Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Unibasq-ek indartu egingo du nazioarteko lana, ENQA-ko, Europako goi mailako hezkuntzan kalitate estandarrak bultzatzen dituen elkarteko Batzorde Betearazleko kide bilakatuz

2016.eko azaroak 14
  • Eva Ferreira, Unibasq-eko zuzendaria, Goi mailako Hezkuntzan Kalitatea Ziurtatzeko Europako Elkartearen (ENQA) Zuzendaritza Taldean sartu da
  • Gaur Bilbon Gobernu Kontseiluaren bilera egin duen UNIBASQek lankidetza akordioak sinatu ditu Frantziako eta Alemaniako ebaluazio agentziekin, bere eta Euskadiko unibertsitateen nazioarteko proiekzioa indartuz
  • Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 2017rako akreditazio deialdia onetsi du, irakasleen auto-ebaluazioa errazten duen eta Aholkularitza Batzordeak onetsi duen protokoloarekin

Bilbo, 2016ko azaroak 14.- Unibasq, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, ENQAren, Goi mailako Hezkuntzan Kalitaterako Irizpideetan eta Jarraibideetan ezarritakoa betetzen duten agentziak elkartzen dituen erakundearen, Zuzendaritza Taldean sartu da. Hori, 2004an sortu zenetik euskal agentziaren ibilbidean izandako gertakari garrantzitsuenetakoa da, unibertsitate mailako ebaluazioari eta akreditazioari dagozkion ildo nagusiak eta prozesu estrategikoak kontinente mailan erabakitzen diren organo betearazlearen parte izatea eragiten baitu.

Eva Ferreira, Unibasq-eko zuzendaria, European Association for Quality Assurance in Higher Education (ENQA, Goi mailako Hezkuntzan Kalitatea Ziurtatzeko Europako Elkartea), izenekoaren Board-eko edo kontseilu betearazleko bederatzi kideetako bat da joan den urriaren 21etik, Irlandako, Belgikako, Frantziako, Herbehereetako, Norvegiako, Hungariako eta Lituaniako ordezkariekin batera.

Eva Ferreira, Matematiketan lizentziatua, Probabilitatean eta Estatistikan masterra New York Universityn (NYU) eta Ekonomia doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, eta ibilbide luzea du irakasle eta ikerlari gisa, esperientzia gehigarri zabalarekin unibertsitate alorreko kudeaketan.

Bere izendapena, urriaren 20an eta 21ean Gloucesterren egindako ENQAren Batzar Nagusian berretsi zen. Unibasq-eko zuzendariak, gutxienez hiru urtekoa izango den eta beste hiru urtez luza daitekeen epean beteko du kargua, 26 herrialdetako 445 agentzia elkartzen dituen erakundearen organo betearazle gorenean. Herrialde horien artean Europar Batasuneko kideak zein kanpokoak (Kosovo, Norvegia, Errusia, Serbia, Suitza eta Vatikanoa) daude.

Nazioarteko hitzarmenak

Unibasq-ek gaur arratsaldean egin du Bilbon bere Gobernu Kontseiluaren bilera, Cristina Uriarte jarduneko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua bertan zela. Gobernu Kontseilua, aipatutako Sailburuaz gain, Euskadiko Unibertsitateetako hiru errektoreek, Unibasq-eko zuzendariak, Unibertsitate sailburuordeak, unibertsitate munduan ospe handia duten beste zazpi pertsonak eta ikasle batek osatu dute.

Bileran, Frantziako HCERES eta CTI agentziekin lankidetzan aritzeko hitzarmenak onetsi dira, AQAS alemanarekin indarrean dagoenari gehituz. Akordio horiek, ebaluazioaren alorreko adituen trukaketara eta hiru herrialdeen arteko unibertsitate mailako harremanetan truke gehiago izatera bideratzen dira. Azpimarratzekoa da onetsitako hitzarmenek Frantziako goi hezkuntza mailako erakunde guztiekin lankidetza erraztea ekarriko dutela, HCERES eta CTI direlako Frantzian dauden ebaluazio agentzia bakarrak. Horrela, indartu egingo dira goi mailako hezkuntzako Frantziako ikastetxeekin ditugun harremanak. Dagoeneko badaude elkarlanerako harremanak ikastetxe horiekin, gurekin mugan dauden Akitaniakoekin, batez ere. AQAS agentziari dagokionez, Alemanian dauden zortzi agentzietako bat da. Egoitza Colonian (Westfalia), herrialdeko laugarren hiri garrantzitsuenean, du.

Europa mailako ekimen horiekin batera, Unibasq-ek hainbat harreman izan ditu azken hilabeteetan Dominikar Errepublika eta Guatemala bezalako Ertamerikako goi mailako hezkuntzako unibertsitateekin eta arduradunekin.

Beste deialdi bat ikerketan arituko diren irakasleentzat

Beste alde batetik, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Gobernu Kontseiluak, unibertsitate publikoetako eta pribatuetako irakasleen lan figurak akreditatzeko beste deialdi bat zabaltzea erabaki du. Berrikuntza gisa, ebaluazioa, Aholkularitza Batzordeak onetsi duen protokolo eguneratuarekin egingo da. Protokolo horrek, irakasleen auto-ebaluazio errazerako aukera emanez garatzen ditu irizpideak. 

Unibasq-i buruz

Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemako kalitate agentzia da, unibertsitateen alorrean eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailaren esku dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, bere jarduketak independenteak diren arren. Euskadiko hiru unibertsitateen – UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea– hobekuntzaren alde egiten du lan batez ere, baina bere jarduketa eremua zabalagoa da, goi mailako hezkuntzako beste irakaskuntza erakunde batzuek ere bere zerbitzuak eska ditzaketelako, baita beste herrialde batzuetakoek ere.

Unibertsitate bateko funtzionamendu egokia, titulazioak eta irakasleen prestakuntza egokia bermatuko duten kalitate bereizgarriak ematen ari diren pertsona adituek lan egiten duten erakundea da. Bere egitekoa, era independentean eta objektiboan, prestakuntza tituluei edo programei, unibertsitate zentroei edo erakundeei eta irakasleei aholkularitza, ebaluazio eta akreditazio zerbitzuak ematea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eva Ferreira, Unibasq-en zuzendaria