Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Hamahiru milioi gehiago Unibertsitateak, Ikerkuntza eta Berrikuntza bultzatzeko. Hezkuntza sailak Unibertsitate Euskal Erregistroa iragarri du

2009.eko azaroak 02

Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak gaur, Lakuan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaá-ren lehendakaritzapean egin duen bilerak oso agenda beteari egin dio aurre. Beste zenbait gai interesgarriren artean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateen egoera izan du aztergai, graduko ikasketak, masterrak eta doktoregoak baimentzeari dagokionez.

Gaur egun, Unibertsitate Kontseiluak egiaztapen positiboa jaso ondoren, graduko bost titulazio, masterreko 74 eta doktoregoko 56 titulazio baimentzeko prozesua hasi da UPV-EHUren eta Mondragon Unibertsitatearen kargura, eta UPV-EHUko masterreko 12 titulazioren eta 8 doktoregoren egiaztapen positiboa jasotzea falta da oraindik. Gogoan izan behar da Deustuko Unibertsitateak, Espainiako estatuaren eta Egoitza Santuaren arteko akordioen ondorioz, beste baimentze-prozesu bat duela eta bertan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez duela eskumenik.

Hezkuntza Sailburuak unibertsitate, ikastegi eta titulazioen euskal erregistroa eta hura garatzea ahalbidetuko duen informatika-tresna egiteko lanen berri eman du Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren baitan. Aurreikuspenen arabera apirilerako edo maiatzerako informatika-tresna garatuta egon daiteke eta adierazitako dekretua argitaratuta.

Halaber, Hezkuntza Saileko arduradunak urriaren 8ko 1/2009 Legearekin batera onartutako presako aurrekontu-neurriak (+Euskadi 2009) izapidetzeko prozesuak azaldu dizkie Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideei. Euskal unibertsitateak hobetzeko programari dagokionez, dagoeneko izapidetu dira eraikinak konpontzeko eta kontserbatzeko obra txikiak egiteko hiru unibertsitateentzako diru-laguntzak. UPV-EHUk 2.300.000 euroko laguntza izan du, Deustuko Unibertsitateak 500.000 eurokoa eta Mondragon Unibertsitateak 200.000 euroko ekarpena. Laguntza horiek unibertsitate bakoitzaren ikasle kopuruarekiko zuzeneko proportzioan ezarri dira.

Antzeko irizpidea erabili da une honetan izapidetzen ari den ikertzaile gazteen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak esleitzeko: Euskal Herriko Unibertsitateari 1.450.072 euro dagozkio, Deustuko Unibertsitateari 244.135 euro eta Mondragon Unibertsitateari 105.793 euro. Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko +Euskadi 2009 funts berezi horren kargura, halaber, 1,2 milioi euro handitu da langile ikertzaileak prestatzera eta trebatzera zuzendutako aurrekontua. Horren ondorioz, aurrekontua 11.237.300 eurokoa da.

Euskal Herriko Unibertsitateak 2.850.000 euroko diru-laguntza jasoko du eta Deustuko Unibertsitateak 150.000 eurokoa, A tipoko bikaintasuneko ikerketa taldeetarako doktoreak kontratatzeko. Hori guztia Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen ikerketaren produktibitatea eta nazioartekotzea areagotzera bideratuta dago.

Azkenik, unibertsitateen eta enpresen arteko harremanak sustatzeari dagokionez, eta adierazitako ohiz kanpoko neurrien barruan betiere, Sailburuak gaur egun izapidetzen ari den laguntzen deialdia azaldu du. Deialdiak 4 milioi euroko laguntzak biltzen ditu, unibertsitatearen eta enpresa baten edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Sareko beste agente baten arteko lankidetza-proiektuak egiteko.

Isabel Celaá Sailburuak, halaber, II. Unibertsitate Plana egiteko egutegia azaldu du. Aurki hasiko diren lan horiek unibertsitate bakoitzeko egungo egoeraren eta indarrean dagoen planak horietan izan duen garapenaren diagnostikoa izango dute abiapuntu. Horren ondoren, erakunde horietariko bakoitzak datozen urteetarako planteatzen dituen lehentasunezko helburuei buruzko informazioa bilduko da.

Hor hasiko den elkarrizketa- eta lankidetza-prozesuari esker, 2011. urtetik 2014. urtera arte luzatuko den II. Unibertsitate Plana eginda, onartuta eta argitaratuta egongo da hurrengo urtearen amaiera aldera. Isabel Celaá Sailburuak egungo aurrekontu-egoera zaila gogorarazi du, eta "unibertsitateek eta finantzaketa publikoa duten gainerako erakundeek baliabideen kudeaketa zorrotza eta eraginkorra bermatuko duten neurriak muturrera eramateko aukera izan behar duela" azpimarratu.

UNIBERTSITATE, BERRIKUNTZA ETA IKERKETARAKO LAGUNTZA BEREZIAK + EUSKADI 2009

 

Eraikinen konponketarako

2.300.000€ UPV/EHU

500.000€ Deustuko Unibertsitatea

200.000€ Mondragon Unibertsitatea

3.000.000€

Ikertzaile gazteak kontratatzeko

1.450.072€ UPV/EHU

244.135€ Deustuko Unibertsitatea

105.793€ Mondragon Unibertsitatea

1.800.000€

Ikertzaileen prestakuntza eta

hobekuntzarako

1.200.000€

Bikaintasuneko taldeetarako doktoreak

kontratatzeko

2.850.000€

Unibertsitatea eta Enpresaren arteko

harremana bultzateko

4.000.000€
GUZTIRA 12.850.000€

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera