Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Kirolaren VI Biltzarra. "Kirolaren zehar-balioa"

2016.eko azaroak 17
  • Kirolaren arloko 200 profesional inguru elkartuko dira gaur era bihar Hernanin eta Donostian, “Kirolaren zehar-balioa” aztertzeko
  • Cristina Uriartek kirolaren funtzio soziala nabarmendu du: hezkuntzan duen garrantzia, eta integrazio sozialerako egiten duen ekarpena

Euskadiko Kirolaren VI Biltzarrak kirolaren arloko 200 profesional inguru elkartuko ditu bi egunez, gaur eta bihar, batez ere kirol kudeatzaileak, izan enpresa pribatuetakoak, administrazio publikokoak nahiz kirol federazioetakoak. Lau urterik behin antolatzen den Biltzar honen helburu nagusia da, kirolaren sektoreko eragile guztien arteko hausnarketa eta esperientzia nahiz ezagutza-trukea egitea, ikuspuntu ezberdinak elkartzea lagungarri gertatzen baita kirolaren mundu aldakor eta konplexua ulertzeko. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Orona Fundazioaren Hernaniko egoitzan gaur goizez burutu den hasiera ekitaldian parte hartu du.

Biltzarrak, bai Hernaniko Orona Fundazioan bai Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean (ostiral arratsaldez) burutuko diren saioatan, ondorengo hiru ardatz nagusi izango ditu, beti ere kirola eta giza garapena abiapuntutzat hartuta:

Eskola- eta formazio-kirola

Kirol soziala eta gizarte kiroldua

Kirol politikak eta kudeaketa

 

Kirolaren funtzio soziala

Kongresuaren irekiera ekitaldian, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak kirolaren funtzio soziala nabarmendu du: gizartearen osasun maila hobetzeko daukan eraginagatik, hezkuntza arloan duen garrantziagatik, eta gizarte integraziorako egin dezakeen ekarpenagatik.

Kirolak hezkuntzan duen garrantziaz, Uriartek esa du “kirolak, pertsonengan balore sozial positiboak sortaraz ditzake, gazteenengan bereziki, zeharkako gaitasunak garatzearen bidetik: hala nola, pentsamendu kritikoa izateko gaitasuna, ekimenerako gaitasuna, arazoak konpontzekoa, taldean lan egiteko gaitasuna, desberdinarekiko errespetua, edo emaitza txarrak onartzeko gaitasuna, nahi eta espero ez ziren emaitzak barneratzekoa”. Kirolak integrazio sozialerako egiten duen ekarpena ere azpimarratu du. “Gutxiengoen eta talde ahulenen edo kaltetuenen integrazio soziala sustatzeko bidea kirola. Kirolak etorkinen eta hartzen dituen gizartearen arteko harreman positiboak ezartzea errazten du”, azaldu du.

Uriartek gogorarazi du “Eusko Jaurlaritzak kirolaren zeharkako izaera horretan” sinisten duela, eta horregatik bultzatzen duela Mugiment egitasmoa “gizarte aktiboago baten aldeko ekintzak eta politikak bultzatuz. Eta helburu horretan hiru Sail ari gara: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Osasun Saila eta Enplegua eta Gizarte Politika Saila”.

Euskadiko Kirolaren VI Biltzarra honako erakunde hauek antolatzen dute: KAIT-Kirol Arlorako Iritzi Taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Hernaniko Udalak eta UPV/EHUk.

“Kirolaren zehar-balioa”

1996ko lehenengo ediziotik eta lau urtean behin, Euskadiko Kirolaren Biltzarrak euskal kirola osatzen, inguratzen eta/edo baldintzatzen duten eragileak biltzen ditu. Xedea da azken lau urtetan egindakoa aztertzea, agerturiko erronken aurrean egon den erantzuteko gaitasuna baloratzea eta etorkizuneko erronketarako prestatzea.

Kirolak, errendimendurako eta kirol-bikaintasunerako dohain bikainenak dituzten horiek egiten duten agonia-jarduera horrek, onarpen eta hedapen handia lortu du gure gizartean eta, horrenbestez, balio garrantzitsua bilakatu da norbanakoaren zein taldearen garapenerako. Azken hamarkadotan kirolak, gainera, beste arlo batzuetako interesa piztu du: osasuna, ekonomia, gizarte zientziak, ikuskizunen mundua, zuzenbide edo ingurumen zientzien interesa esaterako, eta geroz eta irazkortasun handiagoa ikusi da arlo horietatik egindako ekarpenekiko.

Etorkizunari begira, bide luzea dugu aurrean kirolaren eta aurreko arlo guztien arteko hibridazioari dagokionean. Horrexegatik, lau urtean behineko ekitaldi honekin lortu nahi duguna da gizartearen, biztanleriaren eta kirolari loturiko arlo ezberdinetako profesionaleen interesa piztea, kirolaren balioa, KIROLAREN ZEHAR-BALIOA, egiazki erauztea ahalbidetuko digun zeharkako-jarduketa baten oinarri gisa.

Biltzarra hiru bloke nagusitan banatuta dago. Horietako bakoitzak marko-hitzaldi bat hartuko du barne, bai eta hiruzpalau hitzaldi ere. Era berean, Komunikazio irekiak eta Esperientziak (Jardute-onak eta jardute arrakastatsuak) aurkeztuko dira atal bakoitzean.

 

Ondorengo esteka honetan ikus daiteke Biltzarraren egitarau osoa:

http://www.kait-kirola.org/vi-congreso-del-deporte-en-euskadi-programa/

Biltzar honetako ponentzia, komunikazio eta mahai inguru guztiak bertaratu nahi duten hedabideentzat irekiak izango dira. Informazio gehiagorako, nahiz hizlariren batekin elkarrizketa hitzartzeko: Jesus Rojo 639 40 01 88

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)