Berriak Osasuna
Eu

Bergarako Osasun Zentroak Joint Comission erakundearen ospe handiko egiaztagiria lortu du. Orain dela gutxi eman zitzaien Oñatiko Osasun Zentroari eta Debagoieneko Ospitaleari ere, guztiak Debagoieneko ESIko osasun erakundeak

2016.eko azaroak 11

Bergarako Lehen-mailako Arretako Unitatea Osakidetzako Debagoieneko ESIko osasun-erakundeetako bat da, eta, besteak beste, pazientearen segurtasuna eta arretaren kalitatea ebaluatzen dituen Joint Commission erakundearen nazioarte-mailako ospe handiko egiaztagiria lortu du.

Errekonozimendu honekin Bergarako osasun-zentroa ESI bereko Debagoieneko ospitaleari eta Oñatiko osasun-zentroari batu zaie, duela gutxi lortu baitute Osakidetzako osasun-zentro bati eta ospitale bati lehenbizikoz eman zitzaien egiaztagiri garrantzitsu hori.

Debagoieneko ESIko zuzendari kudeatzaile Andoni Arcelayk zoriondu egin ditu gaur goizean Bergarako osasun-zentroko profesionalak, eta eskerrak eman dizkie egunero egiten duten ahalegin eta lanarengatik, funtsezkoa dena egiaztagiri hau lortzeko. Hitz horiek berak eskaini dizkie Andoni Arcelayk Debagoieneko ESIko profesional guztiei. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan kokatu du esperientzia pilotu eta aitzindaria, gero Osakidetzaren sare osora hedatzeko.

Gaur egun, munduan ez dago osasun-egiaztapenetan Joint Commissionek adinako esperientzia duen beste erakunderik. 50 urtetik gora daramatza osasun-erakundeen eta erakunde soziosanitarioen kalitatea eta segurtasuna hobetzen. Gaur-gaurkoz, munduan 20.000 erakunde ditu egiaztatuta, tartean egiaztapena lortu berri duen Oñatiko Lehen-mailako Arretako Unitatea, nazioarte-mailako egiaztapena eskuratu duen Osakidetzako lehena, eta Debagoieneko Ospitalea, eta orain Bergarako Lehen-mailako Arretako Unitatea batu zaie, eta guztiak dira Debagoieneko ESIko osasun-erakundeak. 

Egiaztapen garrantzitsu hau emateko, Joint Commissionek arretaren kalitatea, pazientearekiko arretaren ikuspegitik kontuan hartuta, eta pazientearen segurtasunari buruzko alderdiak, prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa eta kudeaketa dinamiko eta parte-hartzailean oinarritutako eredua ebaluatu ditu. Zehazki, zerbitzuen eta arretaren kudeaketaz gain, honakoak ere aztertu ditu: pazienteen identifikazio zuzena, profesionalen komunikazioaren eraginkortasunaarrisku handiko medikazioaren gaineko segurtasuna, osasun-arretari loturiko infekzio-arriskuen murrizketa edota erorikoei loturiko pazienteen lesio-arriskuen murrizketa. Guztiak ere pazientearen segurtasunari buruzko nazioarte-mailako helburuak dira.

Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, segurtasunak kalitatea esan nahi du, eta arreta-prozesuen eraginkortasunaren oinarrizko zutarria ere bada, eta, gainera, 2013-2020 aldirako Osasun Planeko lehentasunezko jarduketa-ildoetako bat da. 2013-2016 aldirako Osakidetzako Pazientearen Segurtasunaren Estrategiari loturiko proiektuen garapena eta EAEn osasun-arreta jasotzen duten pertsonen segurtasun-bermeen esparrua zehazten duen pazienteen segurtasun-neurriei buruzko Dekretu onartu berria kontuan hartuta, Euskadi puntako eskualdeetako bat da Europan, pazientearen onerako segurtasun-neurrien arloan.

 2016/11/11

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau