Berriak
Eu

Ana Oregik Urumean uholdeei aurre egiteko obrak bisitatu ditu Martutenen

2016.eko azaroak 04
  • Azaroaren 15ean I. faseko ibilgu-tarteak proiektatutako ahalmen hidraulikoa erdietsiko du
  • Ekaitz-tanga eta drainatze-sareko kolektoreak eraikita daude eta horiek elkarrekin konektatzeko lanak egiten ari dira
  • Hornidura-eroanbidean ezarrita dago ohe azpiko hodia
  • I. faseko hobekuntza hidrauliko gehienak Eguberriak baino lehen amaituko dira.
  • Martxoan amaituko dira obra guztiak: urbanizazioa, akaberak eta konexioak.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Iosu Madariagak Sailburuorde eta URA - Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Iñigo Ansolak Urumean uholdeei aurre egiteko proiektuaren lehen faseko obrak bisitatu dituzte gaur goizean Martutenen, zuzen-zuzenean jakiteko zer-nolakoa den obren bilakaera. Datorren azaroaren 15ean I. faseko tartearen ibilguak proiektatutako ahalmen hidraulikoa erdietsiko du, ia 50 metroko zabalerarekin. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

 

Egin diren obretan, Urumea ibaia zabaldu eta bideratu egin da Martuteneko tartean —lan horri esker ibaiaren zabalera 45 eta 50 metroraino zabaldu da, hots, obra egin aurreko ibilguaren bikoitza—, eta diseinuaren ondorioz ur handiak askatasunez igarotzea oztopatzen zuten azpiegitura zaharrak kendu eta ordezkatu egin dira, zehazki, Pilarreko pasagunea —ordezkatu da—, Martuteneko zubia —ezarri da— eta Añarbeko Uren edateko uren eroanbide zaharra, datozen hilabeteetan eraitsiko dena. Jarduketak oro har modu adierazgarrian areagotzen du pertsonen segurtasuna Urumea ibaian izan daitezkeen ur handien gertaerei begira.

 

“Ekaitz-tanga eta drainatze-sareko urak biltzen dituzten kolektoreak eraikita daude eta horiek elkarrekin konektatzeko lanak egiten ari dira. Añarbeko hornidura-eroanbidean ezarrita dago jada ohe azpiko hodia; Añarbeko Urak ontzat eman bezain laster, eraitsi egingo da auzotik ibaian gora Urumearen gainetik doan hodia. I. faseko hobekuntza hidrauliko gehienak Eguberriak baino lehen amaituko dira eta urbanizazioari, akaberei eta konexioei dagozkien obra guztiak martxoan”, zehaztu du Ana Oregik.

 

Sailburu Oregik gogorarazi duenez, “uholdeak dira Euskal Autonomia Erkidegoko arrisku natural garrantzitsuena. Gure arroak txikiak eta desnibel handikoak dira. Gainera, euri asko egiten du, gogotik egin ere zenbaitetan. Horren ondorioz, ibaiek erreakzio bortitzak izaten dituzte batzuetan. Erreakzio horiek naturalak dira erabat, eta ez lukete arazorik ekarriko, urak eta pertsonek lurralde bera erreklamatzen dutelako ez balitz”.

 

Ana Oregik egin duen bisitaldian gogorarazi duenez, behar-beharrezkoa da “gure herri eta hirietan lurralde hiritarra kudeatzerakoan ibaien errealitatea kontuan hartzea, ibaiak eta gu elkarrekin bizi baikara eta horien ur-goraldien errepikatze naturalera egokitu behar baitugu eta, hortaz, ezinbestean errespetatu behar baititugu ur-goraldiek hartzen dituzten uholde-arriskuguneak. Horrek segurtasuna ematen die pertsonei eta azpiegiturei, aukera ematen digu balio ekosistemiko handiko espazio bati bizkar emateari uzteko eta saihestu egiten du hiri-ingurune berrietan uholdeei aurre egiteko ibaiak aldarazten eta horretan inbertitzen ibili beharra. Aurreikuspenetan oinarrituta lan egiten dugu orain”.

 

Plan hidrologikoak eta arriskua kudeatzekoak

URA agentziak eta Kantauriko eta Ebroko konfederazio hidrografikoek onartutako Plan Hidrologikoak eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak azpimarratu ditu Sailburu Oregik, “funtsezko kudeaketa-tresnak baitira ibaien ur-goraldien errepikatze naturalaren aurrean pertsonen segurtasuna areagotzeko eta, aldi berean, ibai horiexen egoera ekologiko ona sustatzeko, horien inguruan eraikitzen baitugu hiria eta modu positiboan garatzen baitugu gure Herria”.

 

“Plan Hidrologikoek eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planek inoiz baino gehiago azpimarratzen dute ibaiak gora egiten duenean erreklamatzen duen lurraldea errespetatzeko premia eta, hortaz, pertsona eta erabilera kalteberak eraginpean ez jartzekoa”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Sailburuak gogorarazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak, URA agentziaren bitartez, historikoki okupatu diren ibaien hedapen naturaleko guneetan esku hartzen du, ur-goraldiek han kokatutako pertsona eta erabilera kalteberak arriskuan jar ditzaketenean. Horren adibide garbia da gaur Martutenen bisitatzen ari garen jarduketa”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)