Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

"Ordutegiak arrazionalizatzeko Batzorde Nazionalak" Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila saritu du

2010.eko urriak 19

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kontziliazioaren aldeko ekimenak sustatzeko egindako ahalegina saritu du "Ordutegiak arrazionalizatzeko Batzorde Nazionalak"

 

Euskal Gizartean, eta bereziki enpresetan, lana eta familia bateragarri egitearen aldeko lan-ordutegien aldaketa sustatzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak abian jarri dituen ekimenek "Ordutegiak arrazionalizatzeko batzorde nazionala" izenekoaren goraipamena jaso dute.  

Valladoliden bihar, Ordutegiak arrazionalizatzeko V. Biltzar Nazionalaren barruan, izango den galan, Ignacio Buqueras epaimahaiko presidenteak erakunde horrek urtero enpresa eta entitateei ematen dien saria emango dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, "bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitearen alde lan egiteagatik eta herritarren arteko berdintasuna eta bizi kalitatea sustatzeagatik".

Aurreko lau edizioetan, besteak beste, Iberdrolak, La Vanguardia egunkariak, ONCE Fundazioak eta MRW enpresak jaso dute saria.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren kasuan epaimahaiak, zehazkiago, positiboki baloratu du lan-baldintzak aldatzeko zenbait proposamenen inguruan gogoeta-prozesu bati ekin izana (ordutegi-malgutasuna, telelana, lanaldi jarraitua, etab.) Prozesu hori azterlan batekin hasi zen, zeinak Europako zenbait herrialdetako lan-ordutegiak aztertu eta Euskadiko eta Estatuko errealitatearekin alderatu zituen; horrez gain, enpresen eta langileen iritziak jaso zituen aldaketa horien egokitasunari buruz.

Lanak erakutsi zuenez, kontzientziazioa erraztu dezaketen lan-baldintzen aldaketak eragin zuzena dauka, eta enpresaren produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen ditu. Datuen arabera, oro har, espainiarrek europarrek baino 232 lan ordu gehiago egiten dituzte urtean, baina erdia produzitzen dute; alabaina, lanaldi murritzagoak dituzten Europako beste herrialde batzuek (Holanda, Belgika, Alemania) produktibitate handiagoa dute lan egindako ordu bakoitzeko.

Azterlanaren emaitzak ikusirik, Sailak EAEko 4 enpresa hautatu zituen (Bellota Herramientas, Euskaltel, Lazpiur S. L. eta Vadillo Asesores) esperientzia pilotu bat garatzeko, aurrerantzean lan-ordutegia aldatzeko prozesuari ekin nahi dioten enpresa guztien abiapuntu gisa.

Irailean diagnostiko bat egin zen ordutegi aldaketa onartu dezaketen unitateei buruz, eta azarotik aurrera enpresa bakoitzak horren ezarpena hasiko du. Horretarako administrazioaren laguntza eta tutoretza izango dute uneoro, metodologia landu eta praktikan jartzeko.

2011ko martxoaren inguruan emaitzak ebaluatuko dira. Data horretatik aurrera prestakuntza-moduluak eta -tailerrak antolatzea aurreikusten da, esperientzia pilotuan garatutako metodologia aplikatzeko interesa duten enpresentzat. 

Ezarpen-prozesu horrekin batera, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila arautegi bat prestatzen ari da laneko bizi-kalitatea sustatzeko. Arautegi horretan jasoko diren gaien artean egongo dira, besteak beste, enplegu-kalitatea, lan-osasuna, kontziliazioa, laneko ongizatea eta partaidetza

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan