Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak euskadiko kargu publikoen betebeharrak eta eskubideak jasotzen eta garatzen dituen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2016-11-15)

2016.eko azaroak 15

Erantzukizun publikoko karguak bete dituzten pertsonek baimena eskatu beharko dute kargu publikoa utzi ondorengo bi urteetan enpresa pribatu batean lanpostu bat betetzeko.

Dekretuak kargu publikoaren inguruko pertsonengana eta familiakoengana hedatzen du jarduera pribatuei buruzko kontuak Eusko Jaurlaritzari emateko betebeharra.

Arau berriak jauzi kualitatibo bat ematen du gardentasunaren eta publizitate aktiboaren arloan, Eusko Jaurlaritzaren web-orrian kargu publikoei buruzko informazio berri ugari argitaratzeko betebeharra jasotzen baitu, herritarrek kontsultatu ahal izan dezaten. 

Hemendik aurrera administrazioen eta bere kargu publikoen arteko harremana online bakarrik ezarriko da.  

Gobernu Kontseiluak “Kargu publikoen betebeharrei eta eskubideei buruzko dekretua” onartu du gaur. Testu arautzaile berri honek euskal sektore publikoan kargu publikoak betetzen dituzten pertsonen gardentasuna, efikazia eta dedikazioa sakontzen ditu. Dekretu honen helburua da ahalik eta gehien zehaztea eta argitzea goi-karguak betetzen dituzten pertsonen jarduera publiko eta pribatuek jarraitu behar dituzten jokabideak, zerbitzu publikoa eman aurretik eta ematen duten bitartean, eta orain baita ondoren ere.  

Dekretu hau izango da erreferentziako testua arlo honetan, bertan bateratu, bildu eta garatzen baitira hiru arau ezberdinetan jasotako eskubideak eta betebeharrak:

1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituena

14/1988 Legea, urriaren 18koa, Goi-kargudunen Lansariei buruzkoa

10/2012 Legea, maiatzaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea erreformatzekoa, biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidearen arauketa berria ezartzen duena

JARDUERA AITORPENA

Dekretuaren berrikuntzetako bat da gehitu egin direla kargu publikoek Jarduera Aitorpenari dagokionez izango dituzten betebeharrak. Hemendik aurrera, langile kargu publikodunek beren jarduera pribatuei buruzko informazioa eman behar dutenean, epe zabalagoari eta egoera eta pertsona gehiagori buruzko informazioa eman beharko dute. 

Epeak. Kargu publikodunek izendatu ondorengo hilabete 1eko epean aurkeztu beharko dute Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzuan izendatu aurreko bi urteetako jarduera publiko eta pribatuen aitorpena. Gainera, interes-gatazkarik ez izatearen aitorpena aurkeztu beharko dute, beren familiakoen edo hirugarren pertsonen jarduera pribatuei dagokienez. Ondoren, izaten diren jarduera-aldaketa guztien berri ere eman beharko dute, eta kasu honetan ere egoera aldatzen denetik hilabete bateko epea izango dute.  (17. art.)

Bi urte ondoren. Kargu publikodunaren jarduera pribatuei buruzko betebeharrak kargua utzi ondorengo bi urteetara luzatuko dira. Dekretuak ezartzen du kargu publikoa bete duen pertsonak ordutik aurrera ezin izango duela lan-harremanik edo merkataritza-harremanik hasi kargu publiko gisa garatu duen jarduerarekin harreman zuzena duten enpresa, sozietate edo izaera pribatuko beste edozein erakunderekin.  

Sektore pribatuarentzat lanean hasi aurretik, beraz, Eusko Jaurlaritzari baimena eskatu beharko dio lan-eskaintza bat jaso ondorengo bi egun balioduneko epean. Eskaerarekin batera eskaintzaren kopia bat helaraziko da, eta bertan identifikatuko dira eskaintza egiten duen enpresa, kontratu-mota, iraupena, kategoria profesionala, eginkizunak eta ordainsari finkoak. Alegazioak eskatzeko edo ebazteko 10 egun balioduneko epea izango da. Erabakia gehienez ere hilabete bateko epean emango da, eta ezezkoa izango balitz, Eusko Jaurlaritzak pertsonari berari eta eskaintza egiten duen erakundeari jakinarazi beharko dio. (35 eta 36 art.)

Nahitaezko eszedentzia egoeran, lanpostua gordeta, dauden pertsonek, kargu publikoa betetzen duten denboran ez dute parte hartuko lanpostua gorde dien enpresari edo erakundeari dagozkion gaietan edo erabakietan. Gainera, kargua utzi ondoren eta enpresara itzuli aurretik, ez esku hartzeko edo inhibitzeko betebeharra bete dutela jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute. (37. art.)

Irakaskuntza. Izendatu aurretik irakaskuntzako jardueraren bat hitzemanda dutenek, erakundeari, ordutegiei, lekuari, ordainsariari, eta abarri buruzko xehetasunak jakinarazi beharko dituzte aldez aurreko bateragarritasun-baimenerako. Bestalde, irakaskuntzako dedikazioa berariaz jasoko da Gobernu Kontseiluaren izendapenean. (18. art.)

