Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

URAk Gobela ibaiaren arroan uholdeetatik babesteko egindako lanak bisitatu ditu Ana Oregik

2016.eko azaroak 17
  • Lanen laugarren fasea amaituta, 1,44 eta 2,28 metro artean jaitsi da 100 urteko birgertatze-aldi bati dagokion uholde-kota aurreko egoerarekin alderatuta
  • 2008tik guztira zazpi zubi ordezkatu dira:Lexarreta, Jolaseta, Salsidu, Fadura, Leioako etorbidea, Metro Gobela eta Plentzia, eta oinezkoentzako bi pasabide Faduran eta El Carmenen
  • 2017ko urtarrilean amaituko dira Uribe Kostako zubitik, Fadurako polikiroldegi ondotik, alegia, Salsidura arteko lanak

 

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansolak, sailburuordea Iosu Madariagak eta zuzendaria Esther Solabarrietak  gaur goizean bisitatu dituzte Gobela ibaiaren ur-goraldietatik babesteko URAk egin dituen lanak. 2008tik guztira zazpi zubi ordezkatu dira ibilgu osoan zehar (Lexarreta, Jolaseta, Salsidu, Fadura (frontoiak), Leioako etorbidea, Metro Gobela eta Plentzia), eta oinezkoen bi pasabide (Fadura-padeleko pistak eta El Carmen), Cristobal Valdéseko gainezkabidearen (Errekaganeko polikiroldegiaren parean) eta Salsidu kalearen arteko zatian ez baitzuten behar adinako sekziorik.

 

Ana Oregi sailburuak adierazi duenez “Gobelako laugarren fasea bukatuta, 100 urteko birgertatze-aldi bati dagokion uholde-kota 1, 44 eta 2,28 artean jaitsi da Gobelan esku hartu aurreko egoerarekin alderatuta. Hiri-eremu zabalak geratu dira, beraz, ur-goraldietatik kanpora”.

 

Bisitan zehar sailburuak eta URAren arduradunek aipatu dute lanek onura handia ekarriko diotela herriari eta ingurumena bikain errespetatu dutela. Gobelaren uraldietatik babesteko lanetan hainbat jarduera egin dira, eta honakoak dira aipagarrienak:

 

Salsidu aldeko lanak

Plaza txikitik hasi eta Salsidu etorbidean Gobela ibaiaren gainean dagoen zubitik ibaian gora ehun metrora arteko tartean ur-goraldien aurrean ahalmen hidraulikoa hobetzeko lanak egin ziren. Zehazki, zabalera aldakorreko albo plataforma bat sortu zen, ibilguaren paraleloan, ur-goraldietan urak pasatzeko leku handiagoa izan dezan uholde-eremu kontrolatu gisa, Gobela ibaiaren ibilgu naturala urak beheran daudenerako mantenduta.

 

Gobela ibaiaren ezkerraldean egin ziren lanak, eta ez zuten eraginik izan egungo ibilguan. Gobela ibaiaren sekzioa handitzeko, bestalde, Salsiduko zubia eraitsi eta berria eraiki behar izan zen eta eragindako hainbat zerbitzu leheneratu behar izan ziren. Aurrekontua 1.564.651,90 eurokoa izan zen eta lanak 2010eko martxotik 2011ko apirila bitartean egin ziren.

 

Etxezuri-Larrañazubi  tarteko lanak

Leioako Etorbideko zubitik Larrañazubi ikastetxera arteko zatian Gobela ibaian egindako lanetan lur-kota jaitsi zen (uraldietan ura bertatik pasa dadin eta, era horretara, uraren maila jaisteko eta eremua urpean geratzeko arriskua murrizteko) eta Leioako Etorbideko eta Jolasetako zubiak eraitsi eta sekzio handiagoko berriak eraiki ziren. Aurrekontua 5.060.769,82 eurokoa izan zen eta lanak 2010eko ekainetik 2011ko abendura bitartean egin ziren.

 

Errekagane zatiko lanak

Ibaiaren lehengo ibilgua zabaldu zen 11-13 metrora arte funtzionamendu hidraulikoa hobetzeko, eta 100 m-ko estaldura kendu zen eta uraren zirkulazioa oztopatzen zuten elementuak (zubiak eta bidegurutzeak) ordezkatu ziren. Hormigoizko pantailak eta zutoin-oholak jarri ziren ertzetako lurrari eusteko, ertzetan ibilgutik metro gutxitara zeuden eraikinetan asentuak eratzea eragotziz, eta bertako habitat naturala hobetu zen ingurumenean ahalik eta gehien integratzeko.

 

Lanak Errekagane kalean hasi ziren, Cristobal Valdés kalearen parean, eta ibaian gora jarraitu ziren leku horretan “Gobela ibaia Ubideratzeko Proiektua. I. Tartea, itsasoraino (Getxo/Bizkaia)" jarraituz egindako lanetara arte (1994). Lanak Leioako zubiaren parean amaitu ziren. Ubideratze-lanak guztira 762 metrotan egin ziren, eta ibaiaren aurreko trazadura jarraitu zen orokorrean. Aurrekontua 15.939.995,92 eurokoa izan zen eta lanak 2013ko urtarriletik 2016ko iraila bitartean egin ziren.

 

Fadurako zatia.

Lanak Uribe Kostako zubitik (Fadurako polikiroldegiaren ondoan) ibaian gora, Salsidu aldean egindako lanetara arte ari dira egiten. Jarduerak guztira 775 metro hartuko ditu, eta ibilgu osoaren ahalmen hidraulikoa handituko du.  

 

Gobela ibaiaren bi ertzetako jarduerak ez du eraginik ibaiaren egungo ibilguan, eskuinaldean ez da esku hartuko Areetako futbol-zelaiaren eremuan eta futbol-zelaitik Uribe-Kostako zubira arte, eta ezkerraldean frontoien aldean eta futbol-zelaietako eremuan.  

 

Gobela ibaiaren sekzioa handitzeak dakar Fadurako zubi zaharra eraitsi eta berria eraikitzea eta eragindako hainbat zerbitzu leheneratzea. Aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da, eta lanak 2015eko abenduan hasi ziren eta 2017ko urtarrilean amaitzea dago aurreikusita.

 

Prebentzioa

“Uholdeen aurrean babesteko lan bat bukatzeak gogoratzen digu egoera horiei aurrea hartu behar zaiela eta saihestu egin behar direla ibaietan ohikoak diren ur-goraldi naturalekiko sentiberak diren erabilerak: lekua utzi behar zaio ibaiari hazteko aukera izan dezan. Eta, aldi berean, erakundeak eta hiritarrak sentsibilizatzen ditu. Jabetu behar dugu beti dagoela uholde arriskua, eta lan handi honek nabarmentzen du garrantzitsua dela prebentzioa, eta pertsonak edo erabilera sentiberak ez direla jarri behar gure ibaietako ohiko ur-goraldi naturalen arriskupean. Erakunde eta herritar guztiok elkarri eskua emanda jardun behar dugu eta ibaiarena den eremua okupatzea dakarten hiri garapenak eta erabilerak saihestu behar ditugu, bai lurraldea artifizial bihurtzean ingurumenean eragiten diren kalteengatik –ibaiaren ekosistema hausten da– bai ibaiaren portaera naturalaren ondorioz pertsonak eta erabilera sentiberak babesteko ondoren sortzen den beharrarengatik" esan du Oregi sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Esrher Solabarrieta, Álvaro San Cristobal