Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritza bat dator Bilbaoko Portu Agintaritzako lehendakariaren eskabidearekin, estatuak Bilbaoko Portuaren kudeaketa transferi dezan eta hegoaldeko tren-saihesbidea gara dezan

2016.eko urriak 31

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila bat dator Bilbaoko Portu Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak Bilbaon, Forum Europa-Tribuna Euskadin adierazitako eskabidearekin, “estatuak Bilbaoko Portuaren kudeaketa transferi dezan eta hegoaldeko tren-saihesbidea gara dezan”.

 

Besteak beste sailburu Ana Oregi eta Arantza Tapia, Bizkaiko diputatu nagusia, Bilbaoko alkatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberetako arduradunak bertaratu ziren topaketa ekonomiko batean eman zuen hitzaldian, Asier Atutxak azaldu zuenez, Portuko lehendakaritzatik “intermodalitatearen esparru estrategikoan aurrera egiteko behar diren inbertsioak egin behar dira, batzuk baliabide propioekin baina beste batzuk ez, hala nola etorkizuneko hegoaldeko tren-saihesbidea. Aukeraz baliatzen naiz Gobernu Zentralari eskatzeko saihesbide horren proiektua hainbat fasetan bultza eta gara dezan, Eusko Jaurlaritzak planteatu duen bezalaxe. Gainera, gure portuen kudeaketa deszentralizatua behar dugu, gertuagokoa eta gure Herrian integratuagoa, eta horrexegatik eskatzen dut Bilbaoko Portuaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeko”.

 

Atutxak foro ekonomikoan azaldu zuenez, “egungo portuen legeak gehiegi mugatzen du portu-agintaritzen autonomia ekonomiko-finantzarioa eta ez ditu kontuan hartzen portu bakoitzaren berezitasunak, eta hori trafiko berriak erakartzeko eta sarrerak gehitzeko politiketan nahitaez aplikatu behar dugun malgutasunaren aurka doa. Nabarmena da, hortaz, gure portuen kudeaketa deszentralizatuaren premia eta Bilbaoko Portuaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu beharra”, eta iritzi horretan bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko garraioaren arduradun nagusiak.

 

Sailburu Ana Oregik zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak babesa eman dio Portu Agintaritzako lehendakariaren proposamenari, Bilbaoko hegoaldeko trenbide-saihesbideari dagokionez, “lehen fasea datozen lau urteetan gauzatzeko, horrek aukera emango bailuke Serantes mendiko tunela irekitzeko eta egungo trenbide-saretik igarotzea saihesteko, eta, hartara, portua Algeciraskoarekin konektatzen duen trenbide-korridore atlantikoaren garapenean aurre egiteko eta hiri-ingurunearekiko bizikidetza hobetzeko”.

 

Asier Atutxak hitzaldian azaldu zuenez, “Portu Agintaritzak bete-betean asmatu zuen zabalkuntza handi hori une egokian egin zuenean, horrek aukera eman baitio XXI. mendeari modu lehiakorrean lan egiten duten terminal, biltegi eta zerbitzuekin ekiteko, eta horri esker lortu dugu funtzionaltasun mistoa (industriala, merkataritzakoa, logistikoa eta turistikoa) duen hirugarren belaunaldiko portua izatea”.

 

Portu Agintaritzako lehendakariak xehatu zuenez, “urte hauetan sortu den industrialdeak Euskal Autonomia Erkidegoko energia-polorik handiena hartzen du, hirigunetik urrun dagoen milioi erdi metro koadroko azaleran. Bertan kokatzen dira, solteko gai solidoen zenbait instalazioz gain, dozena bat puntako energia-enpresa, gisa horretako industrialde batean azken urteetan egin den inbertsiorik handiena gauzatu dutenak eta gune energetiko garrantzitsuenetako bat sortu dutenak, estatuko portuen artean ez ezik, Europa osoan ere”.

 

Zabalkuntzak

Merkataritza-zonan, 373.000 metro koadro eta 1.300 metroko atrakatze-lerroa dituen edukiontzien terminala du Bilbaok. Portuan enpresa berriak instalatu dira, bai salgai konbentzionalekin bai solteko gai solidoekin lan egiten dutenak, mota guztietako salgaiak mugitzea ahalbidetzen dutenak: siderurgiakoak, makineria, automobilak eta horien piezak, papera eta paper-orea, ikatza, txatarra, burdin totxoak, sulfatoa, kokea, ongarriak, sufrea, zinka, zerealak edo klinkerra.

