Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro bideratuko ditu nekazaritza sektorera hurbiltzeko beketara, HAZI Fundazioaren bitartez

2016-10-21

• Gazteei, Gaztenek programako parte hartzaileei eta sektorean hasten diren 41 urtetik gorakoei egingo die mesede.

• Nekazaritza sektorea eta sektoreak proiektuei ekiteko eskaintzen dituen aukerak ezagutzen laguntzeko praktikak egitea ahalbidetuko diete.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak, landa garapenerako den HAZI Fundazioaren bitartez, nekazaritza sektorera eta nekazaritzako elikagaien enpresetara hurbiltzeko bekak eskatzeko epea ireki du, nekazari gazteentzat, Gaztenek programan izena eman dutenentzat eta lehen sektorean hasten diren 41 urtetik gorakoentzat. Guztira 120.000 euro bideratuko ditu beketara, eta beken helburua da nekazaritza sektorea eta balio katearen enpresak eta haiek denek proiektuei ekiteko eskaintzen dituzten aukerak ezagutzen laguntzea.

Laguntza horien onurak eskuratzen dituzten pertsonek aukera izango dute 3 eta 6 hilabete artean nekazaritza edo nekazaritzako elikagaien enpresan egin ohi diren lanak egiteko, eta, bide batez, sektorearen kudeaketan, funtzionamenduan eta errealitatean trebatzeko. Denbora tarte horretan gehienez 700€ eskuratu ahal izango dituzte hilean, horretan bakarrik jardunez gero. Beka EAEn dauden nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresetan garatu behar da.

Beka horiek EAEko 2015-2020 aldirako LGPean “Ezagutzak eta informazioa transferitzeko ekintzak” izenarekin aurreikusitako 1 Neurriaren baitan eskainitako ekintzetako bat dira, eta haien %80 FEADER fondoekin ere finantzatuta daude.

Eskabideak aurkezteko epea 2016ko urriaren 30ean bukatuko da. Eskaerak HAZIren egoitzetan aurkeztuko dira, Arkautin edo Abadiñon.

HAZIk, eskabideak eta dagokion dokumentazioa jaso ondoren, espediente bana irekiko die eskatzaileei, eta ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko du jasotako guztia, kontuan hartuta onuradunaren izaera, eskatutako hurbilketa bekaren eta planaren arteko koherentzia eta eskatzailearen profil profesionalaren edo prestakuntzaren egokitasun maila.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (X legealdia)
  • Asier Arrese Zabala
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (X legealdia)