Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak prest jarri ditu bere ekintza-baliabideak atentatu terroristaren simulakro batean

2016.eko azaroak 11

Gaur goizean egin dute Artxandako jolas-parke zaharraren instalazioetan

Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoan izan litekeen atentatu terrorista baten aurrean esku hartuko luketen baliabideak aktibatu ditu gaur. Islamismo erradikalak gure inguruan azken urteetan egin dituen atentatuen analisia oinarri hartuta, simulakroak poliziako eta larrialdietako beste zerbitzu batzuetako kide ugari mobilizatu ditu, Artxandako jolas-parkearen instalazioetan biktimak eragingo zituzkeen atentatu hipotetiko baten aurrean jarduteko hedatuak. Islamismo Erradikalaren aurkako Ertzaintzaren Plan Estrategikoan aintzat hartzen den protokoloa aktibatzea dakar ariketak.

Gaur goizeko bederatzietan hasita, atentatu terrorista baten aurrean esku hartuko luketen poliziaren eta larrialdietako zerbitzuen hainbat baliabide aktibatu dituen ariketa praktiko bat jarri dute abian. Simulatutako kasuak, terrorismo jihadistak burututako ekintzen ezaugarri nagusietako batzuk erreproduzituta, zibilen kontrako atentatu hipotetiko bat eta horren ondorengo pertsona talde baten bahiketa aintzat hartu ditu.

Erasoari erantzuteko, Ertzaintzaren hainbat unitatetako agente ugari mobilizatu eta hedatu dituzte (Esku Hartzeko Unitatea, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea, Brigada Mugikorraren Unitatea, Zaintza eta Erreskate Unitatea eta abar), eraginpeko eta inguruetako udalerrietan segurtasunaz arduratzen diren ertzain-etxeetako herritarren babeserako patruilekin koordinatuta. Simulakroaren hasieran aktibatu duten eta Erandioko Egoitza Nagusiaren instalazioetan kokatuta zegoen krisialdiko mahai batetik eta ariketaren lekuan bertan instalatutako aginte-postu aurreratu batetik zuzendu dute operatibo osoa.

Simulakroaren funtsezko premisa une oro ahalik eta ingurune errealistenean mugitzea izan da. Horretarako, ekimena ezkutuan izan dute abian jarri duten unea arte eta, horrenbestez, parte hartu duten unitateek egoera erreal batean egingo luketen bezalaxe esku hartu dute. 

Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoa

Islamismo Erradikalaren aurkako Ertzaintzaren Plan Estrategikoa Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean 2015eko irailaren 23an. Bost arrisku-maila aintzat hartzen dituen planak funtsezko lau zutabe hartzen ditu oinarri: aurrea hartzea, babestea, esestea eta erantzutea, terrorismoaren mehatxuari alderdi guztietan erantzun globala, osoa eta proportziozkoa emateko azken helburuarekin.

Gaur Artxandan garatu duten ariketa erantzuteari dagokion laugarren zutabean kokatzen da, atentatu baten aurrean eraginkortasunez jarduteko eta izan daitezkeen biktimei laguntza egokia emateko helburua erdiesteko asmoz.

Sailburuak azaldu zuen moduan, Plan Estrategikoa terrorismo islamistaren gorakadak gure inguruan sortu duen egoera berriari erantzuteko sortu da, fenomeno terroristari jatorritik aurre egiteko, helburu izan litezkeenen babesa hobetzeko, talde terroristak ikertzeko eta indargabetzeko gaitasunak areagotzeko eta eraso terrorista hipotetiko baten ondorioak kudeatzeko mekanismoak hobetzeko.

Horretarako, sailburuak azaldu zuenez, Ertzaintzak barne-instrukzio berri bat garatu du, 79.a. Instrukzio berri horrek terrorismoaren aurka borrokatzeko mekanismoak egungo egoerara egokitzen ditu, jarduteko protokolo eta prozedura guztiak ekintza-aginduetan hedatuta, arrisku maila eta egoera bakoitzean eraginkorragoak izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko