Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen beste edizio bati eman dio hasiera

2016.eko azaroak 07
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Urkulluk 2020ra arte aurrekontua urtean % 5 gehituz berretsi du Eusko Jaurlaritzak I+G arloan hartuta duen konpromisoa

Iñigo Urkullu lehendakariak Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVI. Astea inauguratu du Kutxabanken Vital eraikinean, Vitoria-Gasteizen. Zientziaren dibulgaziorako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da hau, eta hilaren 20ra arte Euskadik zientziaren eta teknologiaren arloan dituen gaitasunak erakutsiko dira bertan, eta, era horretara, ekonomiaren eta gizartearen arloko egungo erronkekin, besteak beste, langabeziarekin berrikuntzak duen konpromisoa erakutsiko da. Lehendakariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak gai honen alde egin duen apustu erabakigarria, eta hori egiaztatzeko erabaki da urtean % 5 gehitzea I+G-ko aurrekontua 2020ra arte.  

Erabaki horri esker Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du enpresa txiki eta ertain gehiago batzea berrikuntzaren aldeko apustuari, ikerketaren eta garapenaren trakzio-proiektu berriak sustatzea eta, azken batean, gizarte “aberatsagoa, aukera handiagoak" dituena eta "oreka sozial” handiagoa lortzea. Lehendakariak gogoratu du joan den astean Cardiffen egindako Eskualdeetako Politika Berritzaileen Europako Biltzarrean Euskadi “erreferentzia eta eredu” gisa aurkeztu zela, eta, alde horretatik, bere aktibo nagusia zein den azpimarratu du: arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta maila anitzeko integrazioa berrikuntzaren esparruan. “Batu egin behar dugu, eta ikuspegi globalarekin eta epe luzera batu behar dugu”, erantsi du.

Lehendakariarekin batera izan dira ekitaldian Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Osasuneko sailburu Jon Darpón. Inaugurazio-ekitaldian Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren ordezkariek ere hartu dute parte eta Alberto García Erauzkin Innobasqueren presidenteak hitzaldia izan du. Bestalde, Innobasqueren zuzendari Txema Villatek aurkeztu du Innobasque Berrikuntzaren Txostena 2016, 2005-2015 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren (ZTBES) analisi konparatiboa. Ekitaldian izan da eztabaidarako aukera ere hainbat adituren eskutik, eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eman dio bukaera.

DIBULGAZIO ZIENTIFIKOAREN HITZORDU NAGUSIA 

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea zientzia gizarteari komunikatzeko Euskadin eta Europan egiten den ekitaldirik handienetako bat da 2001etik. Zientziaren dibulgaziorako ekinbide garrantzitsu honen helburua da Euskadik zientziaren eta teknologiaren arloan dituen gaitasunak eta ahalmenak ikusaraztea gizarteari eta iritzi publikoari, eta ekoizpen-eredua aldatzera eta ezagutzan oinarritutako gizartera eramango gaituen zientzia eta berrikuntzarako gizarte-ingurune egokia sortzea.    

Edizio hau azaroaren 7tik 20ra bitartean egingo da ofizialki, eta zientziak, teknologiak eta berrikuntzak ekonomiaren eta gizartearen esparruko erronkekin, besteak beste, langabeziarekin, lehiakortasunarekin, giza garapen jasangarriarekin edo osasunarekin hartuta duten konpromisoa erakusten lagunduko du. Azken batean, aldarrikatu ahal izango da berrikuntza dela ekonomiaren garapenaren eragilea, eta Euskadi lurralde berritzaile moduan aurkezten lagunduko da. Bestalde, adin guztietako jendearen eskura jarriko dira Euskadiko ezagutza zentroetan garatzen ari diren ikerketa-lerro nagusiak eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan egindako azken aurrerapenak. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko azaroak 08

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari da apertura a una nueva edición de la Semana de Ciencia, la Tecnología y la Innovación https://t.co/HpJrpL9fhb

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)