Berriak Lehendakaritza
Eu

Legealdi honen hasieran “gatazkekin eta ziurgabetasunekin amaitzeko” akordioak lortzeko beharra azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak

2016.eko urriak 25

Gernikako Estatutuaren 37. urteurrena betetzen den egunean, jarduneko Espainiako Gobernuak beste bi helegite jarri dituela jakinarazi du 

Legealdi honen hasieran “gatazkekin eta ziurgabetasunarekin amaitzeko” akordioak lortzeko beharra azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak. Aldi berean, ekintza politikoa eta legegilea “judizializatzeko” etapa honekin amaitzeko unea dela pentsatzen du. Hala adierazi du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ondoren eman ohi duen prentsaurrekoan. Bertan jakinarazi du funtzioetan dagoen Espainiako Gobernuak beste bi helegite jarri dituela, Gernikako Estatutua onartu zeneko 37. urteurrena betetzen denean.

Kasu honetan, Rajoyren gobernuak iragarri du, 1978. eta 1999. urteen artean izandako legez kontrako errepresio-jardueren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Legearen aurka helegite bat jarri duela Konstituzio Auzitegiaren aurrean. Halaber, 2015eko Ertzaintzaren LEPa baliogabetzea ez gauzatzea adosten zuen erabakiaren aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko salaren aurrean berraztertzeko errekurtsoa ere aurkeztu du.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak berriro esan du, Gernikako Estatutua onartu zenetik, “eskumenen inguruan inoiz baino legealdi gatazkatsuagoa” bizi izan dela. Hori guztia kontuan hartuta Estatutu horren 37. urteurrena gaur bertan ospatzen dela gogoratu du, hain zuzen ere, Espainiako gobernuak bi helegite hauek jarri dituela iragarri duen egunean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak aldebiko harreman berri bati ekin nahi dio, “praktikoa eta eraginkorra”, eta euskal autogobernuaren errespetua bermatuko duena. Horren haritik, legealdi honen hasieran akordioak lortu nahi ditu “gatazkekin eta ziurgabetasunarekin amaitzeko” eta, horrela, ekintza politikoa eta legegilea judizializatzeko etaparekin bukatu ahal izateko.

HAUR HEZKUNTZAN INBERTSIOA

Beste alde baterik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 2016-2017 ikasturterako Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten titularitate pribatuko haur-eskolentzat diru-laguntzak arautzen dituen Agindua.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 24 milioi baino gehiago euro bideratzen ditu diru-laguntza deialdi honetara, honako helburu hauekin: aipaturiko hezkuntza zentrook mantentzen laguntzea, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familien kuotak gutxitu eta bateratzea, eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntzaren eta laguntzaren kalitatea hobetzea. Era berean, egun dagoen eskaintza finkatzea eta, beharrezkoa izanez gero, handitzea ere bada diru-laguntza hauen xedea.

LANGILEEN INGURUKO EPAIA

Halaber, eta aldi bateko kontratuen eta kontratu finkoen kalte-ordainak parekatzen dituen epaiari lotuta kazetariek egindako galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakinarazi du euskal sektore publikoan, oro har, aldi baterako lan-kontratua duten pertsonak % 4 inguru direla. 

2016-10-25 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)