Berriak
Eu

Emakumeek espazio publikoan duten beldurraren inguruko ikerketa aurkeztu du Emakundek

2016.eko azaroak 02

Emakunde- Emakumearen Euskal Institutuak "Kalea nirea da? Boterea, beldurra eta emakume gazteen ahalduntze estrategiak espazio publikoetan” izenburuko ikerketa aurkeztu du. Ikerketa hau Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako baten emaitza da eta egileak María Rodó de Zárate eta Jordi Estivill i Casany izan dira.

Hiru herritako (Barakaldo, Gasteiz eta Hernani) hirurogeita hamar gazteekin egindako metodologia parte hartzailean oinarritzen den ikerketak neska eta mutil gazteek espazio publikoak nola erabiltzen dituzten eta bertan ze esperientzia dituzten ikertzen da genero ikuspuntutik. Beldurraren zergatiak ikertzen dira eta beldurraren ondorioak, baita ere: bereziki ze ondorio dituen beldur honek emakumeen askatasunean, eta emakumeek hiritik mugitzeko duten aukeran, eta honek nola betikotzen duen emakumeen kontrako indarkeria.

Ikerketak argi erakusten du generoak eragin zuzena duela beldurrean. Neskek mutilek baino arriskutsuago sentitzen dute espazio publikoa eta honek ondorio emozional batzuk ditu eta ondorio zuzenak ditu euren askatasunaren murrizketan, mutilek duten murrizketa baino askoz handiagoa.  

Ikerketaren arabera, bai emakume zein gizon gazteek, biek sentitzen dute beldurra, baina kasu bietan gizonei diete beldurra. Emakumeen kasuan gehiegikeriari, eraso sexualei eta bortxaketari diete beldurra eta gazteak direnean beldur gutxiago badute ere, hau haziz doa adinarekin batera, euren gorputzak eraso sexualen aurrean zaurgarri ikusten duten heinean. Gizon gazteen kasuan lapurretari edo eraso fisiko bati diote beldurra, baina gutxika beldur hau galduz doaz hazten doazen heinean eta indarrean dagoen rol maskulinoan  sartzen doazen heinean.

Beldurraren sozializazioa eta transmisioa

Neskak dira beldurearen sozializazioa eta transmisioa jasaten dutenak nagusiki. Familian jartzen dizkieten mugen bitartez, etxean esaten dieten gauzen bitartez eta baita ere gizartetik jasotzen dituzten mezuen bitartez. Neskei txikitatik erakusten zaie espazio publikoa arriskutsua dela, ez dela eurentzako leku egokia eta kontu handiarekin ibili behar direla. Kontuz ibiltzeko esaten zaie, bakarrik ez joateko, adi egoteko edarian ezer bota ez diezaieten eta abar… baina honekin batera esaten zaie baita ere ez dezatela “probokatu” edo ez daitezela “modu honetara edo bestera jantzita ibili”. Honen aurrean, deigarria da mutilei ez zaiela neurri horretan mezurik helarazten indarkeria errotik prebenitu ahal izateko.

Espazio publikoari beldurra izateak batetik eragiten du askatasun gutxiago izatea hiritik edo herritik ibiltzeko, eta bestalde, lagundu dezake eremu pribatuan eta pertsona ezagunengandik jasaten duten indarkeria ikus ezin bihurtzen edo hauen aurrean tresna barik geratzen.  Horregatik beharrezkoa da espazio publikoari eduki ahal zaion beldurrari begi kritikoekin begiratzea. Gertatzen diren erasoak eta beldurraren pertzepzioa ez datoz bat eta espazio publikoari beldurra izatea bada zaurgarritasunaren inguruan eraikitako feminitatearen irudiaren zati garrantzitsu bat eta baita mugitzeko askatasuna murrizten duen  tresna bat.

Debatea, beraz, hor dago: nola aritu emakumeek espazio publikoan jasaten duten indarkeriaz hauek indarkeria bezala onartuak izan daitezen baina aldi berean ez dezaten ondoriorik izan beste indarkeria mota batzuen ikusezintasunean eta emakumeen askatasunean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)