Berriak Lehendakaritza
Eu

Rajoyk eratuko duen Gobernu berriari euskal agendako gaietan lankidetzan jarduteko borondatea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak

2016.eko azaroak 02

Mariano Rajoyk eratuko duen Espainiako Gobernu berriari euskal agendako gaiak ulertzeko eta elkarrekin aztertu eta lantzeko borondatea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak.  Halaxe esan du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ondoren egin den prentsaurrekoan, eta aurreko legealdiarekiko “jarrera-aldaketa” eskatu du.  

Kazetariek egindako galderei erantzunez, Erkorekak esan du Iñigo Urkullu lehendakariak mezu bat bidali ziola joan den larunbatean Mariano Rajoyri Espainiako Gobernuko presidente izendatu ondoren, ”kortesia politikoaren esparruan”, baina ez dutela beste harremanik izan eta bi Exekutiboak eratu zain daudela. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du ze ministro izendatzen diren alde batera utzita, “erabakigarria” presidenteak gobernuari emango dion norabide politikoa dela.  

Horregatik, Rajoyk eratuko duen Gobernu berriari Erkorekak eskatu dio “jarrera-aldaketa” euskal agendako gaiak ulertu eta elkarrekin aztertu eta lantzeko, eta horien artean euskal erakundeekiko eta autogobernuarekiko begirunea. “Aldarrikapen horixe ari gara egiten azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzatik, eta aldarrikapen horixe egiten diegu une hauetan Estatuko Gobernua osatuko duten guztiei”, ziurtatu du.

Bestalde, bozeramaileak behin berriro ere adierazi du kezkatu egiten duela Espainiako Estatuaren “birzentralizazioaren aldeko deribak”, eta esan du “inoiz ez bezalakoa” dela.  “Pentsatzen hasita gaude ez duela itzulerarik”, esan du Erkorekak, eta salatu du ekonomiaren krisia “zurigarri argia” dela, eta gastu publikoari eusteko aitzakiarekin autonomia erkidegoak kontrolatu eta ikuskatzeko mekanismoak inposatzen ari direla “beren eskumenak higatuta eta murriztuta”, eta Konstituzio Auzitegiaren “baldintzarik gabeko” babesarekin.

PREZIO PUBLIKOEN ARABERA ORDAINDUTAKO ZERBITZUAK EGUNERATZEA

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du uztailaren 30eko 397/2013 Dekretua, prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena, aldatzea. Aldaketa egin behar izan da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Herri Administrazio eta Justizia Sailak hemendik aurrera eskainiko dituzten hainbat zerbitzu sartu behar izan direlako. Zehazki, Urrutiko Heziketako Euskal Institutuak eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eskainiko dituzten zerbitzuak dira. 

2016-11-02 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko azaroak 02

    Interesante posición pues fija una ruta clara de lo que se desprende de una autonomía en relación a estados.
    El país vasco ha dado muestras de una buena gestión y por ende, el respeto a su autonomía ya está logrado.

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)