Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

24,38 milioi euro haur hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten eskola pribatuentzat (Gobernu Bilera 2016-10-25)

2016-10-25

Egun Euskadin hezkuntza maila hori eskaintzen duten 270 eskola pribatu daude, 13.822 haurrekin.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2016-2017 ikasturterako Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten titularitate pribatuko haur-eskolentzat diru-laguntzak arautzen dituen Agindua.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 24.389.510,49 euro bideratzen ditu diru-laguntza deialdi honetara, honako helburu hauekin: aipaturiko hezkuntza zentrook mantentzen laguntzea, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familien kuotak gutxitu eta bateratzea, eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntzaren eta laguntzaren kalitatea hobetzea. Era berean, egun dagoen eskaintza finkatzea eta, beharrezkoa izanez gero, handitzea ere bada diru-laguntza hauen xedea.

Eskola hauek, Haurreskolak Partzuergoko haur-eskolek eskaintzen duten zerbitzuaren osagarri dira, eta haiekin batera, euskal familietan familia bizitza eta lanbidea bateratzeko funtsezko hezkuntza-zerbitzua eskaintzen dute.

Egun, Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten 270 zentro daude Euskadin, eta hezkuntza-maila hori eskaintzeko behar bezala baimenduta egonik, diru-laguntza hauen onuradunak izan daitezkeenak. 2016-2017 ikasturte honetan, 13.822 haur daude eskola horietan matrikulaturik. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko