Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: “Zubimusu zubi eraberrituak, Villabona-Zizurkilen, segurtasun handiagoa ematen dio Oria ibaiaren ibilguari”

2016.eko azaroak 04
  • 7,10 metroko zabalerarekin, uren ibilbide naturala hobetzen du eta bizikleta, ibilgailu eta oinezkoen zirkulazioa ahalbidetzen du
  • Sailburuak eta URA agentziako zuzendariak egin den eraberritzea balioetsi dute

 

URA agentziak eta Eusko Jaurlaritzak Villabona-Zizurkilen, Oria ibaiaren gaineko Zubimusu zubian gauzatu dituzten obrak bisitatu ditu Sailburu Ana Oregik. Obrek ibaiaren ur-goraldi natural eta errepikarien aurrean hiri-ingurunearen segurtasuna areagotzea dute helburu. Berritu den Zubimusu zubiaren ezaugarriak ezagutu ditu Oregik. Zubiak, 7,10 metroko zabalerarekin (6,50 metroko barne-zabalera erabilgarria), bizikleten (1,50 m-ko bidegorria), ibilgailuen (3 m) eta oinezkoen (2 m) zirkulazioa ahalbidetuko du Oria ibaiaren bi ertzen artean.

 

Oregik adierazi duenez, “jarduketa horrek modu adierazgarrian handitzen du ur handien garaietan zubiak ura husteko duen ahalmena; izan ere, lehen Oria ibaiko emariek itogune batekin egiten zuten topo Zubimusun eta horrek artifizialki igoarazten zuen ur-lamina biztanle-dentsitate handiko inguru horretan”.

 

Zubi berriak lehengo zubiaren erdiko baoa hartzen du abiapuntu: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak katalogatutako harrizko arkua finkatu egin da. Geroztik, URA agentziak egiturak eraiki ditu alboko baoetan —ostikoetan zein erdiko baoan bermatuak—, bolumen handiagoko emariak ahalbidetzeko eta, hartara, ur handien garaietan Oria ibaiaren ur-goraldien aurrean segurtasuna areagotzeko.

 

Oregik adierazi duenez, “lanek lortu dute Zubimusu zubiak jatorrizko egituraren gehiena mantentzea eta, aldi berean, ohiz kanpoko uhaldien ondoriozko uholde-arriskuari aurre egiteko behar duen ura husteko ahalmena izatea”.

 

Bigarren fase horretako obrek hainbat alderdi aintzat hartu dituzte: Oria ibaiaren ibilgua zabaldu da eta bideratze-horma berri bat eraiki da ibaiaren eskuinaldean, Zubimusu zubiaren inguruan; horrez gain, Villabonako saneamendua hobetu egin da, zeren ibilgua zabaltzeko eta eskuinaldeko bideratze-horma hobetzeko jarduketa baliatuta, otsailaren 4an abian jarri baitzen 4.000 pertsonaren hondakin-urak biltzen dituen kolektorea. Lehen Oria ibaira isurtzen ziren ur horiek orain Gipuzkoako Uren Adunako araztegira bideratzen dira. Hortaz, hobetu egin da uren kalitate fisiko-kimikoa eta egoera ekologikoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)