Martutene, Zadorra eta Nerbio-Ibaizabal inguruetan uholdeak prebenitzeko jarduketak, hiri-erresilientziaren eredu Marrakecheko Goi-bileran
- URAko zuzendari Iñigo Ansolak Klima-aldaketara moldatzeak uren kudeaketan dakartzan aldaketak azaldu ditu COP 22an
- Euskal Herriko ur-baliabideen inguruko ikerketak baikorrak dira: uraren horniketa eta ibaien ingurumen-fluxuak bermatuta egongo dira epe motzera
- Klima-ereduek diotenez, urteko batezbesteko euriak zertxobait jaitsiko dira eta ebapotranspirazio-mailak gora egingo du
- Euskadik datozen urtetarako ezarri duen xede orokorra da galdutako urak % 25etik behera mantentzea, banaketa-sistema guztietan
Marrakech 2016 11 12
Uraren Euskal Agentziako zuzendari Iñigo Ansolak hitza hartu du, gaur arratsaldean, Marrakechen (Maroko) egiten ari den COP 22 Klimari Buruzko Goi-bileran, Martutenen, Zadorran eta Nerbioi-Ibaizabalen uholdeak prebenitzeko xedearekin Eusko Jaurlaritzak eta URAk gauzatu dituzten jarduketak aurkezteko, hirien erresilientzia hidrikoaren eredu gisara.
Iñigo Ansolak, Ingurumen Sailburuorde Iosu Madariagarekin batera, uren eta uholdeen ondoriozko arriskuak murrizteko Euskal Herriak aplikatu duen klima-aldaketara moldatzeko estrategia azaldu du herrialde eta eskualde askoren ordezkarien aurrean. “Klima-aldaketara moldatzeko xedearekin Euskal Herriak gauzatu dituen ekintzak eta neurriak 2050erako Klima-aldaketaren Euskadiko Estrategian (Klima 2050) bilduta daude".
“Lurraren klimak euri-patroietan eta ebapotranspirazio-tasetan eragin dezake eta horrek, bere aldetik, uraren eskuragarritasunean eragiten du. Aldaketa horiek ur-eskaria alda dezakete halaber, nekazal-jardueretan gehienbat”, azaldu du Ansolak. Eta gaineratu duen bezala, klima-aldaketa globalak “muturreko euriteen patroiak alda ditzake ere, uholdeen tamaina eta maiztasuna aldatuz ondorioz. Eta itsas mailaren igoerak gure herrialdeko itsasertz-inguruetako uholde-arriskua handi dezake ere”.
Iñigo Ansolak euskal arro hidrografikoen kokapena, azalera eta biztanle-dentsitateen datuak aipatu ditu mundu osoko ur-kudeaketaren ordezkari guztien aurrean egin duen hitzaldian, bai eta Euskadiko ur-baliabideak eta arroak kudeatzeko plangintza ezberdinak ere. “Horrexegatik, Eusko Jaurlaritzaren xede nagusietako bat da ur-masen egoera ekologikoa hobetzea, uraren erabilera eraginkorra eta jasangarria sustatzea eta uholdeen eta lehorteen eraginak murriztea”.
“Klima-ereduek diotenez, urteko batezbesteko euriak zertxobait jaitsiko dira eta ebapotranspirazio-mailak gora egingo du, bai eta urtarokotasuna ere. Euskal Herriko ur-baliabideen inguruko azken ikerketak nahiko baikorrak dira. Epe motzera uraren horniketa eta ibaien ingurumen-fluxuak bermatu ahal izatea aurreikusten dugu, nabarmendu du URAko zuzendariak.
Iñigo Ansolaren hitzetan, "Arro Hidrografikoetako kudeaketa-plangintzek klima-ereduek aurreikusten dituzten ur-baliabideen aldaketak aintzat hartzen dituzte“ Horiek jakiteko, murrizketa-faktore bat aplikatzen zaie etorkizuneko planifikazio-epetarako aurreikusten ditugun ur-baliabideei eta ur-horniketa eta ingurumen-fluxuak bermatzeko moduan egongo garela uste dugu. Arro hidrografikoetako kudeaketa-plangintzek neurri bereziak hartu dituzte barne, aipatuak bermatzeko”.
“Azken urteotan ur-eskariak behera egin du astiro-astiro Euskal Herrian. Ihesak murriztu direlako eta ura modu eraginkorragoan erabiltzen delako.
Datozen urtetarako ezarri dugun xede orokorra da galdutako urak % 25etik behera mantentzea, banaketa-sistema guztietan”, azaldu die Ansolak bertaratutako nazioarteko ordezkariei, Afrikako Estatu eta herrialde askotako ordezkariak tartean.
“Berebiziko garrantzia dauka uholdeak pairatzeko aukera handiak dituzten inguruak identifikatzea, arriskuak ebaluatzea eta uholde-arriskua kudeatzeko planak ezartzea, gaineratu du URAko zuzendariak.
“Euskal Herriko klima-aurreikuspenei dagokienean, mundu eta eskualde mailako aurreikuspenen arabera muturreko euriteen tamainaren eta maiztasunaren areagotzea espero da. Epe luzeko segidatan oinarritzen diren tokiko ikerketek, ordea, ez dute horrelakorik ikusi. Klima-ereduen zalantzak direla eta, uholde-erregimenetan egon zitezkeen aldaketa horiek ez dira zuzenean aintzat hartuak izan egungo planifikazio-eperako (2021). Uholdeak kudeatzeko neurriak aplikatuak izan dira, ordea, edozein egoeran eragin positiboak izango dituztela bermatzeko helburuarekin", aipatu du Ansolak.
“Euskal Herriko uholde-arriskuaren kudeaketa prebentzioan, babesean, prestaketan eta lurraldearen leheneratzean oinarritzen da”, laburbildu du Iñigo Ansolak Marrakecheko Goi-bileran.