Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Toña eta Uriarte sailburuek Zeuk esan gazteentzako arreta telefonoaren garrantzia nabarmendu dute jasotako deiak % 40 gehitu dira

2016.eko azaroak 18
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak eta Ángel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean nabarmendu dute Zeuk Esan zerbitzuak, 116111 telefonoaren bidez eta online, haurrei eta nerabeei laguntzeko egiten duen lana.

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren barruan, Uriarte eta Toña sailburuek nabarmendu dute Zeuk Esan zerbitzuko 116111 telefono-zenbakian arreta eskaintzen duten profesionalen lana; aintzatetsi dute profesional horiek eskaintzen duten orientabidea, aholkularitza eta informazioa. Horrez gain, zerbitzuaren konfidentzialtasuna goraipatu dute; izatez, 116111 telefonora egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. Halaber, zerbitzuaren beste komunikazio-bideak aipatu dituzte: web-gunea (www.euskadi.eus/zeukesan); blogak (bat adin txikikoentzat eta beste bat haurren eta nerabeen inguruko helduentzat: http://zeukesan.blog.euskadi.eus/ eta http://helduakzeukesan.blog.euskadi.eus/); YouTubeko kanal bat (https://www.youtube.com/user/Zeukesan); sare sozialak (@Zeukesan Twitterren eta Facebooken); eta newsletter bat (http://zeukesan.zerbitzuak.org/).

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak aditzera eman duenez, zerbitzu hori “oso lagungarria da adin txikikoen arazoei eta kezkei arreta emateko, arazoak eta kezkak edonolakoak izanik ere”. Oro har, esparru pertsonalarekin, familiarekin, hezkuntzarekin, osasunarekin, kulturarekin eta aisialdiarekin lotzen diren gaiak izaten dira. Bestalde, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak adierazi duenez, “adin txikikoek zuzeneko laguntza dute ikastetxeetan. Irakasleek arreta eskaintzen diete haiengana hurbiltzen diren adin txikikoei, edo laguntza behar dutela hautematen dutenei. Dena dela, batzuetan adin txikikoa erosoago egon daiteke hasiera batean anonimoa den kontsulta bat eginda. Zeuk Esan zerbitzua ikastetxeak eskaintzen duen laguntzaren osagarri da.”

Bi agintariek azaldu dute 116111 telefono bidezko zerbitzura gero eta jende gehiagok jotzen duela, eta adin txikikoek zein helduek deitzen dutela, betiere adin txikikoekin lotzen diren kontsultak egiteko. Urtarriletik urrira bitartean deien kopuruak % 40 egin du gora, joan den urteko aldi berarekin alderatuta –307 dei izatetik 608 dei izatera–. Adierazi dute zerbitzua gero eta ezaguna izateak ekarri duela gehikuntza hori.

“Joan den urtean, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan zerbitzua ezagutarazteko kanpaina jarri zen abian, 8 eta 18 urte arteko gazteek zerbitzua ezagut zezaten”, onartu du Uriartek. Gainera, kanpainak bazuen beste helburu bat: irakasleen artean ezagutaraztea zerbitzua. Izatez, profesional horiek adin txikikoekin etengabe harremanetan daudenez gero, hauteman dezakete, edo gutxienez susma dezakete, adin txikikoak kalteberatasun-egoeran dauden edo babesik gabe geratzeko arriskuan dauden edo haien eskubideak urratzeko arriskuan dauden.

Zerbitzua adin txikikoei laguntzera zuzentzen bada ere, 116111 telefonoan helduen deiak ere jasotzen dira, hala nola gurasoenak, familiakoenak, irakasleenak, arautu gabeko irakaskuntzako profesionalenak eta/edo monitoreenak, eta haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotzen diren gainerako pertsonenak. Izan ere, aurre egin ezin dieten edo nola aurre egin ez dakiten askotariko egoerak bizi ditzakete helduek, hala nola eskola-jazarpena; halako kasuetan, hain zuzen ere, garrantzi handikoa da telefonoaren bidez arreta egiten duen talde profesionalak emandako orientabidea eta aholkularitza. Gainera, zerbitzuak aukera du Euskal Autonomia Erkidegoan haurrei eta gazteei zuzendutako baliabide nagusietara bideratzeko gaia eta baliabide horiekin koordinatzeko.

Haurren eta nerabeen arretarako 116111 telefonoak –Europa osoan bakarra– hedabideetan izan duen hedapen handia ere nabaritu da. Horren lekuko, azken bi hilabeteotan (irailean eta urrian) helduek adin txikikoek baino gehiago deitu dute, eta hori ez zen ohikoa; aurten gazteek % 30 gehiago erabili dute 116111 telefonoa. Dei gehienak adin txikikoen deiak dira –hiru deitatik ia bi–, batez ere 12 eta 15 urte artekoenak (zerbitzu horretara helduek ere jotzen dute, eta horien artean % 75 kezkatuta dauden gurasoak dira eta, gero, profesionalak daude). Haatik, irailean eta urrian ezohiko kopuruak erregistratu dira, helduen deiak % 13,6 gehiago izan baitira. Gorakada hori zerbitzua prentsan eta telebistan (cadena SER, ETB Focus, Gaur Egun eta Onda Vasca) bistaratzearekin lotu daiteke –helduek batik bat ikusten dituzten programetan azaldu da–.

116111

Zeuk Esan batik bat telefono bidezko arretako zerbitzu bat da, nahiz eta teknologia berrien bitartez beste bide batzuetara ere zabaldu den. 116111 zenbakia ez da haurren edo nerabeen kalteberatasuneko edo babes gabeziako egoera bat jakinarazteko telefono hutsa (hori ere baden arren), prebentzio-zerbitzuko joera ere badu, isileko laguntzaile eraginkorra izateko joera ere badu, nagusiki haurrak eta nerabeak egoera zailen bati aurre egin behar diotenean, edo nola aurre egin ez dakiten arazo handi edo txiki bati aurre egin behar diotenean. Psikologian edo gizarte-hezkuntzan prestakuntza duen eta adin txikikoekin tratatzeko esperientzia duen pertsona heldu bat telefonoaren beste aldean egotea beti izango da lagungarria, beti izango da laguntza hori jasotzeko aukera.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzarentzat funtsezkoa da haur eta nerabe guztiei tresnak eta baliabideak eskaintzea haur eta nerabe horiek haien buruarekin ondo dauden sentsazioarekin hazteko eta familien eta erakunde publikoen babespean eta laguntzarekin hazteko”; hori dela eta, zerbitzuak urteko 365 egunetan erantzuten du bi hizkuntza ofizialetan.

Haurrei eta nerabeei laguntzeko Zeuk Esan 116111 telefono bidezko eta online zerbitzuak sei urte bete ditu, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman barnean hartzen diren prestazioen eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuen artean dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)