Berriak Segurtasuna
Eu

Delinkuentziak % 3,08 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoan 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan

2016.eko urriak 31

Areagotu egin da azken urteotako beheranzko joera

Delinkuentziak % 3,08 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoan 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan, betiere 2015eko aldi berarekin alderatuta. Ia sei urteko joera positiboa finkatzen du jaitsiera horrek. Joan den irailaren 30era arte, Ertzaintzak guztira 61.068 arau-hauste penal ikertu ditu, aurreko urtean baino ia bi mila gutxiago. 1.000 biztanleko 27,89 arau-hausteko tasa geratu da aurten, eta joan den urteko tasa 28,78koa zen.Bilakaera are positiboagoa da kontuan hartzen bada, arau-hausteak gutxitu diren arren, gehitu egin direla balizko delinkuenteen erruztapenak, 2.500 gehiago izan dira (+% 14,6).

Deliturik larrienei dagokienez, hau da, homizidio burutuei dagokienez, sei izan dira lehen bederatzi hilabete hauetan, eta joan den urtean hamar izan ziren. Ertzaintzak sei kasuak argitu ditu, eta epailearen aurrera eraman ditu egileak.

Lesioen arloan (+% 0,15), nabarmendu behar da familia barruko tratu txarrak jaitsi direla (-% 7,78).

Torturarekin eta integritatearen kontrako delituekin lotzen diren arau-hausteen arloan (-% 4,25), adierazi behar da familia barruko ohiko tratu txarrak murriztu direla (-% 3,95).

Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteak ere nabarmen murriztu dira (-% 5,11), eta, bereziki, arau-hausterik larrienak, hots, sexu-eraso gisa tipifikatuta daudenak (-% 12,87).

Ondarearen kontrako egintzei dagokienez (+% 1,40), batik bat adierazgarria da etxeetan indarra erabilita egindako lapurreten jaitsiera (-% 12,22) eta, horien barruan, eranskinetan, trastelekuetan eta garajeetan gertatutakoena (-% 30,03). Bi kapitulutan izan da nagusiki gehikuntza: ibilgailuen lapurretetan (+% 14,07) eta iruzurretan (+% 10,00).

Gainerako arau-hauste penalak jaitsi egin dira, oro har hartuta: segurtasun kolektiboaren kontrakoak (-% 2,69) eta, horien barruan, droga-trafikoa (-% 5,11), ordena publikoaren kontrako egintzak (-% 30,49) eta beste arau-hauste penal gisa sailkatutakoak (-% 27,77)

Erruztapen penalak

Oro har delinkuentzia murrizteak ez du ekarri erruztapen penalak murriztea, hau da, ez da murriztu Ertzaintzak arau-hausteen egile direlakoan epailearen aurrera eramandako pertsonen kopurua. Aitzitik, joan den urtean 17.055 erruztapen izan ziren eta 2016an 19.555 erruztapen izan dira dagoeneko; beraz, 2.500 erruztapen gehiago izan da (+% 14,60).

Esparru geografikoa

Arau-hauste penalen lurralde historikoen araberako banaketa aztertu gero, orokorra izan da beherakada: Araban -% 5,04, Bizkaian -% 1,37 eta Gipuzkoan -% 5,63.

Gauza bera gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hirigune nagusiekin: Vitoria-Gasteizen -% 6,96, Donostian -% 6,55, Barakaldon -% 5,31, Getxon -% 14,56 eta Irunen -% 2,97. Bilbao da ehunekoa gehitu duen udalerri bakarra (+% 3,60), ebasketen eraginez batez ere.

Aurten, delituen zenbatekoetan izan den beherakada orokor horrek finkatu egin du duela ia sei urtetik hona nagusi den beheranzko joera, eta, joera hori are nabarmenagoa da Europar Batasunak estrategikotzat jotzen dituen delinkuentziaren alderdietan, hau da homizidioetan, etxebizitzetako lapurretetan edo droga-trafikoan.

Beherakada horrek eta, era berean, ustezko delinkuenteen erruztapenen pixkanakako gehikuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoaren ikuspegi baikorra eskaintzen digu. Ertzaintzaren agenteen profesionaltasunaren eta gaitasunaren  erakusgarri ona da, baita ertzainek herritarrentzako zerbitzuan duten inplikazioaren erakusgarri ona ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko