta beraien administrazioaren arteko harremanak ahalik eta gehien errazteko asmoz lege-aldaketa honetan jaso diren adibideetako batzuk. Sailburuak azpimarratu duenez, herritarrak dira, lehenengo egunetik, gure politiken jomuga.

Mendiak esan du lanbide-elkargoek kontsumitzaileei kasu egiteko zerbitzu bat eduki beharko dutela, baita partikularrei eta elkargokide egiteko interesa duten profesionalei behar duten informazioa emango dien web-orri eraginkor eta eguneratua ere. Arau-aldaketa hau oinarritzen duten printzipioak kontsumitzaileen babesa eta lehia-eskubidearekiko errespetua direla nabarmendu zuen sailburuak.

Fundazioei buruzko Legearen legezko aldaketaren abiapuntua Zerbitzuen Zuzentarauaren transposizioan dago -zuzentarau hori Bolkestein Zuzentaraua izenez ere ezagutzen da, 2006ko abenduan onartu zen eta 2006ko abenduaren 27ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen-. Aldaketa nabarmenetako bat patrono karguaren onarpenari buruzkoa da -kontu horrek atzerapen handiak ekartzen zituen lehen Jaurlaritzari egindako eskabideen izapideetan-. Aldaketak baldintza malguagoak jartzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan errazagoa izan dadin fundazioak -herri honen funtsezko eragile ekonomikoak- eratzea.

Fundazioak eratzeko, estatuko oinarrizko arautegiak ezarritako irizpidea sartu da, hau da, nahikoa izango da 30.000 euroko hasierako dotazioa. Gainera, izapideak errazagoak izango dira, ez baita orain arte beharrezkotzat jotzen zen dokumentazio osoa aurkeztu behar izango. Erreforma onartzen denetik aurrera, nahikoa izango da dokumentazio hori egon badagoela eta arauak ezartzen dituen izapide guztiak bete direla adierazten duen ziurtagiri bat egitea fundazioko idazkariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)