Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Garraioak 39.119 pertsonari ematen die enplegua Euskal Autonomia Erkidegoan eta ekonomian duen balio erantsi gordina % 5,29koa da, Europar Batasun osoaren % 4,8 baino handiagoa

2016.eko urriak 28

 

 

  • Garraio Enpresen XVI. Kongresua, Bilbao. Aiz: “Euskal Autonomia Erkidegoak probetxu atera behar dio Europak 2030 arte garatuko duen garraio-sare nagusi berrian duen kokapen bikainari
  • Euskal Autonomia Erkidegoak salgaien garraioan aritzen diren 6.728 enpresa eta 14.963 baimen ditu, horien erdiak Bizkaian.
  • Garraioak 39.119 pertsonari ematen die enplegua Euskal Autonomia Erkidegoan eta 11.252.210 pertsonari Europar Batasunean

Bilbao 2016/10/28

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizen iritzian, “Euskal Autonomia Erkidegoak probetxu atera behar dio Europak hemendik 2030. urtera garatuko duen garraio-sare nagusi berrian duen kokapen bikainari. Sare horrek, korridore atlantikoarekin, 94 portu handi ditu trenbidez eta errepidez konektatuta, 38 aireportu trenbidez hiri nagusiekin konektatuta, abiadura handirako prestatutako 15.000 kilometro trenbide-linea eta mugaz gaindiko 35 proiektu handi”. 

Euskal Autonomia Erkidegoak salgaien garraioan aritzen diren 6.728 enpresa eta 14.963 baimen ditu, horien erdiak Bizkaian. Garraioak 39.119 pertsonari ematen die enplegua Euskal Autonomia Erkidegoan eta 11.252.210 pertsonari Europar Batasunean. 

Garraio Enpresen Konfederazioak antolatuta Bilbaoko Euskalduna Jauregian larunbata arte egiten ari den Garraio Enpresen XVI. Kongresuan esku hartu du Aizek. Berarekin batera izan dira hainbat foru-diputatu eta Europako zenbait parlamentari. 

“Garraioaren sektorea euskal ekonomiaren eta industriaren zutabeetako bat da eta, horren barruan, salgaien errepideko garraioa nabarmentzen da, enpresa eta pertsona ugari baitaude konprometituta” azpimarratu du Aizek. Garraioak euskal ekonomian betetzen duen balio erantsi gordina % 5,29koa da, Europar Batasuneko hogeita zortzi estatuen osotasunaren % 4,8 baino handixeagoa”. 

Aizek azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak garraio eraginkorreko eta jasangarriko politikak sustatzen ditu, Europako Batzordearen zuzentarauekin bat, behar-beharrezkoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoak behar duen industria lehiakor eta enplegu-sortzailerako”. 

“Gure lurraldearen kokapen bikainari esker, bete-betean baitago Korridore Atlantikoan, penintsularen eta Europako kontinentearen barrualdearen arteko sarrera eta irteera modura, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako garraioaren agertoki nagusietako bat da. Izan ere, urtero milioika ibilgailu astun igarotzen dira foru-aldundiek kudeatzen dituzten errepideetatik eta lehen mailako azpiegiturak —autobiak eta autobideak— mantentzeak dakartzan kostu handiei aurre egin behar diete horien ogasunek“, azaldu du Aizek. 

Jasangarritasuna

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordearen iritzian, “produktuak banaketa-sareetarantz eta azken helmugetaraino modu seguru eta eraginkorrean eramango dituen garraio-sistema behar dute gure industria, fabrika, muntaketa-zentro eta industria-eremuek. Hori dela-eta, gure herrialdeak betidanik egin du ahalegin ekonomiko eta lan ikaragarria garraiolarien eta garraio-enpresen baldintza hobeak eta errepide eta autobia egokiak lortzeko. Horregatik, harrotasunez erakuts daiteke horien egoera, batez ere gure orografiaren alderdi batzuk kontuan hartzen baditugu”. 

“Euskal industriaren eta enpresen garrantzia begien bistakoa da I+Gari, produkzioari eta ustiapenari dagozkien esparruetan garraioaren eta azpiegituren sektorean, eta nazioarteko presentzia nabarmena du gainera. Euskal Autonomia Erkidegoa nazioarteko erreferentea da garraio jasangarriko sistemetan”, gehitu du Antonio Aizek. 

Aizek azaldu duenez, “Basque Country Logistics ereduak, lankidetza publiko-pribatutik, plataforma logistiko multimodal eta multipolarra bideratzen du, Iberiar penintsulako salgaien fluxuak Europar Batasunarekin egituratzen dituen nodo nagusi gisa, gure enpresek aukera izan dezaten merkatu gero eta globalizatuagoan lehiatzeko”. 

“Behar-beharrezkoa da Europak —eta bere barruan, estatu, herrialde eta eskualdeko gobernu bakoitzak— baldintza eta ezaupide horiek berak eskatzea Europar Batasunean lanean ari diren garraioko enpresa eta langileei. Horrela intrusismoa eta lehia desleiala saihestuko ditugu eta sektorearen segurtasuna eta bermea areagotzea lortuko dugu” gehitu du. 

Aizek euskal eskaintza logistikoa aipatu du eta Arasur plataforma logistikoa azpimarratu du. Izan ere, “Araban kokatzen da, oro har Europar Batasuneko merkatu bakarraren garraio-sare nagusia iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera osatuko duten bederatzi garraio-korridore handietako zentroetako batean, korridore atlantikoaren eta korridore atlantiko-mediterraneoaren arteko bidegurutzean”. 

Lankidetza

Lakuatik lanean ari gara Akitania Berriko gobernuaren eta Frantziako eta Espainiako Garraio eta Sustapen ministerioen arduradunekin, Lille eta Jundiz arteko tren-autobide atlantikoaren norainokoa definitzeko. Azpiegitura horrek, Europar Batasuneko, AEBetako eta Kanadako beste zenbait lekutan gertatzen ari den moduan, kamioia eta trena uztartuko ditu Jundizko base berrian, Vitoria-Gasteizen ondoan. Gisa horretako azpiegiturek hobetu egiten dituzte garraio-enpresen operatibak eta lan-kalitate hobea ekartzen diete garraiolariei”, zehaztu du sailburuordeak. 

Logistikak eta garraioak Europako ekonomiaren garapenean betetzen duten eginkizuna begien bistakoa da. Bruselak hirukoiztu egin du garraiorako finantzaketa, 2014-2020 aldian 26.000 milioi eurora iritsi arte (2007-2013 aldian finantzaketa 8.000 milioi eurokoa izan zen), “Europa Konektatu” programaren esparruan, Korridore Atlantikoa hartzen duen oinarrizko sarerako batez ere”, azaldu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)