Berriak
Eu

Adituak bildu dira Gasteizen emakume eta adingabeen sexurako salerosketari buruz hausnartzeko

2016.eko azaroak 10

Arartekoak eta Emakundek antolatuta emakume eta adingabeak salerosteari buruzko jardunaldi bat egin da Gasteizko Europa jauregian. Jardunaldia Emakundek urtean behin antolatzen duen Berdintasunerako gunearen ekintzetako bat da, eta indarkeria mota hori desagerrarazteko lan egiten duten profesionalak bildu dira bertan.

Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, bertan azaldu duenez, emakume eta adingabeen salerosketa giza eskubideen urraketa eta emakumeen kontrako indarkeriaren testuinguruan kokatzen da, eta berez, honen desagerraraztearen alde lan egiteko beharrezkoa da giza eskubideetan oinarrituta eta genero eta kultura aniztasunaren ikuspegiak kontuan hartuta lan egitea.  

Manuel Lezertua Aarartekoak, bere aldetik, azpimarratu du era honetako indarkeria dela emakume eta gizonen berdintasun ezaren arazo estruktural eta mundu mailakoaren manifestazio lazgarrienetako bat, eta jardunaldia erakunde eta eremu ezberdinetako profesionalen arteko kolaborazioa areagotzeko baliogarria izango delakoan agertu da.   

Jardunaldiaren helburuak honako hauek dira: Fenomeno unibertsala den eta emakumezkoen eta neskatoen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salerosketaren kausak zein diren aztertzea; Pertsonen salerosketari Espainiako estatuan eta nazioartean zein lege aplikatzen zaizkion ezagutzea; Salerosketak biktimen bizitzan duen eragina ulertzea, eta Salerosketaren biktima izan diren emakumeak eta neskatoak artatzean egun zein erronka ditugun identifikatzea.

Gizakien salerosketa kezkatzeko moduko neurriko fenomenoa da mundu guztian, eta gizakiak merkantzia hutsera gutxiesteko modu mingarrienetakoa da. Giza eskubideen urraketa larrienetakoa ere bada. Gizakiak sexurako salerostea - batez ere, emakumeak eta neskak, horiek baitira biktima ohikoenak - merkataritza bidegabe horren alde ankerrenetakoa da. Izan, emakumeek han-hemen, mundu osoan, pairatzen duten berdintasun faltaren beste adierazpen bat da, eta emakumeen kontrako indarkeriaren adibide gordin; halaxe aitortuta dauka Nazio Batuek 1993. urtean Emakumeen kontrako indarkeria ezesteko argitaratutako adierazpenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Manuel Lezertua Rodríguez, Ararteko