Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Errenta aktiboari buruzko plan pilotua

2010.eko urriak 20

Errenta aktiboari buruzko plan pilotuak sustatu egingo du diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen lan aktibazioa


 
- Ekainaren amaieran programa abian jarri zenez geroztik, 1.063 espediente izapidetu dira guztira
- Prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen dutenen % 45 emakumeak dira
- Kasuen % 6,9 bakarrik ezin izan da lan-aktibaziora egokitu, hainbat arrazoirengatik

"Errenta Aktiboari buruzko Plan Pilotua apustu berri bat da, orain arteko panorama goitik behera eraldatzen duena; izan ere, horri jarraiki hemendik aurrera erantzukidetasuna funtsezkoa izango da diru-sarrerak bermatzeko gure sistema osoan". Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak horrela aurkeztu du gaur goizean sailak orain hiru hilabete abian jarritako esperientzia. Horren arabera, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek, prestazioa gizarte-zerbitzuen eskutik jaso beharrean, enplegu-zerbitzuen eskutik jasoko dute, eta horrek erraztu egingo die lan-merkatuan sartzea.

Esperientzia martxan egon den lehen hilabeteei buruzko balantzea egin du gaur sailburuak Eusko Legebiltzarraren Gizarte Politika, Lan eta Berdintasunaren Batzordearen aurrean.


Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko Legeak ezartzen duen eskubide bikoitzari jarraiki, pertsonei onartzen zaie, batetik, bizitzaren oinarrizko premiei aurre egiteko beharrezko neurri ekonomikoak jasotzeko eskubidea, eta, bestetik, gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza pertsonalizatuak baliatzeko eskubidea. Azken eskubide hori nahitaez bete behar da, eta prestazioa eta gizarteratzea bereiztezin bihurtzen ditu. Euskadin gutxien daukatenei diru-sarrerak bermatzeko indarrean dagoen sistema Estatu espainoleko garantistena da. Aurten 320 milioi euro jarriko dira guztira sistema hori finantzatzeko. 


Horregatik, behar-beharrezkoa da prestazio ekonomikoa eta gizarteratzeko eta laneratzeko ahaleginak uztartzea, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eskualdatu izana dugu horren erakusgarri. Uztartze hori berme osoekin egin ahal izateko, ezinbestekoa da diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen enplegagarritasun-maila ezagutzea.


Hau da, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eskari hori aztertu behar du, lan-merkatuan nola sar daitekeen jakiteko. Hori ez ezik, orain artean Lanbidek erabilitako orientazio-zerbitzua kolektibo horrentzat baliagarri ote den ere aztertu behar du, baita Euskal Enplegu Zerbitzuak orain artean erabili ohi dituen erremintak kolektiboaren laneratze-maila hobetzeko baliagarri ote diren aztertu ere.

Bestetik, Lanbidek prestazioa kudeatzeko administrazio-sistema korapilatsuaren ardura har dezan, orain artean gizarte-zerbitzuen ardura izan dena, prozedura berri bat ezarri beharko da, autonomoagoa eta erantzukidetasunean oinarritua, eta giza baliabideen premiak ebaluatu beharko dira.

Aurreko sistemaren ahuleziak

Eskakizun horiei erantzun egokia emateko, joan den ekainean Errenta Aktiboari buruzko Plan Pilotua jarri zen abian. "Orain artean ahalegindu gara une larrietan zeuden guztiei prestazio ekonomiko bat ematen, baina hemendik aurrera benetan lanera eta gizartera daitezen ahalegindu behar dugu", nabarmendu du sailburuak bere agerraldian. "Konbentzituta gaude", erantsi du, "diru-sarrerak bermatzeko sistemak babesle izatetik aktibatzaile izatera igaro behar duela, hartara herritar guztiok eduki behar dugun erantzukidetasun-ahalmena garatzeko".

Jaurlaritzak bere gain hartzen du Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenetatik inor ere ez, enplegurako sarbidea eman diezaiokeen prestakuntza-aukera batetik kanpo geratzea; trukean, hartzaileek gizarteratze-kontratua sinatzeko konpromisoa hartu behar dute. Horrek aldaketa handia ekarriko du berekin; izan ere, diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa saturatutako zerbitzu batzuen esku egon da orain artean, gizarte-laguntzaileak lanpetuta ibili direlako hainbat eginkizun betez.


Hala, errenta-kontzeptua eta modus operandia sakonetik aldatzeko, garatu beharreko Plan Pilotuak esperientziaren esku utzi behar zuen errenta aktiboa oro har abian jartzeko zailtasun praktikoen ebaluazioa. "Orain artean garatutako praktikatik zera ondorioztatu dugu, sistemak gehiegi babestu dituela diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzen dutenak, eta horrek, txartzat jo ezin daitekeen arren, prozesua gehiegi luzatzea eragiten zuela" zehaztu du sailburuak.


Gainera, izapidetzea luzeegia izan da, hilabete batetik bi hilabetera bitarte lehen hitzordurako, hiru astetik lau astera bitarte ondorengo hitzordurako, eta 6 hilabetetik 8 hilabetera bitarteko berandutzea kobratzen hasi arte. Eta hori hala izan da gizarte-laguntzailea ez delako soilik diru-sarrerak bermatzeko errentaz arduratzen.


Esperientziak erakutsi du, halaber, gizarte-laguntzaileek denbora gehiegi ematen zutela administrazio soilekoak ziren gauzetan, eta horrek prozesua behar baino gehiago luzarazten zuela. Bestetik, zera egiaztatu genuen, laguntza eskubidetzat hartu bada ere, ez dela aintzat hartu hartzaileari betebeharra eskatzen diola, eta litekeena dela betebehar horien jarraipena eskas gertatu izana.


Diru-sarrerak bermatzeko errentan jarduteko metodo estandarizaturik ez dela erabili ere egiaztatu da, Aldundi eta Udal bakoitzak informatika-sistema eta izapidetze-prozedura desberdina erabili duelako.


Ahulezia horiei aurre egiteko eta erantzun eraginkorra emateko, joan den ekainean Plana abian jarri zen.

Errenta Aktiboari buruzko Planaren ezaugarriak

Lanbidek bulegoak dituen udalerrietan garatzen ari da Plana, Oionen izan ezik, bertako bulegoak oso proiekzio txikia duelako. Elgoibar, Erandio, Amurrio, Agurain, Irun, Portugalete, Lasarte eta Basauri dira udalerri horiek. Zortzi udalerri horietan diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zutenak 4.439 ziren, guztira.
 
Hartzaileen itxaronzerrenda eta udal horietako gizarte-zerbitzuen kontsulta-maila nabarmen murriztu dira, udal horietan Errenta Aktiboari buruzko Plana ezarri zenez geroztik. Horrek esan nahi du oinarrizko gizarte-zerbitzuek berez dagokien zereginetan jardun dezaketela, hau da, hartzaileak gizarteratzeaz eta komunitatera biltzeaz ardura daitezkeela.

Dagoeneko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zuten eta prestazioari loturiko edozein izapide egin behar zutenei dagokienez, gizarte-zerbitzuek eta udalek Lanbideren bulegora bideratu dituzte, eta bertan zerbitzua eskaintzen ari zaie proiektu pilotuak irauten duen bitartean. Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoa da hartzaileen erreferentziazko gunea, eta bertan jasotzen dute banan banako orientazioa, haien enplegagarritasuneko eta etorkizuneko egoera hobetzeko helburuarekin.

Probaldi horretan prestazioa lehen aldiz jasotzen dutenek ia urrats berberak egin behar dituzte. Hau da, eskatzaileek gizarte-zerbitzuetara eta udaletara jotzen dute, eta handik Lanbideren bulegoetara bideratzen dituzte. Bulego horietan, diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzeko espedientea eta "lan-aktibazioko kontratua" bideratu eta izapidetzen zaizkie, enplegu-politikei buruzko plan pertsonalizatuetan sartzeko aukera ematen dietenak. Jakina, beren pentsioa osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pentsiodunak esperientzia pilotu horretatik kanpo geratzen dira, lan-bizitzatik kanpo daudelako.


Ahalegin guztiak egin ditugu proiektu pilotuak irauten duen bitartean LANBIDEren bulegoen esku uzten ditugun zerbitzu eta programen katalogoak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileen lan-aktibazioa ahalbidetzeko behar adinako prestakuntza-, orientazio- eta enplegu-erremintak bil ditzan.

Proiektura bildu diren udalerrietan, Lanbideren egungo langileen prestakuntza-prozesua garatu behar izan da. Gainera, zortzi administrari eta zortzi orientatzaile kontratatu genituen bulegoen egitura indartzeko.

Metodologia eta emaitzak

Batetik, programa bat probatzen ari gara, eta, beraz, programa kudeatzeko prozedurak bateratu behar dira, kontuan hartuta lortu nahi dugula, batetik, izapideak erraztea, eta, bestetik, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko itxarondenbora murriztea. Murrizketa horrek prozeduraren lehen zatiari eragiten dio, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskatzailearen espedientea ebazteko ardura Aldundiena delako, eta plana horretan sartzen ez delako.  

Bestetik, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen enplegagarritasun-maila aztertzeko, eta enplegua lortzeko dituzten aukerak hobetzea ahalbidetuko duten jarrera proaktiboagoak sustatzeko, orientazio-sistema diseinatu edo hobetzeko oinarriak ezarri behar dira. Orientazioko langileen eta hartzaileen artean adostuko diren gizarteratze-hitzarmenek bi alderdien konpromisoa eta konpromiso horren eraginpeko jardun-programa bildu behar dute.


Hasiera batean diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek Lanbiden izena emandako gainerako eskatzaileen tratamendu berbera eduki behar badute ere, guztiontzako zerbitzu unibertsala bultzatu nahi dugula aintzat hartuta, kontuan hartzekoa da diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek, Lanbideren gainerako eskatzaileek ez bezala, gizarteratze-hitzarmen horretan adostutako konpromisoak bete behar dituztela. Ezin dugu alde batera utzi, halaber, diru-sarrerak bermatzeko errenta bizikidetza-unitateari ematen zaiola, eta litekeena dela gizarteratze-hitzarmenak bizikidetza-unitateko kide bat baino gehiago behartzea.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzeko prozesuari hasiera emateko, normalean, eskatzaileak kontsulta egiten du eta hitzordua eskatzen du, eta administrariek lehen aldiz arreta eskaintzen diote; jarraian, administrariek espedientea osatu eta eskatzailea orientatzaileengana bideratzen dute. Azkenik orientatzaileek gizarteratze-hitzarmena sinatzen dute eta horren jarraipena egiten dute.


Esperientzia pilotua abian jarri zenez geroztik irailaren 27ra bitarte, diru-sarrerak bermatzeko errentari lotutako 1.063 espediente izapidetu dira LANBIDEren bulegoetan. Horietatik 446 espedientek (% 42) izapidetze berriekin dute zerikusia, eta gainerako % 58ak (617 espediente), berriz, aldez aurretik irekitako espedienteetan egindako mugimenduekin.


Lehen orientazio-elkarrizketak 56 minutuko iraupena izaten du batez beste, eta ondorengo baimen- eta jarraipen-elkarrizketek, berriz, 49 minutu batez beste, titular edo onuradun bakoitzeko. Datuek aditzera ematen dutenez, prestakuntza-ekintzen bitartez aktibazio-prozesuan dauden pertsonak 215 dira guztira, parte-hartzaileak eta aldez aurretik izena eman dutenak barne. Horietatik 107 ikastaroetan parte hartzen ari dira dagoeneko, eta beste 108 laster hasiko dira.

Dagoeneko abian dauden edo oraindik aldez aurreko izen-emateko fasean dauden ikastaroen prestakuntza-espezialitateak askotarikoak dira, hala nola ofimatika, lorezaintza, iturgintza, merkataritza, haurren arreta, telemarketina eta salmentak, besteak beste.

Askotariko eskaintza horren aurrean, 15 eskatzailek (% 6,9) baino ez dute adierazi ez daudela prest ikastaroa egiteko. Prestakuntza-ikastaroa egiteko prest ez egoteko edo ikastaroa bertan behera uzteko arrazoiak ere askotarikoak dira. Gaixotasuna, interesik eza, egokitzeko zailtasunak, ordutegiak bateragarri egiteko ezintasuna eta abar. Azken horren haritik, Zabaletak honako hau adierazi du: "plana etengabe ebaluatzeko prozesu honetatik, besteak beste, zera ikasi dugu, ahalegin berezi bat egin behar dugula proposatutako prestakuntza-ekintzen baldintzak egokitu eta malgutzeko beren zereginak eta hirugarren pertsonen zaintza bateragarri egin behar dituzten pertsonentzat". 
Prestakuntza-ekintzen bitartez aktibazio-prozesuetan parte hartzen dutenen profilari begiratzen badiogu, gizonak eta emakumeak oso parekatuta daudela ohartzen gara, % 55 eta % 45, hurrenez hurren. 25-44 urte dituztenek osatzen dute adin-talderik handiena, % 79 baitira. 25 urtez azpikoak % 7 dira, eta 45 urtez gorakoak, berriz, % 14.
Enplegurako prestakuntza-ekintzen ia titular edo onuradun guztiek ez dute inolako titulaziorik, eta % 71k ez ditu lehen mailako ikasketak amaitu.

ONDORIOAK

Aztertutako denboraldia laburregia da, eta gure ustez agian udazkenean gerta daiteke zerbitzu-eskari handiena. Nolanahi ere, esperimentuaren lehen hilabeteek aukera eman digute hasierako metodologia aldatzea ekarri duten erabaki batzuk hartzeko.


Hasiera batean, gehiegizko aldaketaren itxura ez emateko, jendearen arretarako sistema gizarte-zerbitzuen sistemaren antzera ezarri bazen ere, prozedura berri bat ezarri da dagoeneko, eta, horren arabera, eskatzaileen autonomia indartzen da, arreta pertsonalizatua eskabidea osatzeko gai ez direnentzat utzita.


Bigarrenik, lan-kargaren adierazleek aditzera eman dute komenigarria litzatekeela proiektuko lau udalerri handienetan -Irun, Portugalete, Basauri eta Erandio- eskabideak izapidetzen diharduten administrarien kopurua bikoiztea.


Enplegagarritasun-maila hobetzeko orientazioak emateko prozesua aurreratu da: orain artean, diru-sarrerak bermatzeko errenta izapidetzeko prozesuaren amaieran hasten zen, eta, hemendik aurrera, eskatzaileak bere premia adierazteko bulegora jotzen duen unean hasiko da. Hortaz, lan-orientazioa hilabete bat baino gehiago aurreratu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta