Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren Ebaluazio Jardunaldia Barrian

2016.eko azaroak 04
  • Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kultura sailburuordea ebaluazio jardunaldian izango da igande goizez
  • Ehun euskal gazte aritu dira udan lanean garapenerako 54 proiektutan, 17 herrialdetan

Etxera etorrita eta nor bere eguneroko zereginetara itzulita daudela, uda honetan Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartu duten gazteak berriro elkartuko dira Barriako aterpetxean (Araban), garapen bideetan diren herrialdeetan burutu duten lanaren inguruko Ebaluazioa Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak antolaturik.

Bi egunez (larunbata, azaroak 5, eta igandea, azaroak 6), gazteok aukera izango dute udan lanean izan diren herrialdeetako esperientzia elkarrekin partekatzeko, esperientzia horrek bakoitzari zer irakatsi dion azaltzeko, ezagutu duten errealitate berriaren bizipena kontatzeko, eta beharrezko balitz, baita programa honen hurrengo deialdietarako hobetu beharreko auziak mahai gainean jartzeko ere. Igande goizeko jardunean, berriz, lankidetzarako proiektu horiek bultzatzen dituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) izango dute hitza, 2016ko edizio honetan programak izan duen martxaz euren ikuspuntua azaltzeko.

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea ere, Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendaria lagun duela, igande goizez hurbilduko da Barriako aterpetxera, gazteek balorazio eta iritziak zuzen-zuzenean eta bertatik bertara entzuteko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak elkarrekin antolatzen duten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren helburua Euskadiko gazteei hirugarren mundua ezagutaraztea eta GKEen bidez zuzenean gauzatzen diren ekimenen bidez harekiko elkartasuna zabaltzea da. 1993. urtean abiarazi zenetik, 2.100 gaztek baino gehiagok izan dute Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko aukera.

100 gazte, 54 proiektu, 17 herrialde

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak ehun gazte mugitu eta ipini ditu lanean, programan parte hartzeko eskaera aurkeztu zuten 503 gazteen artean aukeratuak.  65 GKE Amerikako, Afrikako eta Asiako 17 herrialdetan gauzatzen ari diren 54 proiektutan hartu dute parte.

Peru izan da gazte hauetako gehiengoa hartu duen herrialdea: programako 47 gazte aritu dira bertan. Perun ez ezik, Euskadiko gazteak Bolivian (7 gazte), Kolonbian (4), Ekuadorren (6), El Salvadorren (1), Guatemalan (2), Hondurasen (5), Nikaraguan (4), Dominikar Errepublikan (1), Beninen (4), Ghanan (2), Kenyan (2), Mozambiken (2), Ruandan (2), Senegalen (2), Filipinetan (2) eta Indian (7) aritu dira aurtengo udan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)