Kongresu, jardunaldi, mintegi, ikastaro eta hitzaldietako parte-hartzea, ordaindutakoa baina lan-harreman edo zerbitzuak emateko kontratu baten ondorio ez dena, noizbehinkako jardueratzat hartuko da, eta urtean 60 irakastordu gainditzen ez baditu bakarrik baimenduko da. (21. art.)

GARDENTASUNA ETA PUBLIZITATE AKTIBOA

Dekretu honek, gainera, jauzi kualitatiboa ematen du gardentasunaren eta publizitate aktiboaren arloan (51. art.). Eta hemendik aurrera, beraz, erantzukizun publikoko karguak betetzen dituzten pertsonek argi, egituratuta, ulertzeko moduan eta berrerabiltzeko formatuan, jarriko dute Eusko Jaurlaritzaren web atari ofizialeko “Gardena” atalean, www.euskadi.eus, honako informazio hau: 

Profila eta ibilbidea. Kargu publiko bat hartzen duen pertsona batek 15 egun izango ditu web-orrian honako informazio hau jartzeko: informazio akademikoa, edozein administraziotako funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratudun langile finkoa izatea, arlo publikoan edo izendapen politikoko lanpostuetan egindako ibilbidea, arlo pribatuko lan-esperientzia, nahitaezko eszedentzia egoeran dagoen, lanpostua gordeta, erakunde pribatu batean eta kalte-ordainen bat jaso duen inoiz kargu publiko bat utzi izanagatik.

Betebeharren betetze-maila. Eta, gainera, sei hilabetez behin txosten bat igorriko da Legebiltzarrera, eta bertan jasoko dira kargu publikodun bakoitzak egindako arau-hausteak eta eragin dituen zehapenak.

Bateragarritasun-baimena. Kargu publikoa utzi ondorengo bi urteetan jarduera pribatuetan aritzeko nahitaezko baimen hau lortu duten pertsona guztien zerrenda argitaratuko da.

Ondasunak eta ondare-eskubideak.  PFEZren aitorpeneko zerga-oinarriak argitaratuko dira eta, hala badagokio, kargu publikodun guztien ondare-aitorpena.

Abstentzioa edo inhibizioa. Interes-gatazka konprometitu dezaketen gaietan abstenitu edo inhibitu diren kargu publikodunen zerrenda osoa jarriko da, bai eta horretarako izandako arrazoia ere.

Kargu-uzte edo kaleratzea. Online egongo da eskuragarri honako kargu publikodun hauen zerrenda: zerbitzua emateko kontratua amaitu delako kalte-ordaina jaso dutenena, eguna eta zenbatekoa zehaztuta; kargua utzi ondorengo bi urteetan jarduera pribatuetan aritzeko bateragarritasun-baimena ukatu zaielako konpentsazio-ordaina jaso dutenen zerrenda; kargu publikoa amaitzean dagokion kalte-ordainari uko egin dioten eta biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea aitortuta duten pertsonen zerrenda.

Lan-kontratupeko langile publikoak. Kargu publikodunek izenpetutako goi-zuzendaritzako lan-kontratuak ere argitaratuko dira.

HARREMANA ONLINE BAKARRIK 

Gaur onartu den dekretuak behin betiko bultzada ematen dio administrazioen eta kargu publikodunen arteko harremanetan papera baztertu eta baliabide elektronikoak bakarrik erabiltzeari, eta hemendik aurrera, beraz, harreman hori online bakarrik ezarriko da (50. art.)

Kargu publikodunek baimena eman ahal izango dute Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzuak beste administrazio batzuen, esate baterako, zerga-administrazioaren edo Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen, informaziora sarbidea izan dezan, eta hemendik aurrera, beraz, ez da beharrezkoa izango hasieran eta urtero errenta-aitorpena eta ondare-aitorpena aurkeztea. Baimena kargua utzi ondorengo bi urteetara arte izango da baliokoa. 

Prozedura elektroniko bat ezarriko da goi-karguek Jaurlaritzaren web-orriaren bitartez (www.euskadi.eus) egin ditzaten tramite eta adierazpen guztiak: aitorpenak, bateragarritasun-eskaerak, abstentzio edo inhibizio jakinarazpena, Kode Etikoarekiko eta Jokabide Kodearekiko atxikipena, etab.  

APLIKAZIO ESPARRUA

Kargu Publikoen Katalogoan jasota dauden pertsona guztiei aplikatuko zaie. Katalogoa Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzuak kudeatuko du, beti eguneratuta egongo da eta honako hauen izenak jasoko ditu.  

  • Gobernu kideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunak. 
  • Euskal Autonomia Erkidegoko behin-behineko langileak, zuzendari mailakoak edo goragokoak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten zuzendariak.
  • Arartekoa eta Arartekoaren ondokoa.
  • Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak eta idazkari nagusia. 
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko eta Lan Harremanen Kontseiluko buruak eta idazkari nagusiak. 
  • Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria
  • Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko eta Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoko kideak.
  • Autonomia Erkidegoaren edo Eusko Legebiltzarraren zerbitzura dagoen eta kargu publikoari parekatuta dagoen beste edozein pertsona.  
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko