Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak «Kirol ikuskizunak, indarkeriak eta genero ikuspegia» jardunaldia antolatu du

2016-11-11

Emakundek sustatutako Berdintasunerako XIII. Gunearen barruan

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak «Kirol ikuskizunak, indarkeriak eta genero ikuspegia» jardunaldia antolatu du datorren azaroaren 22rako, Bilbon, kirol ikuskizunei, hauetan ematen diren indarkeriaren forma ezberdinei eta aurre egiteko moduei buruz hausnartzeko asmoz, genero ikuspegia ardatz hartuta. Emakundek sustatuko Berdintasunerako XIII. Gunearen barruan kokatzen da jardunaldia, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planaren eta Segurtasun Sailaren 2014-2016 aldirako Berdintasun Programaren esparruan.

 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak emango dio hasiera jardunaldiari eta jarraian, gaian adituak diren pertsonekin batera hainbat gai jorratuko dira: kirola, indarkeria eta berdintasuna baloreen ikuspegitik, maskulinotasun hegemonikoaren eraikuntza kirolaren bidez, identitate anitzen kontrako indarkeriak eta emakumeen kontrako indarkeria kirol ikuskizunetan.

Jardunaldia azaroaren 22an izango da Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan (Kale Nagusia, 85), goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu bietara bitartean. Sailburuak jardunaldia inauguratu ostean, Mondragon Unibertsitateko irakasle Amelia Barquinek eta Izaskun Uribesalgok beren hitzaldiari hasiera emango diote. Kirola, indarkeria eta berdintasunari buruzko gogoeta egitea proposatuko digute baloreen ikuspegitik.

Ondoren, Xabier Odriozola antropologoak eta berdintasunaren aldeko gizon taldeen sustatzaileak, kirolean indarkeria erabiltzeak duen zilegitasuna eta maskulinotasun hegemonikoaren eredua zalantzan jartzeaz eta eredu berriez arituko da.  Jarraian, Ainhoa Azurmendi kirol aholkulari eta generoan adituak kirol ikuskizunetan emakumeen kontra eragiten diren indarkeria era desberdinei buruz mintzatuko da.

Jardunaldia amaitzeko, kirol ikuskizunen eta indarkeriaren artean maiz ematen diren loturak desegiten eta horretarako konponbideak proposatzen jardungo dute kirol arloko hainbat eragilek. Mahai inguruan parte hartuko dute Athletic Klubeko zuzendaritzako kide Silvia Murielek, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunetako zuzendari Aitor Uriartek, Athletic Alde Zaharra Peñako presidente Inmaculada Legarretak, saskibaloiko epaile ohi Nekane Riobók eta Berriako kazetari Maite Asensiok. Bideratzaile lanetan, berriz, Dorleta Ugalde kirol teknikaria arituko da.

Jardunaldiari Segurtasun Saileko sailburuorde Josu Zubiagak emango dio amaiera.

Inskripzioak

Jardunaldian parte hartu nahi dutenek esteka honen bitartez eman dezakete izena (azaroaren 17a baino lehenago):

http://segurtasunsaila.encuesta.euskadi.net/index.php/891754/lang-eu

Plaza kopurua mugatua da, beraz, gomendagarria da izen-ematea ez atzeratzea.

Iruzkin bat
  • @kirolhezitzaile
    2016-11-22

    Comentario de Twitter:
    Adituko koordinatzaileak Bilbon dauzkagu "kirol ikuskizunak,indarkeria eta genero ikuspegia" jardunaldian: https://t.co/RCxKYC5OYP #kirola

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko