Berriak Lehendakaritza

Suspertu egin da euskal herritarren artean seme-alabak izateko asmoa

2016-10-26

Eusko Jaurlaritzak oraingoan familia aztergai izan duen Euskal Soziometroa eman du argitara

Suspertu egin da euskal herritarren artean seme-alabak izateko asmoa, gaur argitara eman den azkeneko Euskal Soziometroaren datuen arabera; oraingoan familia eta familiaren bizipenak eta motibazioak izan dira aztergai.

Ikerlan honen arabera, askatasun osoz aukeratu ahal izango balitz, batez beste 2,4 seme-alaba izan nahiko lirateke. Biztanleriaren erdiak (% 51) adierazten du nahi baino seme-alaba gutxiago izan dituela, batez ere gazteenek (18 urtetik 29ra artekoen % 81ek), baina baita 30 urtetik 45era artekoek (% 61), 46 urtetik 64ra artekoek (% 37) eta 65 urtekoek eta hortik gorakoek (% 20) ere.    

Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen lanak agerian jarri du, bestalde, biztanleriak denbora asko ematen duela bilobak eta mendeko pertsona helduak zaintzen. Bilobak dituzten pertsonen % 20k egunero zaintzen dituzte, eta % 23k astean hainbat aldiz.  Egunero zaintzen dituztenek, egunean, batez beste, 5,4 ordu ematen dituzte horretan.  Bestalde, sentimendua oso positiboa da, ez baita zamatzat hartzen.

Familia eta lana uztartzeari dagokionez, seme-alabak dituzten eta lan egiten duten pertsonen % 57k adierazten dute oso edo nahiko gustura daudela lana eta familia uztartzeko dituzten (edo izan dituzten) aukerekin, eta % 40k, aldiz, esaten dute ez daudela oso gustura edo batere gustura.

Nolanahi ere, gehiengoaren ustez (% 83) erakundeek zerbait gehiago egin beharko lukete lana eta familia eta bizitza pertsonala uztartzen laguntzeko, eta % 10ek uste dute jadanik egiten dutela nahikoa.

Azkenik, eta 2008tik lehenengo aldiz, gaur egun gehiago dira EAEko egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela uste dutenak (% 52) txarra edo oso txarra dela uste dutenak baino (% 45).

Landa-lana irailaren 1etik 8ra bitartean etxez etxe egindako 2.576 elkarrizketaren bidez egin da.

 

Jarraitu irakurtzen

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)