Berriak
Eu

Giza eskubideen eta hezkuntza arloko eragileak, Aieteko Pedagogia Baliabideen Zentro berriaz eztabaidatzen

2016.eko azaroak 11
  • Beren ekarpenek datorren urtean abiaraziko den zentro horren behin betiko proiektua osatuko dute.
  • Zentroaren jarduera urtebeteko maiztasuna izango duten bi ekitaldiren antolakuntzan oinarrituko da:Giza Eskubideen Aldeko Pedagogia-baliabideen Tokiko Azoka bat eta Nazioarteko Mintegi bat.

Giza eskubideen eta hezkuntza arloko eragileak Aieteko Pedagogia Baliabideen Zentro berriaz eztabaidatu dute gaur, erakunde-agintari ezberdinekin batera. Topaketaren xedea izan da ekimena -iragan udan aurkeztua izan zena- eragileen artean ezagutaraztea, bai eta beren ekarpenak jasotzea ere, datorren urtean D2016 Kultur Hiriburutzaren legatu gisa abiaraziko den behin betiko proiektua osatzeko.

Saioa, gaur goizean Gipuzkoako hiriburuko Aiete Jauregiko Bakearen Etxean egin den lan-jardunaldiaren baitan egin da. Bertan, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok, Donostiako Alkate Eneko Goiak eta Bake eta Bizikidetza Idazkari Nagusi Jonan Fernandezek erakunde-ekimen honen lan-plangintza aurkeztu diete bertaratuei.

Hiru agintariek gogoratu dutenez, Aieteko giza eskubideen aldeko pedagogia baliabideen zentroaren egitekoa izango da "giza eskubideen inguruan hezteko erreminta bereziak "biltzea, sortzea eta hedatzea": filmak, dokumentalak, testuak, antzerki edo literatura lanak, etab. Proiektu honen jatorria aipatu hiri erakundeek D2016 Kultur Hiriburutzaren lan-markoaren baitan garatu duten lankidetza-lana izan da.

Nazioarteko ikuspegia

Jardunaldiak, halaber, New Yorkeko Columbia Unibertsitateko irakasle eta HREA (Human Rights Education Associates) erakundeko fundatzailekide eta aholkulari Felisa Tibbittsen hitzaldi bat hartu du barne. Bere izenburua, ondokoa: Giza Eskubideetan Hezteko Pedagogia eta Praktikak. Tibbittsek, halaber, erakunde ezberdinekin lan egiten du: UNICEF, UNESCO, OSCE, Europako Kontseilua edo Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoarekin, besteak beste. Azken erakunde horrek, hain zuzen ere, pedagogia-baliabideetan zehazki oinarrituriko erakunde ezberdinen arteko lankidetza-marko bat sustatzeko asmoa iragarri du.

Pieza osagarria

Zentroa Euskadin dagoeneko martxan dauden beste azpiegitura batzuen (GOGORA eta antzeko oroimenezko erakundeak) pieza osagarria izango da. Zentroak bizikidetzaren etorkizunean jarriko du bere arreta, giza baliabideen inguruko hezkuntzaren ikuspegitik.

Zentro honen jarduera urtebeteko maiztasuna izango duten bi ekitaldiren antolakuntzan oinarrituko da. Hauek, zentroaren jarduera bultzatu eta bere lan-programa egituratu eta dinamizatuko lukete: lehena, Giza Eskubideen Aldeko Pedagogia-baliabideen Tokiko Azoka bat; bigarrena, Nazioarteko Mintegi bat.

Azoka. Giza Eskubideen Aldeko Pedagogia-baliabideen Tokiko Azokaren xedea da hemendik sortzea. Horretarako, pedagogia-baliabideen berezko sorkuntza sustatuko du. Azoka material eta baliabideen erakusleiho eta topagune moduan antolatuko da eta Giza Eskubideen Zinemaldia bezalako beste ekimen batzuei lotuta egon liteke.

Nazioarteko Mintegia. Nazioarteko Mintegiaren xedea da kanpoan egiten dena biltzea.  Helburua izango da giza eskubideei dagokienean mundu osoan garatzen diren pedagogia- eta partaidetza-esperientziak eta baliabideak aurkeztea eta erakustea, urtetik urtera.

Proiektuak, ondorioz, dimentsio bikoitz hori dauka: barnekoa, alde batetik, giza eskubideen arloko pedagogia-baliabideen sorkuntza sustatuz; eta, bestetik, kanpoko pedagogia-esperientzia onenak erakarriko ditu. Guzti hori, hedatzearekin osatua. Horrenbestez, hiru dira gakoak: sortzea, biltzea eta hedatzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Markel Olano, Eneko Goia