Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak diagnostikoaren kalitatea, emaitzak eta pazientearen segurtasuna hobetuko dituen Gurutzetako Ospitaleko angiografo digital berria bisitatu du

2016.eko azaroak 03
  • Ekipamendu horretan milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin da eta Osakidetzan dauden beste batzuei gehitu zaio; Osakidetzak eta Osasun Sailak euskal osasun-sistema publikoaren kalitatea handitzeko daukaten estrategia bateratuan beste pauso bat ematea ekarriko du
  • Angiografo digitalak hainbat tratamendu segurtasun handiz egitea ahalbidetzen du, adibidez: IKTUSAK dituzten pazienteei koaguluak kentzea edo aneurismak konpontzea
  • Neuroerradiologia Unitateak urtean 400dik gora prozedura diagnostiko eta 470etik gora esku-hartze prozedura egiten ditu

 Iñigo Urkullu lehendakariak, Jon Darpón Osasuneko sailburuarekin eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriarekin batera, Osakidetzak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalerako –Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIaren parte da– erosi duen angiografo berria bisitatu du. Azken teknologiako ekipo berri hori pauso handi bat da patologia neurobaskularrak (iktusak, aneurisma zerebralak...) diagnostikatzeko eta ondoren inbasio ahalik eta txikieneko ingurune batean tratatzeko laguntza medikoari dagokionez.

Angiografo berria 6. C-ko bloke kirurgikoan sartu da, eta horretarako, 55 m2-ko miaketa-gela berri bat egokitu behar izan da. Tresna hori erosteko, Eusko Jaurlaritzak 1.300.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin du, merkatuko teknologia aurreratuena baitauka. Iñigo Urkullu lehendakariak honakoa esan du bere bisitan: «Angiografo digital berriak arretaren arloan jauzi kualitatibo bat ematea dakar eta Gurutzetako Neuroerradiologia Unitatean artatzen diren herritar guztiak izango dira horren onuradunak». Unitate horrek urtean 400dik gora prozedura diagnostiko egiten ditu, esaterako: garuneko angiografiak edo arteriografia medularrak. Gainera, 470etik gora esku-hartze prozedura egiten ditu, adibidez: arterien barruko iktusen, garuneko aneurismen edo garuneko malformazio arteriobenosoen kasuan. 

Ekipoa –dagoeneko martxan dago, urriaren bukaeraz geroztik– angiografo digital biplano bat da, gaur egun erradiologoek eta neuroerradiologoek daukaten tresna aurreratuena, eta «goragoko maila batean lan egitea dakar, bai irudiaren kalitateari bai pazientearen segurtasunari dagokienez», Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan.

Sistema biplano horrek daukan software zehatzari esker, 3Dko irudi oso zehatzekin lan egin daiteke, eta hala, beharrezko informazio guztia eduki daiteke, bai tratamenduaren plangintza egiteko bai tratamendua segurtasun handiagoarekin emateko; izan ere, uneoro esku-hartze eremuaren ikuspegi zehatz-mehatza ematen du, hiru dimentsiotan. Horrela, hainbat tratamendu segurtasun handiz eman daitezke. Horien artean, IKTUSAK dauzkaten pazienteei koaguluak kentzea, aneurismak konpontzea, malformazio arteriobenosoak tratatzea, karotida arteriaren buxadurak… nabarmentzen dira.

Sistema berri iraultzaile horrek abantaila oso garrantzitsuak eskaintzen ditu aurreko sistemen aldean. Lehenik eta behin, aztergai dugun eremu anatomikoa azkarrago eta modu osoagoan baloratzeko aukera ematen du eta informazio kopuru bera lortzeko kontraste-dosi erdia behar da. Ondorioz, pazientearentzat seguruagoa da eta miaketa egiteko denbora gutxiago behar da.  Beste alde batetik, profesionalei dagokienez, profesionalen esposizio-dosia nabarmen murrizteko aukera ematen du. Gainera, prozedura azkarragoa denez, paziente gehiago artatu eta itxaron-zerrendak murriztu ditzakete, arreta azkarragoa eta eraginkorragoa emateko.

Euskadiko osasun-estrategiarekin bat

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, «ekipamendu berria Osakidetzan dauden beste azpiegitura berri batzuei gehitu zaio eta Osakidetzak eta Osasun Sailak euskal osasun-sistema publikoaren kalitatea handitzeko, eta hala, pazienteentzako zerbitzua hobetzeko –bereziki, segurtasun klinikoan arreta jarrita– daukaten estrategia bateratuan beste pauso bat ematea ekarriko du».

Pneumologiako, Barne Medikuntzako eta Infekzioetako kontsulta berriak

Angiografo berriaz gain, lehendakariak, Osasuneko sailburuak eta Osakidetzako zuzendari nagusiak lagunduta, Kanpo Kontsultetako 2. eraikineko instalazio berriak bisitatu ditu. Han, Pneumologiako, Barne Medikuntzako eta Infekzioetako kontsulta berriak daude eta urtean 4.000 paziente baino gehiago artatzen dituzte.

Ekipamendu berri horrek 24 kontsulta berri dauzka, 800dik gora m2-ko azalera batean banatuta eta 625.000 €-ko inbertsioa egitea eragin du.  Anatomia Patologikoko antzinako pabilioian kokatuta, pazienteen irisgarritasuna hobetu da, kontsulta berriak kalearen mailan daudelako, pazienteentzat eta profesionalentzat erosoagoa da, diagnostikoetarako eta tratamenduetarako espazioa handitu delako eta energia-kontsumoan aurreztu egingo da, ekipamendu eraginkorragoa daukalako.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2016.eko azaroak 03

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari visita el nuevo angiógrafo del Hospital de Cruces mejora de la calidad y la seguridad del paciente https://t.co/MPARBR6h3p

  • @jdarpon
    2016.eko azaroak 03

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak diagnostikoaren kalitatea hobetuko dituen Gurutzetako Ospitaleko angiografo digital berria bisitatu du https://t.co/QHT6IynL1z

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)