Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Joxean Muñozek Glocal Cinema ekimenaren aurrerapausoak azaldu ditu Bruselan

2016.eko azaroak 09
  • Glocal Cinema Sarea Europan hizkuntza ez hegemonikoetan ekoizten den zinema nazioartean ezagutarazteko leiho irekia da
  • Joxean Muñozek bilera izan du Europako Parlamentuko Kultura Batzordeko presidente Silvia Costarekin

Europar Batasunerako EAEko ordezkaritzaren laguntzaz eta lankidetzaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak bilera izan du gaur eguerdiz Europako Parlamentuko Kultura Batzordeko presidente Silvia Costarekin, eta baita Europako Batzordeko Kultura Zuzendaritzarekin ere. Arratsaldez kulturako institutu nazionalen sarearekin (EUNIC) du hitzordua. Europako erakundeen aurrean Glocal Cinema proiektuaren egungo egoera eta berau sendotzeko eman diren pausoak aurkeztea izan da sailburuordearen egiteko nagusia bilerotan. 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzak Europako erakundeekin dituen lotura estuei eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen ekimenei jarraipena emateko, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Joxean Muñoz laneko misio bat burutzen ari da gaurko egunez Europako instituzioekin, Bruselan. Lan-agendan lagunduko diote bai Europar Batasunerako EAEko ordezkari Marta Marinek, bai kulturaren eta industria kultural eta sormenezkoen esparruan ekimenak eta ekintzak koordinatzen dituen talde teknikoak.

Joxean Muñozek Europako Parlamentuko Kultura Batzordeko presidente Silvia Costari azaldu dio zein pauso ari diren ematen Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Glocal Cinema proiektu europarra sendotzeko bidean, bereziki 2015eko maiatzetik hona eman direnak, orduko hartan aurkeztu baitzion Muñozek berak proiektua Costa presidenteari. Glocal Cinema 2014an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik abiatutako lan-ildo baten emaitza da, zinema hizkuntza ez hegemonikoetan sortzen duten kulturen arteko sarea bultzatzeko sortua (euskararen kasua da horietan bat). Sare horretan Europako gainerako kideekin funtsezko hainbat gai partekatzen dira, hala nola, hizkuntza gutxituaren aldeko hautua eta nazioarteko bokazio kosmopolita nola uztartu. Honela bada, sarea osatzen duten herrialde nahiz eskualdeek esperientziak trukatzen dituzte, eta koprodukzio eta banaketarako bide berriak aztertzen dituzte elkarrekin. Glocal Cinema, herrialde bakoitzeko berezko hizkuntzetan eginiko zinema sustatzea xede duen sare bat da, leiho ireki bat, hizkuntza ez hegemonikoetan ekoitziriko zinema (euskaraz kasu) nazioartean ezagutarazteko aukera ematen duena.

Muñozek azaldu dituen azken pauso eta aurrerapausoen artean nabarmentzekoa da Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak aurten eman dion babesa, proiektua bere eginez eta lidergoa bere gain hartuz. Izan ere, azken edizio honetan Zinemaldiak Focus on Glocal Cinema ekimena sustatu du, Glocal Cinema Sarearekin lankidetzan antolatu den profesionalen topagune bat. 2017an industriaren ekimen berri bat sortzeko abiapuntua izango da topagune hau: Glocal in Progress. “Zinema eraikitzen” erako ekimen horren bitartez, hizkuntza ez-hegemonikoetan grabatu eta postprodukzio-fasean dauden Europako filmak aurkeztuko zaizkie datorren urteko Zinemaldian produktore, banatzaile, salmenta-agente eta programatzaileei, filmok amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagun dezaten.

Era berean, Glocal Cinema Sarea sendotzen jarraitzeko funtsezko gertatu den beste urrats bat, Europako hiru zinema jaialdik erakutsitako konpromisoa izan da (Reikiavikeko jaialdia Islandian, Tromsokoa Norvegian eta Tallingoa Estonian). Zinema jaialdiok sarearen bilerak hartuko dituzte euren egitarauaren barnean, eta hizkuntza ez hegemonikoetan diharduten egileen arteko topaketak antolatuko.

Muñozek Costarekin izan duen bileraren helburu nagusia, Glocal Cinema Sarea eta proiektua Europako erakundeen agendan kokatzea izan da. Egun, Europako politika kulturalean Creative Europe 2014-2020 Europako programa zabal aplikatzen da, baita beste programa eta finantzaketa-lerro batzuk ere (adibidez, INTERREG Europe). Horien helburua da industria kulturalek eta sormenezkoek duten ahalmen kulturala, ekonomikoa eta eskualdekoa, ikus-entzunezko sektorea eta, oro har, kultura babestea. Era berean, diplomazia kulturala gori-gorian da eta horrek ekimen interesgarrietarako bidea ematen du. Sareko lana eta Europako hainbat eragile eta instituziorekiko lankidetza kulturala eta sinergiak, era berean, Eusko Jaurlaritzaren lan-esparruak izaten ari dira. Laburbilduz, ekimen horien guztien helburua da EAEko sektore kulturalerako eta espezializazio adimentsurako mesedegarria izango den Europako ekosistema bultzatzea, Europako RIS3 agendaren pean.

Espezializazio adimentsuko eta berrikuntzako Smart Specialisation - RIS3 Europako agendari dagokionez, industria kulturalak eta sormenezkoak sartu dira aukera-hobi gisa. Espezializazio Adimentsuko Estrategia Europako estrategia bat da, eta helburu hau du: eredu ekonomiko berri bat bultzatzea, eskualde bakoitzaren berezitasuna sendotu eta nabarmenduko duen eraldaketa sustatzea, espezializazioan eta berrikuntzan oinarrituta. Euskal Autonomia Erkidegoa, une hauetan, bere estrategia hedatzen ari da bete-betean.

EAEko agenda estrategiko kulturala: industria kulturalak eta sormenezkoak, Glocal Cinema, lankidetza kulturala

Europar Batasunerako EAEko ordezkaritzaren inplikazio estuaz, EAEko agendan biltzen dira Europako instituzioekin urteotan finkatutako lan-ildoak. Agendak aukerak zabaltzen dizkio EAEko sektore kulturalari eta sormenezkoari, eta bertako kulturaren eta sorkuntzaren Europako dimentsioa eta nazioartekotzea bultzatzen ditu, Europako agendan EAEren espezifikotasuna sartuta. Glocal Cinema ekimena Eusko Jaurlaritzak gidatzen du Europako beste 24 bazkiderekin batera. Hain zuzen, sailburuordeak Bruselara eraman duen ekimenetako bat da, EAEko ikus-entzunezko sektorearen posizionamendua eta Europako instituzioen laguntza eta inplikazioa bultzatzen jarraitzeko asmoz.

Orobat, Eusko Jaurlaritzak sustatu egin du Euskal Autonomia Erkidegoaren parte-hartzea eta posizionamendua intereseko sare eta ekimenetan. Hala, defendatu egin du eskualdeen garapenerako sormenak eta berrikuntzak duten balio erantsia, baita industria kulturalen eta sormenezkoen, eta sorkuntza eleaniztunaren ahalmena ere. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak CREADIS3 proiekturako Europaren finantzaketa lortu du –proiektu horren buru da Europako 5 eskualderen inplikazioarekin–, eskualdeko estrategiak bultzatzeko eta industria kulturalak eta sormenezkoak, eta berrikuntza sustatzeko, RIS3 – Espezializazio Adimentsuaren ildotik. Proiektu hori bat dator industria kulturalei eta sormenezkoei laguntzeko EAEko agenda estrategikoarekin.

EAEko agendan, Europako instituzioen aurrean, halaber, kanpoko lankidetza kulturala barne hartuko da. Hori da, hain zuzen, Europar Batasuna bultzatzen ari den lehentasunetako bat, horretarako ekintza-plan bat abiarazi ondoren. Plan hori berriki aurkeztu du Europako Batzordeko lehendakariorde eta EBren kanpo-harremanen arduradun Federica Mogherini italiarrak. Etxepare Institutua da EUNICen (kulturako institutu nazionalak) sartuta dagoen Europako eskualde baten sustapen kulturalerako institutu bakarra. Haren baitan daude Aliantza Frantsesa, British Council, Cervantes Institutua eta abar, eta EUNICek du lankidetza kulturaleko ekintza-planaren zati bat gauzatzeko ardura.

Aipatzekoa da seihileko honetan Euskal Autonomia Erkidegoa dela autonomia-erkidegoen partaidetza koordinatzeko arduraduna EBko Hezkuntza, Gazteria eta Kulturako Ministroen Kontseiluko hezkuntzaren eta kulturaren esparruetan. Hala, lan-bileretan parte hartuko du eta eskualde-dimentsioa defendatuko du azaroaren 21eko eta 22ko Ministroen Kontseiluan aztertuko diren dokumentuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)