Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria buru izan da Felipe VI.a erregearekin Deustuko Komertzialaren mendeurrenean

2016.eko azaroak 16

Urkulluk dei egin dio Gobernu espainiarrari Euskadirekin elkarrizketa instituzionala berrartzera eta autogobernuko elementuetan bost urteko “immobilismo eta atzerapena” gainditzera

Felipe VI.a erregea eta Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan dira gaur Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen mendeurrena oroitzeko ekitaldian. Lehendakaria Eusko Jaurlaritzako beste kide batzuekin izan da, hala nola Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Ángel Toña eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte, eta dei egin dio Gobernu espainiarrari “jarrera-aldaketa” bat egin eta Euskadirekin elkarrizketa instituzionala berrar dezan, nazio anitzeko errealitatearen errespetuan oinarritutako ekonomia- eta lurralde-eredu berriari “adostasunetik” aurre egiteko.

Deustuko Unibertsitateak ekitaldi akademiko bat egin du La Comercial-Deusto Business Schoolen mendeurrena dela eta. Ekitaldiari zentroaren 100 urteen memoria labur batekin eman zaio hasiera, eta barnean hartu ditu Executive Education, School of Business Georgetown University-ko kontseilari Ronald Anton, S.J.-ren hitzaldi nagusia eta José María Guibert errektorearen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Felipe VI.a erregearen hitzaldiak. Ekitaldian izan dira, baita ere, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Gobernu espainiarraren ordezkari Carlos Urquijo, Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementería, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Bizkaiko Batzar Orokorretako lehendakari Ana Otadui eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakari Juan Luis Ibarra, beste agintari batzuen artean.

Lehendakariak gogorarazi du Komertziala aitzindari izan dela Estatuan eremu horretan profesionalak prestatzen eta unibertsitatearen eta enpresaren artean loturak sortzen. Ildo horretan, Urkulluren ustez, Deustuko Unibertsitatea “eredua” da euskal hezkuntza-sistema osoarentzat enpresa-ehunarekin duen harremanean. Beste balio batzuengatik ere nabarmendu du proiektua, hala nola bikaintasun profesionala, konpromiso etikoa, lankidetza, irekitasuna eta aniztasuna, berrikuntza edo ekintzailetza.

Lehendakaria, gainera, Gobernu espainiar berriari zuzendu zaio gaur, eta “jarrera-aldaketa” bat eskatu dio nazio anitzeko errealitatearen errespetuan oinarritutako ekonomia-, gizarte- eta lurralde-eredu berriari “elkarrizketatik eta adostasunetik” aurre egiteko. Urkulluren ustez, bada garaia bost urteko “immobilismo eta atzerapena” gainditzeko euskal autogobernuko oinarrizko elementuetan, hala nola Ekonomia Itunean eta euskal kupoan, “funtsezko” tresnak bere ustez Euskadiko garapen ekonomikorako. Horregatik, dei egin dio Mariano Rajoyren gobernuari Euskadirekin elkarrizketa instituzionala eta akordioa berrartzera.

`KOMERTZIALAREN´ MENDEURRENA

Deustuko Unibertsitate Komertzialak 1916an hartu zuen lehen ikasle taldea, Estatuan Ekonomia Zientzietan lehen gradudunak izango zirenak, titulu hori ofizialki aitortu baino 25 urte lehenago.

Joan den martxoaren 7an hasi ziren ospakizunak ekitaldi instituzional batekin. Gero ikasle zaharren topaketak izan ziren Bilbon eta Donostian eta gero Madrilen ekainean, Deustuko lehen honoris causa doktore emakumearen –Adela Cortina irakaslearen– inbestidura urriaren 20an eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu bat, beste jarduera batzuen artean.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2016.eko azaroak 17

    pues me alegro tanto @iurkullu feliz fin de semana

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)