Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Betania harrera-etxearen 25. urteurren-ospakizunetan hartu du parte

2016-10-28

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua lagun zuela, Donostiako Loiola auzoan Caritasek duen Betania harrera-etxearen 25. urteurren-ospakizunetan hartu du parte. Lehendakariak harrera-etxe hau Hies-aren aurkako borrokan “erreferente” dela azpimarratu du eta lortutako “gizarte-eraldaketa” eskertu du. “Duela 25 urte pertsonei euren bizitzaren azken etapan laguntzeko bidea hasi zenuten; eta, gaur egun, bide hori bizitza-egitasmo berri bat osatzen laguntzeko egiten duzue”, adierazi du.

Jon Odriozolak gidatu duen urteurren-ekitaldi honetan ere izan dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, José Ignacio Munilla gotzaina eta José Ramón Aramendi Gipuzkoako Caritaseko zuzendaria.

Hain zuzen ere, Lehendakariak esandako hitz gehienak Caritasi zuzenduak egon dira. Erakunde honen “ekarpen bikoitza” aitortu nahi izan du, pertsonen garapen integralaren alde lan egiten duelako eta, era berean, “gizartearen eraldaketaren” alde diharduelako, bidegabekeriak eta desberdinkeriak salatuz eta gizarte-eredu bidezkoagoa sustatuz. “Pertsonekin duzuen konpromisoa partekatzen dugu; gizarte-eredu duinago eta bidezkoago honen erakuntzan elkarrekin gaude”, esan du.

Giza Immunoeskasiaren Birusa duten eta baliabide ekonomikorik eta gizarte- eta familia-laguntzarik ez duten pertsonentzako harrera-etxe bat da Betania. Zentroak 10 plaza ditu eta 31 lagunek –gehienak boluntarioak– egiten dute lan bertan helburu hauekin: pertsona horien gabeziak murriztea eta, gizarte-heziketako banan-banako esku-hartze baten bitartez, ohitura osasuntsuak sustatzea. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)