Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak auzitegi barruko bere bitartekaritza eredua azalduko du Estatu osoko 65 epaile dekanoren aurrean

2016.eko azaroak 17
  • Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak antolatutako ikastaro baten esparruan, Estatu osoko epaileentzat erreferentzia-eredua den Auzitegi barruko bere Bitartekaritza Zerbitzuaren ezaugarriak azalduko ditu Eusko Jaurlaritzak.
  • Auzitegi barruko bitartekaritza herritarrei eskaintzen zaien doako zerbitzu bat da, lagungarria da justizia modernoagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko, denbora eta kostuak aurrezten ditu eta irtenbide hobeak lortzen ditu auzitan dauden aldeentzat.

Eusko Jaurlaritzak bihar azalduko du Madrilen “Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzua”, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Estatu osoko 65 epaile dekano bitartekaritzaren arloan prestatzeko antolatutako ikastaroaren baitan. Justiziako zuzendari Manuel Valínek mahai-inguru batean hartuko du parte, eta bartan bitartekaritza-zerbitzuak antolatzeko hainbat eredu aztertuko dira.  

Manuel Valínek defendatuko du Eusko Jaurlaritzak “zigor-justizia hutsa baino justizia modernoagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko” egindako apustua. Alde horretatik, honela aurkeztuko du Euskadiko auzitegi barruko bitartekaritza-eredua: “gatazkak konpontzeko tresna bat da, prozesu judizialaren ordez zein modu osagarrian aldeentzat hobeak diren soluzio adostuetara iristen dela frogatu duena.Gainera, tresna garrantzitsua da baliabide publikoak arrazionalizatzeko. Izan ere, denbora eta kostuak aurrezteak lan-karga kentzen die organo judizialei”.

Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendariaren esanetan, gatazkak bitartekaritzaren bidez ebazteak "protagonismo handiagoa ematen dio biktimari eta gatazka ebazteko prozesua aberasten du, eta, aldi berean, bi aldeei hobeto ulertzen laguntzen zaie.Ez dago zalantzarik sakontasun handiagoa lortzen dela irtenbide adostua lortzean, bai eta arau-hausleak erantzukizuna bere gain hartzea ere, eta horrek, aldi berean eragin positiboa du gizartean”.

Azkenik, adieraziko du “Justizia Administrazioaren kalitatea areagotu egiten da Justizia tradizionala osatzen duen sistema baten bitartez, baina beti eragile juridikoen kontrolpean eta alde guztien eskubideak eta interes publikoa bermatuz”.

EUSKADI, AITZINDARI AUZITEGI BARRUKO BITARTEKARITZAN

Auzitegi barruko bitartekaritzaren arloan duen esperientzia eta ibilbide luzeagatik izango da jardunaldi horietan Eusko Jaurlaritza. Berez, Justiziako zuzendari Manuel Valínek berak bihar azalduko duen moduan, Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan zen Estatuan bitartekaritza-zerbitzuak epaitegietan ezartzen. Lehenengoak 2007an sortu ziren, eta harrezkero hainbeste hazi dira ezen Euskadi Estatuaren buruan jarri da konponbide bila bitartekaritzara bideratutako gatazka judizialen kopuruan: Estatuan konponbide bila bitartekaritza-formulara bideratzen diren 10 kasutatik 6 Euskadin erregistratzen dira. .

Euskadin auzitegi barruko bitartekaritza sendo ezarrita dago esparru penalean eta zibil-familiarrean, eta % 70 inguruko arrakasta du. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu finkatuak ditu dagoeneko justizia penalaren (gazteena eta helduena) eta familiarraren (dibortzioak, zaintzak, etab.) esparruan. 

ESPERIENTZIA PILOTUA

Auzitegi barruko bitartekaritzak gatazkei konponbidea ematean duen arrakasta handia ikusita, Eusko Jaurlaritzak beste esparru judizial batzuetara hedatzearen aldeko apustu irmoa egin du. Eta, alde horretatik, joan den irailean jarri zen abian esperientzia pilotu bat Donostiako Lehen Auzialdiko 2. Epaitegian Gatazkak Konpontzeko Metodo Alternatiboen SIGNUM Notario Fundazioarekin lankidetzan.Era horretara lortu da arrakastaz zabaltzea oraindik ezarri gabe zuten esparru zibileko auziak bitartekaritzara bideratzeko aukera, eta honako gaiekin daude lotuta: 

- Kontratu-betebeharren betetze akastuna edo ez-betetzea.

- Kantitate-erreklamazioak.

- Aseguruak. 

- Oinordetza edo herentziako gatazkak.

- Ezkontzaren araubide ekonomikoa likidatzeko ondare-alderdiak, elikagaiak ahaideen artean.

- Tutoretzen kudeaketa.

- Erantzukizun zibila.

- Kaudimengabeziak.

- Ohore, intimitate eta norbere irudirako eskubidea.

- Higiezinen esparrua (salerosketak, hipotekak, maileguak, errentamenduak, jabetza horizontala, auzo-harremanak, zortasunak, mugaketak eta ondasun-erkidegoak).    

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)