Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Neiker-en SOIL-Montana proiektua izendatu dute LIFE Europako proiektu onenetakoen artean

2016.eko azaroak 17

Mendiko haranetako eta behealdeko artzaintzako eremuetan lurraren bioaniztasuna eta landaredia kontserbatzeko metodologia berritzailea bideragarria dela frogatu du

Proiektua Gorbeia parke naturalean eta haren inguruan egin dute

NEIKERek koordinatu du eta honako hauek hartu dute bertan parte: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Lorra kooperatibak eta Orozkoko eta Zeanuriko nekazarien elkarteek.

SOIL-Montana proiektua, NEIKER nekazaritzako I+G Euskadiko Institutuak koordinatutakoa, aukeratu dute Europar Batasuneko LIFE programako proiektu onenen artean “lurraren erabilera eta plangintza” kategoriaren baitan. Proiektuaren helburu nagusia Gorbeia parke nazionaleko mendiko haranetako eta behealdeko artzaintzako eremuetako lurraren bioaniztasuna eta landaredia zaintzeko metodologia berritzaile baten bideragarritasuna frogatzea izan zen. Horretarako, Agroekosistemetako Osasun Txartelak erabili zituzten.

SOIL-Montana proiektuaren barruan, lurraren kalitatearekin lotutako adierazle fisikokimiko tradizionalez gain, mikrobio bioaniztasunaren arloko erreferentziazko balioak emateko eta artzaintzako agroekosistemen osasunaren inguruko diagnostiko osoa lortzeko adierazle mikrobiologikoak ere txertatu zituzten.

Proiektuan honako hauek ere hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Lorra kooperatibak eta Orozkoko eta Zeanuriko nekazarien elkarteek. Abiapuntu gisa, faktore ekologikoak (landaredi mota, altitudea eta geologia) zein ganaduaren kudeaketarekin lotutako faktoreak (ganaduaren dentsitatea eta animalien arrazak) direla eta esanguratsuenak diren artzaintzako eremuetako eta landetxeetako aniztasunaren inguruko informazioa jasotzeko ingurumeneko sare georreferentziatua diseinatu eta ezarri zuten.

Informazio guztia Agroekosistemen Osasun Txartelen (TSA, gaztelaniaz) diseinuan txertatu zen. Artzaintzako ekosistema ugarien osasun egoera ebaluatzeko modua era errazean eta praktikoan azaltzen duten eskuliburuak dira. Hala, aipatutako agroekosistemen osasun arloko bi diagnostiko diseinatu dira: oinarrizkoa eta aurreratua. Azken hori talde profesionala eta aurretiazko gaikuntza eskatzen dituzten adierazleen multzoaren azterketan oinarritzen da.

Prestaketako ekintza horiek egin ostean, kontserbazioko ekintzak in situ egin zituzten, bioaniztasuna galtzea ekiditeko asmoz. Horretarako, ekintzak ezarri zituzten larreen 33 eremutan, bai beheko lurretako habitatetarako, bai mendiko habitatetarako eta, horien artean, lan hauek nabarmendu behar ditugu: zuhaixkak kentzea, iratzeak kontrolatzea eta mendiko eta haraneko habitatak ongarritzea.

Laborantzako praktikak larreetako 120 hektareatan egin zituzten (komunitateko interesa duten habitatetako 100 hektarea barne) eta habitatei buruzko Zuzentaraua aplikatzen lagundu zuen horrek. Proiektuak egiaztatu zuen Asulox herbizida bideragarria dela iratzearen (Pteridium aquilinum) hedapena kontrolatzeko Haranetako behealdeetan, aldiz, simaur bidez egindako ongarritzeak fertilizazio mineralarekin lortutakoaren antzeko produkzioa lortzea ahalbidetzen duela egiaztatu dute; aldiz, kareztadurak inpaktu positiboa izan zuen bazka balio handiko espezieetan: Lolium perenne espeziearen kasuan adibidez.

Agroekosistemetako Osasun Txartelei esker, agroekosistemen kudeatzaileek, irizpide objektiboetatik abiatuta, errazago har ditzakete nekazaritzako zer jardunbide bultzatu beharko lituzketen aztertzeko erabakiak. Proiektuak agerian utzi zuenez, tresna hori oso erabilgarria izan daiteke horretarako.

SOIL-Montana proiektua (agroekosistemetako osasun-txartelak: mendiko haranetako eta behealdeko artzaintza eremuetako lurraren eta aniztasun begetalaren kontserbazioa) Best of the Best izendatu dute LIFE unitateko kanpoko laguntza taldeak egindako hautaketan txertatuta zegoen lehen zerrendatik aukeratu ostean.

Neiker-Tecnalia, lehen sektorerako erreferentzia zentroa

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua, irabazi asmorik gabeko sozietatea da eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiarne Garapen eta Lehiakortasun Sailaren baitan dago. Teknologia zentro horrek I+G arloko helburu hauekiko konpromisoa du: nekazaritzako produkzio sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketako teknologia berriak garatzea eta aplikatzea eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriaren, bereizgarriak dituzten produktuen eta, oro har, kontsumitzailearen kalitate eskakizunak asebetetzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)