Berriak Segurtasuna
Eu

Miguel Echaguibel hogeita hamaseiko azken ertzaña hil da

2016.eko azaroak 14

Promozio aitzindari hura osatu zuten agenteetako azkena hil da gaur Arrasaten

Miguel Echaguibel, 1936ko Ertzaña osatu zuten agenteetako azkena, hil da gaur Arrasaten, bere jaioterrian, 97 urte zituela. Joan den apirilean euskal gizartearen omenaldia jaso zuen Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldi batean. Ekitaldia Arrasateko Udaletxean egin zen. Lehendakariak Echaguibeli eskertu zion "Ertzaña hark ereindako hazia eta emandako eredua", eta adierazi zuen "gure herriaren alde egin zuten zerbitzuaren legatua babesteko konpromisoa hartu zuela gaur egungo Eusko Jaurlaritzak."

 

Miguel Echaguibel gaur goizaldean hil da Arrasaten. Berarekin desagertu da 1936ko ?Ertzañaren? azken ordezkaria, hau da, gaur egungo Ertzaintzaren aurrekariaren azken ordezkaria. Armada frankistaren bultzadak behartuta, Bizkaian errefuxiatu behar izan zuen Miguelek, eta bertan sartu zen ?Ertzañan?, hau da, Eusko Jaurlaritzak ordena publikoari eusteko sortu berri zuen polizian. Getxon izan zuen destinoa eta gero Bilbaon, Bizkaia osoa frankisten esku geratu zen arte.

Joan den apirileko omenaldian, Miguelek etxekoen eta hurbilekoen  babesa izan zuen. Ekitaldia Arrasateko Udaletxearen aretoan egin zen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Lehendakariarekin batera izan ziren Arrasateko alkate María Ubarretxena, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, udal-hautetsiak, Segurtasun Saileko kargudunak eta Ertzaintzaren buruak.

Ekitaldiari ohorezko aurreskuarekin eman zitzaion hasiera, eta, gero, Migueli hogeita hamaseiko ?Ertzañaren? oroimeneko koadro bat eta gaur egungo Ertzaintzaren txapela bat eman zitzaizkion. Alkatearen eta lehendakariaren esker oneko hitzak etorri ziren gero. Lehendakariak euskal gizartearen aintzatespena helarazi zion Echeguibeli, hogeita hamaseiko ?Ertzañaren? ordezkari zen aldetik, eta gaur egungo Ertzaintzaren esker onak helarazi zizkion, ereindako haziagatik eta emandako ereduagatik, eta aditzera eman zuen gure herriaren alde egin zuten zerbitzuaren legatua gordetzeko konpromisoa zuela gaur egungo Eusko Jaurlaritzak.

Omenaldiari amaiera emateko, hogeita hamaseiko ?Ertzañaren? irudiak eta egun haietako oroimenak jasotzen zituen Echeguibelen beraren lekukotza tartekatzen zituen bideoa proiektatu zuten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko