Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiren marka turistikoa aurkeztu dute Britainia Handian

2010.eko urriak 20

Pedro Subijana, Martín Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Juan Mari Arzak sukaldariek diseinatu dituzte The Wallace Collection museoan dastatuko dituzten sorkuntza gastronomikoak

Ekitaldia bihar, ostegunean, izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Londreseko Espainiako Turismo Bulegoaren arteko lankidetzaren emaitza da

Bernabé Unda sailburua eta Espainiak Britainia Handian duen enbaxadorea izango dira buru 

Euskadik bihar, ostegunarekin, aurkeztuko du Britainia Handian bere marka turistikoa, 'Euskadi, goza ezazu' lelopean. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda jauna; Espainiak Britainia Handian duen enbaxadore Carles Casajuana jauna; eta Londreseko Espainiako Turismo Bulegoaren zuzendari Ignacio Vasallo jauna izango dira ekitaldiaren buru. The Wallace Collection Museum museoan izango da, bihar, 18:30etik aurrera (Londreseko ordua).

Pedro Subijana, Martín Berasategui, Andoni Luis Aduriz eta Juan Mari Arzak euskal sukaldaritzaren chef ospetsuenek diseinatu dituzte ekitaldian dastatuko diren sorkuntza gastronomikoak eta aipatu ditugun lehen hiru sukaldariak ere bertan izango dira.

Ekitaldian guztira 250 lagun inguru bilduko dira; besteak beste, agintari britainiarrak eta Erresuma Batuko enpresa-arloko eta komunikabideetako ordezkariak. Ekitaldi hori antolatzeko, Eusko Jaurlaritza lankidetzan aritu da Londreseko Espainiako Turismo Bulegoarekin.

Aurkezpen hori kanpaina zabalago baten barnean txertatzen da; hain zuzen ere, Londreseko Harrods erostetxe handietan hilabete honetan (urrian, alegia) Euskadi da protagonista. Erakusleihoetako batean, baita erostetxearen barruan ere, Euskadiren turismo-eskaintza dago ikusgai, eta aurten Donostiako Zinemaldian Julia Roberts aktoreak jaso duen Donostia Saria ere hantxe ikus daiteke.

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritza turismoa garatzeko egiten ari den ekintzak aurkeztuko ditu Bernabé Unda sailburuak; esate baterako, 'lagun-komunitate' handi bat sortu eta Euskadiko enbaxadoreak izendatzeko ekimena (besteak beste, Edurne Pasaban, Martín Berasategui, Modesto Lomba, Miguel de la Quadra-Salcedo, Amaia Montero eta Elías Querejeta izendatu dituzte), edo udan martxan jarritako internet bidezko telebista berria (tveuskadi.net).

Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz izan den urterik onena izaten ari da aurtengoa, turismoari dagokionez: aurreko urtearekin alderatuta, bisitarien kopurua % 13 handitu da. 14 hilabete daramatza etengabeko hazkundean. Gainera, Britainia Handitik datozen turisten kopurua ere inoiz baino handiagoa da Euskadin: 2009. urtean baino % 32 gehiago.

Bisitaldia Harrods-en eta dastaketa

Ostiralean, sailburua Harrods erostetxe handietara joango da goizean eta Euskadi ezagutarazteko standa nahiz erakusleihoa ikusiko ditu; horretaz gain, eraikin horren barruan euskal turismoa sustatzeko beste hainbat toki ere ezagutuko ditu. Kontuan izan behar da Harrodsen zortzi milioi pertsona baino gehiago ibiltzen direla hilean.

Era berean, arratsaldeko 7etatik aurrera, Daily Telegraph egunkariaren egoitzan dastaketa bat izango da. Eusko Jaurlaritzak eta Londreseko Espainiako Turismo Bulegoak antolatu dute dastaketa eta Londreseko egunkariaren egoitzara hurbiltzen direnek Arabako Errioxako ardoak eta zenbait txakolin ere dastatu ahal izango dituzte. Eusko Jaurlaritzaren turismo-arduradunek ere parte hartuko dute ekitaldian.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 20a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernanbé Unda sailburua