Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak Espainiako Gobernuaren “pertsekuzioa eta obsesioa” salatu ditu beste errekurtso bat jarri duela jakin ondoren

2016.eko azaroak 11

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileari elkarrizketa egin diote gaur Onda Vascan

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak gaur jakinarazi du beste errekurtso bat jarri duela Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren beste erabaki baten aurka, oraingoan kontratazio publikoaren araubidea ezartzeko euskal dekretuaren aurka.  Erkorekak Mariano Rajoyren kabinetearen “pertsekuzioa eta obsesioa" salatu ditu gaur, eta "desadostasunak errotik mozteko gurpil bat” jarri duela abian esan du. Erkorekaren esanetan jarrera hori “benetan kezkagarria" da, kontuan hartuta une hauetan inondik inora ez dela ikusten jarrera horretan atzera egiteko inolako borondaterik Espainiako Gobernuaren aldetik.   

Onda Vascan egin dioten elkarrizketan esan du gaur bertan jakinarazi dietela beste errekurtso bat jarri duela Estatuko Administrazioak EHJANren aurrean, administrazioarekiko auzibidean, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren, EAEko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzekoa denaren, aurka. “Ustekabe” honen aurrean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du kezkatuta dagoela Espainiako Exekutiboak Euskadiko gobernu-ekintzarekin duen “pertsekuzio eta obsesio” honen aurrean. “Benetan kezkagarria da. Jardunean egon ziren denbora guztian ez ziren gelditu ere egin, eta orain seguru sentitzen direnean ere ez dira geldituko”, esan du Erkorekak.

Jaurlaritzaren bozeramaileak ziurtatu du Estatuko abokatu ”ostea” ari dela Euskadiko erakundeen ekintza politikoa eta arau-ekoizpena aztertzen dagokion errekurtsoa jarri eta autonomia-erkidegoei beren autonomia politikoa baliatzen ez uzteko. “Horrek argi uzten du Estatuko botereak gurpil bat jarri duela martxan sortzen diren arauak zorrotz kontrolatzeko eta Estatuaren adierabakarreko planteamenduekiko desadostasun oro errotik mozteko”, erantsi du bozeramaileak, eta, ikusitakoa ikusita, planteatu du “neurriak” hartu beharko direla Estatuko erakundeen egitura burokratikoan abian jarritako hainbat tresna "desmuntatzeko". Alde horretatik, ez du ikusten atzera egiteko borondaterik PPren eta Espainiako Gobernuaren aldetik.

Euskadin gobernagarritasun-akordio batera iristeko negoziazioak zertan diren ere galdetu diote Erkorekari, inbestidura azaroaren 23an eta 24an egingo dela atzo jakin ondoren. Esan du bere ustez oraindik badagoela negoziaziorako tartea, eta ziur dagoela jakingo dela "denbora aprobetxatzen" euskal gizartearentzat akordio positibo bat lortzeko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)