 

Bilbaoko Portua Europako Arku Atlantikoko garraio- eta logistika-zentro garrantzitsuenetakoa da eta konexioak ditu mundu osoko 859 porturekin. Portuan salgaien garraioaren inguruan mugitzen den jarduera portuko operadoreek (itsas agenteak, enpresa garraio-kudeatzaileak, aduanetako agenteak, praktikaje-zerbitzua, atoian eramatekoa eta amarratzekoa, estibatze-enpresak, zama lotzeko enpresak, hondakinen kudeaketa…), zerbitzu osagarrietako enpresek eta portuko zerbitzu-instalazioen erabiltzaileek osatzen dute.

 

Joan den urtean 32,9 milioi tona kudeatu zituen, eta estatu-mailan 5. portua izatea lortu zuen. Bilbao lehen portua da trenbidez garraiatutako salgaien ehunekoari dagokionez, zuzeneko konexioa du estatuko sarearekin, bederatzi portu lehorretan du presentzia eta atez ateko zerbitzu intermodalak eskaintzen ditu, penintsulako puntu bakar bat ere alde batera utzi gabe.

 

Bere sare operatiboak zerbitzuak eskaintzen ditu Europako iparralderantz, trafiko ugarirekin eta zuzeneko itsas linea askorekin, karga lehorrean. Horren guztiaren ondorioz, portu liderra da penintsularen eta Europa Atlantikoko beste herrialde batzuen arteko trafikoetan. Hala, trafikoen % 45ek Europa dute jatorri edo helmuga, % 30ek Amerika, % 13k Afrika eta % 12k Asia.

 

Jarduera horrek 2014. urtean 624 milioi euroko gutxi gorabeherako inpaktua izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoko BPGan, hots, euskal BPGaren % 0,90. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren % 0,93 mantentzen lagundu zuen, zuzeneko, zeharkako eta eragindako 7.897 enplegurekin, eta 77 milioi euroko zerga-itzulkina sortu zuen. Joan den urtean egindako trafikoaren % 65 inportazio-trafikoei dagokie eta % 35 esportaziokoei. Horrek esan nahi du 2014. urtean EAEn esportatu ziren tona guztien % 49 Bilbaoko Portutik irten zirela.

 

Bilbaoko Portuko gurutzaontzien turismoak 43 gurutzaontzi erregistratu zituen joan den urtean, 80.161 bidaiari guztira, eta ferryaren eskalek beste 94.981 bidaiari mugitu zituzten. Euskal BPGaren gaineko gutxi gorabeherako inpaktua 7,27 milioi eurokoa izan zen, urtean 145 enplegu mantendu zituen eta 0,81 milioi-euroko zerga-itzulkina sortu zuen. Bilbaoko Portuak urtean sortzen duen guztizko inpaktua, aldez aurretik identifikatutako jardueren artean dauden fluxu ekonomikoak araztu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren % 1,29koa eta Bizkaiko BPGaren % 2,55ekoa da.

 

Asier Atutxak zehaztu zuenez, “dagoeneko aurten lizitatu da erdiko kai-muturraren lehen fasea, 125 milioi euroko inbertsioarekin; horrekin 324.000 m² portu-lurzoru irabaziko dugu 39 hilabetetan. Estatu osoan portu-azpiegituran egindako 2016. urteko inbertsiorik handiena izango da, baina, duela gutxi kontrakoa argitaratu bada ere, ez da inbertsiorik garestiena izango. Lurzoru berri horrek ezarpen logistiko-industrial berriak erakartzeko aukera emango digu. Hemendik 2 urtera berriz egin beharko dugu beste gogoeta bat, kai-mutur horren bigarren faseari ekingo diogun erabakitzeko, horrek beste 276.000 m² hazteko aukera emango digu-eta”.

 

Ekonomiari dagokionez, egungo kudeaketan portuko obrak finantzatzeko portuaren ustiapenak sortzen dituen baliabideak, eskatutako banku-maileguak eta, etapa jakin batean, Europar Batasunaren diru-laguntzak erabili dira. “Zenbaitetan kontrakoa uste bada ere, Bilbaoko Portua da estatuko sistema urtean 4,5 milioi eurorekin finantzatzen duena. Geure jarduerak sortu duenaren emaitza besterik ez da izan gure garapena” zehaztu zuen Bilbaoko Portu Agintaritzako lehendakariak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)