Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

ARABAKO ERRIOXAKO ARDOAREN IBILBIDEAK JASANGARRITASUNAREN ALDEKO APUSTUA EGIN DU BIOSPHERE ZIURTAGIRIAREKIN

2016.eko azaroak 17

Turismo Arduratsuaren Institutuak ematen duen ziurtagiria turismo-industriarako ziurtatzeko programa ospetsuena da

Ardoaren Villa Lucía Erakustokiak hartu du, Guardian, Biosphere Responsable Tourism ziurtagiria eskuratzeko Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen konpromisoaren sinadura, ibilbideak jasangarritasunerantz egin duen beste urrats bat. Turismo Arduratsuaren Institutuak emana, nazioartean ezagumendurik handiena duen turismo-jasangarritasuneko ziurtagiria da. Sinadura Arabako Errioxako Enoturismoaren Komunikazio eta Merkaturatzearen VI. Foroaren inaugurazio-ekitaldian egin da. Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak Euskadi Gastronomikarekin lankidetzan antolatu duen foroa bihar arte luzatuko da, enoturismoari, retail marketinari eta kontsumitzaile berriei buruz gogoeta egiteko.

Turismo-bikaintasunarekin konprometituta, horren lekuko dira lortutako ezagumendu ugariak, besteak beste ‘Espainiako Ardoaren Ibilbideak’ enoturismoko azken sariak, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak jasangarritasunaren aldeko apustua berretsi du Biosphere Responsable Tourism ziurtatzeko programarekin bat eginda. Gaur goizean sinatu dute Turismo Arduratsuaren Institutuarekin ziurtagiri hori eskuratzeko konpromisoa, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Biosphere ziurtagiriaren barruan kokatzen dena eta Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailaren bermea izan duena.

Gaur Guardian inauguratu den Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen Turismo Enogastronomikoaren VI. Foroaren esparruan izan da ekitaldia, eta bertan izan dira Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru-diputatu Cristina González Calvar; Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza; Basquetourreko zuzendari Arantza Madariaga; Turismo Arduratsuaren Institutuko lehendakari Tomás Azcárate; Guardia - Arabako Errioxako kuadrillako lehendakari Joseba Fernández; eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko lehendakari Mª Asun Sáenz de Samaniego.

Akordioa sinatu ondoren, Foroa bere programa garatzen hasi da eta bihar arte arituko dira Ardoaren Villa Lucía Erakustokian, Guardian, enoturismoak aurre egin beharko dien erronka eta desafioak eta etengabe hazten ari den sektore baten joera berriak aztertzen. Hitzaldiak Castro Galiana Informes de Medios aholkularitza-enpresaren fundatzaile Rodolfo Castro Galianaren eskutik hasi dira. Adierazi duenez, xxxx

Ondoren, Kataluniako Turismo Agentziako Marketineko zuzendari Jordi Secallek marketinaren inguruko gaiak izan ditu aztergai ‘Marketin enoturistikoa. Merkatuari buruzko ezagutza sortzeko modu berriak, datu kuantitatiboetatik harago’ hitzaldian.

Saioak aurrera jarraitu du enoturismoko joera berriak xehatu dituen Dinamiza Asesores enpresako zuzendari Manuel Romeroren eskutik.

Enoturismoko, marketineko eta merkaturatzeko aditu ugari bildu direla baliatuta, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak parte-hartzaile guztiei erakutsi dizkie Ibilbideko txoko gastronomikoak ‘Food and Wine corners’ moduan zerbitzatu den otordu baten bitartez. Oso baliagarria izan da bertaratuen artean networkinga ahalbidetzeko.

Arratsaldeko saioan enolantegiak garatuko dira, izaera praktikokoak eta retail marketinean, jarduera arrakastatsuen antolakuntzan eta harrera-agentziekiko lankidetzan zentratuak. Punto de Vista enpresako zuzendari Ainhoa García de Medinabeitia, Yalocatoyo enpresako CEO Álvaro Cerrada, Enoturismoko eta Turismo Gastronomikoko Espainiako Elkarteko lehendakari Cristina Alonso eta Los Cazaventuras eta Riojaalavesaturismo.com proiektuen bazkide fundatzaile José Manuel Calleja izango dira enolantegien arduradun.

Foroak bihar, ostirala, jarraituko du, gazteak, enoturismo-kontsumitzaile berriak, ardatz hartuta, eta mezuak eta jarduketak helburu horretara egokitu beharra aztertuko du. Ildo horretan esku hartuko du Jesus Lizarragak, Mondragon Unibertsitateko web posizionamenduko eta analitikako adituak. Gaia hitzaldi baten bidez sartu ondoren, ‘Gazteak eta ardoa. Begiak irekiaraziko dizkiguten ekimenak’ eztabaida-solasaldia egingo da, jende horri zuzendutako hainbat ekintza aztergai izango dituena, hala nola Enofestival —Madrilgo Musika eta Ardoaren Kulturaren Jaialdia— eta ardoaren eta komikiaren arteko erlazioa ‘Vinómics’ proiektuaren eta ‘Kami no Shizuku’ mangaren bitartez.

Foroko parte-hartzaile guztiei irekitako solasaldi horretan parte hartuko dute Enofestivaleko zuzendari Cristina V. Mirandak; Kataluniako Jatorri Izendapenaren Komunikazio-arduradun Sole G. Inusuak; eta Sommelier Akademiako lehendakari eta nazioarteko sommelier-irakasle Juan Muñozek.

Ekitaldiari amaiera emateko, agur-koktela izango da Luko Royo bikotearen emanaldiarekin, Ardoaren Villa Lucía Erakustokian, hainbat gairi buruzko espazio gastronomikoak dituen erabilera anitzeko establezimenduan, mahastiz inguratuta eta biodibertsitate aberatsean murgilduta. Xehetasun guztiak eskuragarri daude Foroaren webgunean. Han aurkituko duzu Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak ekitaldiari buruz eskaintzen duen informazio guztia.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)