Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak Pasaian lur azpiko geltoki bat eraikiko dela eta Galtzarabordako geralekua estaliko dela iragarri du

2010.eko urriak 20

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, esan du gaur Errenterian, Eusko Jaurlaritzak lur azpiko geltoki berria eraikiko duela Pasaian, une honetan dagoenaren ordez, eta, baita Errenteriako udalerriann dagoen Galtzarabordako geralekua osorik estaliko duela.

Ondorio horiek, Donostialdean eraikiko den metroaren Herrera-Galtzaraborda zatiaren informazio azterlanaren memoriaren barruan dago. Memoria horren barruan sartzen da, baita ere, trazatua bikoiztea (3.000 metro) eta geltoki berria eraikitzea Donostiako Altza auzoan.

Iragarpen hori gaur goizean egin du, Errenteriako Udaletxean burutu den ekitaldian. Bertan, Sailburuarekin batera, Errenteriako alkateak, Juan Carlos Merinok eta Pasaiako alkateordeak, Ander Pozak, hartu dute parte.

Agerraldi horren aurretik, Iñaki Arriola Herrera auzora joan da, Loiola-Herrera zatiaren bikoizketa lanak zuzenean ezagutzeko eta, batez ere, Herreran eta inguruetan bizi diren pertsonei zerbitzua emango dien geltoki berria eraikitzeko lanen berri izateko.

TRAZATUAREN DESKRIBAPENA


Trazatu horren lanak, hiru kilometroko luzera izango duen eta erabat lur azpitik joango den trenbide bikoitzaren eraikuntza izango dira. Lanen aurreikusitako aurrekontua 126 milioi eurokoa izango da, eta burutzapenerako epea, berriz, 40 hilabetekoa.

Trazatu berria Herrerako geltoki berritik sortzen da, N1 errepidea eta ADIFen trenbideak zeharkatzen ditu eta ondoren gorako bidea hartu eta Altzako geltoki berriraino heltzen da.

Proiektu horrek tren geltoki bat emango dio Donostiako Altza auzoari, izan ere, une honetan auzo horrek ez baitu tren zerbitzurik. Horrela, 21.500 biztanlek osaturiko guneari zerbitzu zuzena eskainiko zaio. Gainera, inguru hori hirigintzaren ikuspegitik hedatzen ari den gunea dela esan behar da. Terminala Félix Iranzo pasealekuaren ondoan egongo da, eta bi atari eta sarrerako bi kanoi izango ditu. Kanoi horiek Larratxako pasealekura eta Arriberri auzunera emango dute. Geltokiaren tipologia haitzulokoa izango da, nasak izango ditu alboetan, eta bertara igogailu bitartez ere heldu ahal izango da.

Altzatik kilometro batera, eta lur azpitik Auditz-Akular gunea zeharkatu ondoren, Pasaiako geltoki berrira helduko gara. Pasaiako geltokiaren zati nagusia Gure Zumardia plazaren azpian egongo da. Eraikitzeko "cut and cover" teknika erabiliko da. Hondeatu, pantaila bertikalak instalatu eta estali. Horrela plazak bere hasierako itxura berreskuratuko du.

Barne egituraketa alboetako nasek osaturikoa da, baina kasu honetan nasetako eskailerak atari bakarrera eramango dute, eta bertatik kalera irteten da. Mugikortasun urria duten pertsonek ere geltokia erabili ahal dezaten, plazatik igogailu bat egongo da. Egungo geltokia desagertu egingo da, eta gaur egun betetzen duen espazioa libre geratuko da. Egungo "topoaren" igarotzeak sortzen duen hesi arkitektonikoa desagertu egingo da.                                                                                                                                                                                                                                                                                                 

Zatiaren amaieran Galtzarabordako geltokia dago. Geltoki hori estali egingo da oso-osorik, haren inguru guztia berreskuratu ahal izateko.                                                                                                                                                                                                                                                                                                 

Herrera eta Galtzaraborda arteko trenbidea bikoizteko aukeratu den alternatiba bateragarria da Pasaiako Portura Sartzeko Proiektuarekin, eta bidaiarien trafikorako soilik diseinatu da.                                                                                                                                                                                                                                                                                                 

DONOSTIALDEKO METROA

Une honetan, Donostia inguruan, burutzen ari dira jada Lasarte-Errekalde-Añorga, Loiola-Herrera eta Fanderia-Oiartzun zatiak bikoizteko lanak, eta baita Arason egongo diren kotxetegiak eta tailerrak eraikitzeko lanak ere.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak, honako alderdi hauek zehaztuko dituen Informazio Azterlana koordinatzen eta zuzentzen du:

- Metroaren sarera Donostia erdialdean, geltokiak eraikiz Ibaetako campusean, Ondarretan, Erdialdean eta Amaran.

- Easo Plaza eta Anoeta arteko igarobidea, Errondotik.

- Loiolako Erriberetako Trukagunea

- Irun-Hondarribia adarra, geralekuak eginez aireportuan eta kostaldeko herriaren erdigunean.

Azpiegitura berriak hiru helburu nagusi ditu: eskualdetik eta hiriko gainerako tokietatik Donostiako hirigunean dauden zerbitzu eta enplegu gune nagusietarako sarrera erraztea; une honetan zerbitzu hori ez duten auzoetarako eta herrietarako tren bidezko sarbideak hobetzea (Intxaurrondo, Altza, Hondarribia, etab.) eta, azkenik, intermodaltasuna sustatzea, garraio publiko mota desberdinen arteko bidaiari trukaketa sistemak hobetuz, garraio mota guztiek era osagarrian eta koordinatuan jardun dezaten.

Horrela, Metroa martxan jartzearen ondorioz, gaur egun sarearen zerbitzua jasotzen duten 7 milioi pertsonatatik, 25 milioi pertsona ingurura pasatuko da. Donostialdeko metroak zerbitzu zuzena eskainiko dio Gipuzkoako biztanleen %65ari eta, RENFEren Aldirietako sarearekin lotura izango duen Loiolako Erriberetako interkonektoreari esker, gipuzkoarren %80ak eskura izango du.

Donostian, 2010eko urriaren 20an

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, sailburua