Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko kargu publikoen betebeharrak eta eskubideak jasotzen eta garatzen dituen dekretua onartu du

2016.eko azaroak 15

Erkorekak “berri ontzat” hartu du Ertzaintzaren hautatze-prozesuetan 35 urteko muga bermatzen duen ebazpen judiziala

Gobernu Kontseiluak Kargu publikoen betebeharrei eta eskubideei buruzko dekretua onartu du gaur. Testu arautzaile berri honek euskal sektore publikoan kargu publikoak betetzen dituzten pertsonen gardentasuna, efikazia eta dedikazioa sakontzen ditu. Dekretu honen helburua da ahalik eta gehien zehaztea eta argitzea goi-karguak betetzen dituzten pertsonen jarduera publiko eta pribatuek jarraitu behar dituzten jokabideak, zerbitzu publikoa eman aurretik eta ematen duten bitartean, eta orain baita ondoren ere.   

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak azaldu duenez, Dekretuaren berrikuntzetako bat da gehitu egin direla kargu publikoek Jarduera Aitorpenari dagokionez izango dituzten betebeharrak. Hemendik aurrera, langile kargu publikodunek beren jarduera pribatuei buruzko informazioa eman behar dutenean, epe zabalagoari eta egoera eta pertsona gehiagori buruzko informazioa eman beharko dute.  

Dekretu honek, gainera, jauzi kualitatiboa ematen du gardentasunaren eta publizitate aktiboaren arloan. Hemendik aurrera, beraz, erantzukizun publikoko karguak betetzen dituzten pertsonek argi, egituratuta, ulertzeko moduan eta berrerabiltzeko formatuan, jarriko dute Eusko Jaurlaritzaren web atari ofizialeko “Gardena” atalean, www.euskadi.eus, honako informazio hau: profila eta ibilbidea, betebeharren betetze-maila, bateragarritasun-baimena, ondasunak eta ondare-eskubideak, abstentzioa eta inhibizioa, kargu-uzte edo kaleratzea eta lan-kontratupeko langile publikoak.

Dekretu honen bidez ezartzen da baita ere ere papera baztertu egiten dela administrazioaren eta bertako goi-karguen arteko harremanetarako, eta baliabide elektronikoak soilik erabiliko direla.

PROTOKOLOA HEZKUNTZAN

Bestalde, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak protokolo berri baten berri eman dio Gobernu Kontseiluari: Hezkuntza-esparruan haur eta nerabeek jasan ditzaketen babesgabetasun-egoerak eta tratu txarrak, abusua eta sexu-jazarpena prebenitzeko eta egoera horietan jarduteko Protokoloa. Hezkuntza-esparruaren eta adingabeen babesean esku hartzen duten eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa xede duen protokolo bat da.

Uriartek azaldu duenez, beharrezko gertatzen da adingabeekin profesionalki esku hartzen duten pertsona guztiek egoera horiek antzemateko eta modurik egoki, bizkor eta eraginkorrenean jarduteko jarraibideak izatea, horrela lortuko baitute haien osotasuna eta duintasuna bete-betean babestea eta defendatzea.

ERTZAINTZA 35 URTE

Hedabideen galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak “berri ontzat” hartu du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpena, Ertzaintzaren hautatze-prozesuetan 35 urteko muga bermatzen duena, eta horrela arrazoia ematen dio euskal gobernuaren tesiari. Erkorekak azaldu du ebazpenak Ertzaintzaren bi promoziotan duela eragina, eta ebazpenak plantillaren plangintza arrazional eta eraginkor bati heltzeko aukera emango duela ziurtatzen du, “dagoeneko planteatuta dauzkaten langile-premiekin bat etorrita”.

Hurrengo Presidente Autonomikoen Batzarrari eta Eusko Jaurlaritzak hartan duen partaidetzari buruz, Erkorekak gogorarazi du “euskal autogobernuaren berezitasuna” ikusirik, euskal gobernuaren eta espainiarraren artean elkarren arteko harremanak lantzeko foro aproposak “ aldebikoa eta ez aldeaniztuna” izan behar duela. Hortaz, bere ustez, lehentasunezkoa da Iñigo Urkullu lehendakariak eta Mariano Rajoy presidente espainiarrak 2014tik “hautsitako” harremanei berriz heltzea.

ALTSASU

Halaber, Erkorekak Altsasuko gertaeren harira atzo izandako atxiloketak ere izan ditu mintzagai. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako herrian joan den urriaren 16an gertatua lehenbailehen argitzearen alde agertu denak, “larritzat” jo du eta bere “harridura” adierazi du Guardia Zibilak zein Barne Arazoetako Ministerioak ustezko gorroto-delitu batzuez hitz egin baitzuten hasieran, eta hilabete geroago terrorismo-delitua izateko aukera dela uste baitu.

2016-11-15 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)