Berriak Osasuna
Eu

2015eko datuekin alderatuz, kanpainako lehen bi asteetan Euskadin gripearen aurkako txertaketa % 11 hazi da

2016.eko azaroak 02

 

Datuak onak izan arren, Osasun Sailak eta Osakidetzak 65 urtez gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei arazo larriak ekiditeko gripearen aurkako txertoa jartzeak duen garrantzia gogoratu die berriro, txertoa baita gripeari aurre egiteko eskura dugun tresna eraginkorrena.

 Kanpainak abenduaren 17ra arte iraungo du eta orain arte 167.465 pertsonek jarri dute txertoa

 

Gripearen aurkako Txertaketa Kanpaina urriaren 17an hasi zenetik bi aste igaro direnean, guztira, 167.465 pertsonek jarri dute txertoa, hots,iazko kanpainaren lehen bi asteetan baino % 11 gehiagok. Haurdun dauden emakumeen artean gehikuntza % 46koa izan da eta 65 urtez gorakoen artean eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen artean % 10ekoa.

Orain arteko txertaketa-datuak positiboak diren arren, Osasun Sailak eta Osakidetzak kanpaina hau zuzenduta dagoen arrisku-taldeei –65 urtez gorako pertsonak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta haurdun dauden emakumeak– deia egiten die datorren abenduaren 17ra arte euren osasun-zentrotara txertoa jartzera hurbil daitezen; izan ere, kolektibo hauen artean, gripea arazoak –eta zenbait kasutan heriotza– eragin ditzakeen gaixotasun larria da, eta txertoa gaixotasun horri aurre egiteko eskura dugun tresna egokiena da.

Berez, 2015-2016 denboraldian zehar, arazoak jasan zituzten eta arrisku-faktoreak zituzten 174 pertsonetatik % 63k ez zuen gripearen aurkako txertoa jarrita. Kasu horietatik % 38tan Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratu behar izan zituzten. Gainera, ospitaleratutako 22 paziente hil ziren. Hauen artean % 37k ez zuen txertoa jarrita, txertatze-kanpainak barne hartutako arrisku-taldeetan sailkatuak zeuden arren.

Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogoratu dute txertoa kanpaina bakoitzean jarri behar dela, eta txerto hori segurua eta eraginkorra dela. Segurua eta eraginkorra da txertoaren konposaketa, urtero, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ipar-hemisferiorako aurreikusitako birusaren anduietara egokitzen delako. Gainera, azpimarratu dute txertoa urtero jartzen bada –birusak eta gripe motak aldatzen doazela kontuan hartuz– immunitatea handitu egiten dela.

Gripearen aurkako txertatze-kanpaina honetarako 380.000 txerto erosi dira –behar izanez gero gehiago eskura daitezke–. Osasun Sailak eta Osakidetzak 1.2000.000 euro inbertitu dituzte dosi horiek erosten.

 

 Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 2a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau