Berriak Osasuna
Eu

Urdulizko Ospitaleak 22.000 pertsona baino gehiago artatu du, ireki zenetik igarotako lehen lau hilabeteetan

2016.eko azaroak 17

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua eta Osakidetzako Zuzendari Nagusia eskualdeko alkateekin bildu dira, zerbitzuak irekitzeko pixkanakako prozesua aurrez aurre azaltzeko; aipatua 2017n bukatuko da 

Bular Minbizia Bahetzeko Unitatea datorren astetik aurrera gehituko zaie Uribe osasun eskualdeko 175.000 bizilagunei iragan uztailaren 7tik eskaintzen zaizkien zerbitzuei 

2017ko lehen hiruhilekoan zabalduko dira Larrialdiak eta Laborategi zerbitzua, printzipioz 2016 urte honen amaierarako aurrikusita zegoena

 

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleak 22.397 pertsona artatu ditu, guztira, 4 hilabete bete direnean ireki zenetik. Horrek esan nahi du 200 pertsona baino gehiago artatu izan direla, batez beste, egunean.

Osasun Sailburu Jon Darponek eta Osakidetzako Zuzendari Nagusi Jon Etxeberriak adierazi dituzte aurreko datuak, Uribe osasun eskualdeko alkateekin gaur goizean egin duten lan-bileran. Bileraren xedea zen, alde batetik, iragan uztailaren 7an hasi zen zerbitzuak irekitzeko pixkanakako prozesua zehaztasun osoz azaltzea aipatu alkateei eta, bestetik, udal agintari gorenen iritzia jasotzea azpiegitura horretan eskaintzen diren zerbitzuen kalitateaz, bai eta beren udalerrietako bizilagunek horietaz duten pertzepzioaz ere.

Iragarpen berri bat jaso dute eskualdeko alkateek lan-bileran zehar: Bular minbizia bahetzeko unitate berria datorren irailaren 21ean irekiko da.Unitate honek, Tomosintesidun mamografo digital bat, zeinaren bidez, bularraren azterketa zehatzagoa egin daitekeen;eta froga osagarriak ahalbidetuko duen Ekografo bat izango ditu. Horien kargu, erradiologo bat eta 2 teknikari egongo dira.

Baliabide berriok Areetan dagoen bahetzeko unitateari gehituko zaizkio, bular minbizia garaiz detektatzeko programa askoz ere eskuragarriagoa bilakatuz  eskualdeko emakumeentzat. Gorliz eta Mungiako emakumeak artatzen hasiko da datorren astean eta, agintarien esanetan, aurrikuspena da Urdulizko ospitaleko Bular Minbizia Bahetzeko Unitate berriak 8.500 emakume inguru artatuko dituela datorren urtean zehar.

Era berean, Osasun arloko agintari gorenek eskaini dituzten datuen arabera, azken hiru hamarkada luzetan Bizkaian abiarazi den ospitale bakarra ireki eta lehen hilabeteotan artatu diren 22.397 kontsulten %60a Kanpo Kontsultei dagokie, espezialite ezberdinetan banatuta, eta %30a, berriz, Erradiologia eta Erresonantzia Magnetikoei.

Kanpo Kontsultetan eskaera gehien jaso duten espezialitateak hauetxek izan dira, hurrenez hurren: Oftalmologia, Traumatologia, Ginekologia eta Obstetrizia, Otorrinolaringologia eta Endokrinologia. Halaber, Erradiodiagnostikoko zerbitzuak 5.762 pertsona artatu ditu (%70aren inguruan, X izpietako frogatan zein ekografia orokorretan, eta gainerakoa,  berriz, TAC-koetan.

Bestalde, Urdulizko Ospitalean instalatu den Osatek-eko erresonantzia magnetikoari esker, 1.131 pertsonari eman zaie arreta hilabeteotan. Prebisioen arabera, gainera, jarduerak goruntz egingo du aurrerantzean, astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez ezarritako txandak hastearekin batera, hilabete honetan bertan.

Lehen lau hilabeteotan zehar, berriz, ondokoa izan da beste espezialitateen jarduera:

Oftalmologia.- 3.027 kontsulta

Traumatologia – 1.635 kontsulta

Ginekologia eta Obstetrizia – 1.284 kontsulta

Otorrinolaringologia – 1.232 kontsulta

Endokrinologia – 1.173 kontsulta

Neurologia – 951 kontsulta

Urologia – 882 kontsulta

Dermatologia – 825 kontsulta

Digestiboa.- 822 kontsulta

Arnasa – 697 kontsulta

Kardiologia – 581 kontsulta

Erreumatologia – 347 kontsulta

Guztira: 13.456 kontsulta

 

Era berean, 429 kontsulta ez-presentzial egin dira, gehienak ere, erradiodiagnostikoari lotuta.

Bestalde, gaixoen jatorriari buruzko datuak ere jarri dira udal agintari gorenen esku. Nabarmentzekoa da, bere garaian aurreikusi izan zen bezalaxe, ospitalera bertaratuko pertsonen erdia baino gehiago Sopela, Berango, Urduliz, Gorliz eta Plentziatik datorrela, beste biztanle guztiak Getxora eta Mungiako anbulatorioko espezialitate horietara joaten baitira.

Osakidetzako buruak lan-bileran zehar adierazi duenez, “aipatu datuak ikusita nabaria da Ospitalea abiaraztearen aldeko apustua egokia izan zela, nahiz eta tamaina honetako azpiegitura batek normalean izango dituen zerbitzu guztiak martxan ez egon oraindik, ospitalea irekitzea onuragarria izan baita honezkero eskualdeko gaixoentzat, etxetik gertuago dagoen zerbitzu bat jasotzen baitute, eta kalitate handiko instalazio berrietan gainera”.

Zentzu horretan, Larrialdiak eta Laborategi zerbitzua, printzipioz 2016 urte honen amaierarako aurrikusita, datorren urteko lehen hiruhilekoan irekiko direla jakinarazi die ere eskualdeko alkateei. Esandakoaren arabera, medikuntza-materialak hornitzeko lehiaketetan egondako atzerapenak izan dira atzerapen horren zioa. Honela, Larrialdiak, Laborategia eta Endoskopia 2017ko lehen hiruhilekoan ireki ostean ondoko zerbitzuak irekiko dira, pixkanaka-pixkanaka: Medikuntza ospitalizazioko zerbitzua, Etxeko ospitalizazioko zerbitzua eta KHA (kirurgia handi anbulatorioa) kirofanoak.

Bilera amaieran, Sailburuak zein Osakidetzako Zuzendaritzak Urdulizko Ospitaleak artatzen dituen udalerrietako alkateei zerbitzuen garapenaren eta irekitzearen inguruan berri ematen jarraitu eta elkarlanari eusteko konpromisoa berretsi dute.

 

Bilbo, 2016ko azaroaren 17a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)