Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluak bat egin du “Euskal Adierazpenarekin”, hau da, hiri eta herri jasangarrientzako bide-orriarekin, Quitoko Habitat III biltzarrak haren alde egin zuen, eta ostiralean indarrean sartuko den klima aldaketaren kontrako Pariseko akordioa berresten du bide-orriak (Gobernu Bilera 2016-11-02)

2016.eko azaroak 02

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bat egin du ofizialki “Euskal Adierazpenarekin” hau da, Europako hiri eta herrientzako bide-orri berriarekin. ICLEI Jasangarritasunerako hiri eta eskualdeen erakundeak sustatutako hiri eta herrientzako bide-orri berri horrek “Europa bizigarri eta inklusiborako udalerri produktiboak, jasangarriak eta erresilienteak” sortzea definitzen du. Orain dela egun batzuk, Quitoko Habitat III Biltzarrak haren alde egin zuen, eta ostiralean indarrean sartuko den Klima Aldaketaren kontrako Pariseko Akordioa berresten du bide-orriak.

2016ko maiatzaren 3an Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin zuen Parisen erdietsitako Klimari buruzko Akordioarekiko atxikipena eta konpromisoa azaltzeko, eta konpromisoa adierazi zuen beste herrialde eta eskualde batzuekin elkarlanean aritzeko nazioarteko lankidetza-sareen bitartez, adibidez, Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualdeen Munduko Sarea (nrg4SD), Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia (KAPB), The Climate Group (TCG) eta Jasangarritasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sarea (ICLEI).

Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioa osteguna jarriko da indarrean, COP22 konbentzioaren klima-gailur berria hasi baino egun batzuk lehenago. Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren erabaki gorenak hartzen dituen organoaren “Aldeen Konferentzia” deritzona azaroaren 7tik 18ra egingo da Marrakexen (Maroko). Eusko Jaurlaritzak, Europa osoko beste gobernu batzuek bezalaxe, bat egin du hurrengo urteetan planetako tenperatura bi gradu zentigradu baino gehiago igo dadin saihesteko nazioarteko ekimenarekin.

Parisko Akordioaren babespean, herrialde guztiek erabaki dute klima-aldaketari aurre egitea eta jarduketak eta inbertsioak abian jartzea etorkizun jasangarria, erresilientea eta karbono gutxikoa lortzeko, tenperaturaren batez besteko igoera globala 2 ºC-ren azpitik manten dadin, guztien artean 1,5 ºC-ra mugatzeko lan egiteko nazioarteko borondatearekin.

“Eusko Jaurlaritza pozik agertu da nazioarteko akordio hori onartu delako. Izan ere, Europar Batasunak joan den urriaren 5ean berretsi zuen, Europako Parlamentuak onartu zuen egunean. Urtebete baino gutxiago behar izan da prozesua betetzeko. Horrek argi eta garbi adierazten du zenbaterainoko babesa izan duen akordioak maila globalean. Gailur hartan izan zen Euskal Autonomia Erkidegoa, lehendakari Iñigo Urkullu buru zuela, Europa eta mundu osoko herrialde eta estatuetako beste gobernu batzuekin batera”, gogorarazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

Euskal Adierazpenak, Bilbaon ia mila hiri, eskualde eta erakundek izenpetu duten akordioak, Aalborgeko Gutunari txanda hartu dio hiri-garapen jasangarria bermatzeko printzipioak eta ekimenak definitzeko paradigma berri gisa. Hala berretsi dute berriki, Nazio Batuek antolatuta, Quiton (Ekuador) 2016ko urriaren 17tik 20ra egin den “Habitat III” nazioarteko konferentzian.

Azken hamarkadetan, Jasangarritasunerako Europako Hirien Gutuna izan da tokiko eta eskualdeko gobernuen jasangarritasun-politikak definitzeko erreferentzia. Aalborgen (Danimarka) 1994ko maiatzaren 27an egin zen Hiri Jasangarriei buruzko Europako Konferentzian 600 parte-hartzailek baino gehiagok onartu eta berretsi zuten.

Aalborgeko Gutuna esaten dioten dokumentu hori hamarkada bat beranduago eguneratu zuten aipatutako konferentziaren edizio berri batean: Aalborg +10. Dokumentua sinatu zuten hiriek eta lurralde-unitateek konpromisoa hartu zuten Nazio Batuen Agenda 21en tokiko ekimenak bultzatzeko eta Europako hiri eta eskualdeen garapen jasangarrirako programak garatzeko.

2014ko iraileko Nazio Batuen Klimari buruzko Gailurrean, Nazio Batuen idazkari nagusiak eta Hirietarako eta Klima Aldaketarako mandatari bereziak Global Compact of Mayors (klima-aldaketaren aurkako Alkateen Itun Globala) abiarazi zuten. Harrezkero, mundu osoko ehunka hiri atxiki zaizkio Compact of Mayors ekimenari.

2015eko irailean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarriaren 17 Helburuak (GJH) onartu zituen. Horien artean dago hiriei eta hiri-eremuei dagokien 11. helburua. GJHek Milurtekoko Garapen Helburuen (MGH) logikari eta espirituari jarraitzen diete, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030erako Agenda berrira eramaten dituzte.

Helburu horiek aplikatzekoak dira NBEren kide diren estatu guztientzat, eta ikuspegi integratzailea hartzen dute beren gain nazioarteko garapenari eta gure planetan giza bizitza iraunarazteari buruz. GJHek gai berriak hartzen dituzte barnean, eta beren ikuspegi berriak sistema integratutzat hartzen ditu ingurumena, ekonomia eta gizartea, elkarren artean lehiatzen diren zutabe bereizitzat hartu beharrean, Produkzio Jasangarrian eta Kontsumo arloetan gertatzen den bezala.

2015eko abenduan, Parisen egindako Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren (KANBEK) Aldeen 21. Konferentzian (COP 21), klimari buruzko akordio global bat erdietsi zen berotze globala tenperaturaren 1,5 ºC eta 2 ºC arteko igoerara mugatzeko. Nazioarteko erreferentziako beste akordio batzuekin batera, gobernu-maila guztietan klimari buruzko ekintzak gauzatzeko nazioarteko esparrua hezurmamitzen du Parisko Klimari buruzko Akordioak.

Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentziaren esparruan, Bilbaon 2016ko apirilaren 27an onartu zuten “Euskal Adierazpena. Bide Berriak Europako Hiri eta Herrientzat. Hiri produktibo, jasangarri eta erresilienteak sortuz, bizitzeko egokia den Europa inklusibo batentzat”. Euskal Adierazpenak Nazio Batuen GJHetan eta COP 21 konferentzian ezarritako esparru global berrien printzipioak biltzen ditu. Tokiko jasangarritasun-politiketarako erreferentzia-esparru berria da, eta ordezkatu egiten du Aalborgeko Gutuna.

Adierazpen horretan, Europako hiri eta herrietako alkate eta ordezkariek aitortzen dute gure gizarteek aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta soziokulturala behar dutela, gure biztanleriari bizi-kalitate egokia segurtatzeko; aldi berean, beharrezkoa da errespetatzea gure tokiko ekosistemen eta ekosistema globalen mugak, eta eskura dauden baliabide naturalak. Halaber, prest azaltzen dira nazio eta eskualdeetako gobernuei laguntzeko, eta baita Europar Batasunari ere, Nazio Batuen GJHak eta Parisko Klimari buruzko Akordioa inplementatzeko lanean, Europar Batasunaren Hiri Agenda beren helburuekin uztartzen laguntzeaz batera; eta orobat, Ekintza Eraldatzaileak tokiko mailan hasteko eta inplementatzeko, lehen aipatutako 15 bideetan.

2016ko maiatzaren 3an Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin zuen Parisko Akordioarekiko atxikipena eta konpromisoa azaltzeko, eta konpromisoa adierazi zuen beste herrialde eta eskualde batzuekin elkarlanean aritzeko nazioarteko lankidetza-sareen bitartez, adibidez, Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualdeen Munduko Sarea (nrg4SD), Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia (KAPB), The Climate Group (TCG) eta Jasangarritasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sarea (ICLEI).

Euskal Adierazpenak Aalborgeko Gutunari txanda hartu dio hiri-garapen jasangarria bermatzeko printzipioak eta ekimenak definitzeko paradigma berri gisa. Hala berretsi dute berriki, Nazio Batuek antolatuta, Quiton (Ekuador) 2016ko urriaren 17tik 20ra egin den “Habitat III” nazioarteko konferentzian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko