Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Heldu dira lehenengo eskailera mekanikoak Bilboko Alde Zaharreko geltoki intermodalera

2016.eko azaroak 17

Joan den goizaldean deskargatu dira Alde Zaharreko geltoki intermodalean instalatuko diren eskailera mekanikoen lehenengo bi tarteak. Zehatzago esanez, eskailera horiek, datorren urteko martxoan zerbitzua ematen hasiko den Metroaren 3. lineako nasetara heltzeko erabiliko dira. Bi aste barru, terminalaren ataria 1. linearekin lotuko duten beste bi tarte helduko dira.

 

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak 11,5 milioi euroren truke esleitu zion ThyssenKrupp Elevator enpresari 3. lineako instalazioen kontratuetako bat, 10 igarobide errodagarri eta 32 eskailera mekaniko instalatzeko eta hiru urtez mantentze-lanak egiteko, 3. lineako zazpi geltokietako hainbatetan.

 

Horrela, L-3ko bidaiariek eskailera mekanikoen eta igogailuen bitartez heldu ahal izango dira L-1 eta L-2ra. Aurretik, 22 metro luze, 16 metro zabal eta 12 metro altu den atari handitik igaro beharko dira. Bertatik Bilboko Areatza ikusi ahal izango da.

 

Lanen nondik norako orokorrari dagokionez, geltokietako obra zibila ia amaituta dago, eta talde teknikoak lanean ari dira, instalazio, energia, seinaleztapen, komunikazio eta sarbide instalazioen kontratuak martxan jartzen. Alde Zaharreko eskailerak jartzen direnean, Uribarriko geltokiko Eskoletako Plazako kanoikoak baino ez dira faltako. Kanpoan, geltokietarako sarbideen inguruetako urbanizazio lanen azken ukituak ematen ari dira.

 

Ia 6 kilometroko luzera duen 3. lineak zazpi geraleku ditu (Matiko, Uribarri, Alde Zaharra, Zurbaranbarri, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Etxebarriko San Antonio), eta inguruan bizi diren 70.000 pertsonari emango die zerbitzua. Metroaren hirugarren linea eraikitzeko beharrezkoa izan den 279 milioi euroko inbertsioa erdibana ordaindu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko