
“Izena badu, bada”: ezagutu Euskadi mitologiari esker
- Euskal mitologiako pertsonaiek euren ingurune geografikoan ibilbideak proposatzen dizkigute, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak argitaratu duen liburuxkan
- Euskadiko ikastetxeetan 3.000 ala banatu dira
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Basquetour-ek, Tourismoaren Euskal Agentziak, elkarlana gauzatu dute Euskadiko ikasleek euskal mitologia eta gure pertsonaia mitologikoek sorrera-leku izan dituzten inguruneak hobeto ezagutu ditzaten.
Hasiera batean Euskadira iristen ziren bisitarientzat pentsatua sortu zen material didaktiko honek –euskal mitologia eta pertsonaia mitologikoak oinarri hartuta ibilbide turistikoak proposatzen baititu- pertsonaia mitologikoak eta euren inguruko kondairak sortu ziren zenbait eskualde ezagutzeko aukera emango die ikasleei. Zehazki, liburuak sei ibilbide jasotzen ditu, horietako bakoitza pertsonaia mitologiko bati lotua. Liburuak, gainera, Toti Martinez de Lezea idazleak idatziriko zenbait legenda ere jasotzen ditu.
Honako esteka honetan eskuragarri dago liburua:
http://turismoa.euskadi.eus/liburuxka-digitalak/
Liburuak aurkezten dituen pertsonaia mitologikoak honako hauek dira:
Amari
Euskal kulturaren jainkosa da Amari, Mari, Amalur, gauza ororen sortzailea; ikusten dena eta ikusten ez dena, ona eta txarra, ezaguna eta ezezaguna. Eguzkiaren eta lurraren sortzailea izaki, naturaren indarrak kontrolatzen ditu.
Iratxoak
Txikiak, egonezinak, bihurriak, hiperaktiboak... Horrelakoxeak dira iratxoak. Itzelezko indarra duten eta galtza gorriekin ibiltzen diren jeinu ñimiñoak Galtzagorriak dira, leku batzuetan Familiarrak edo Mamarruak izenez ere ezagunak.
Iratxo txiki horien jabeak orratzontzi batean gordetzen ditu. Beti daude prest agintzen zaien edozein zeregin betetzeko, nahiz eta ezinezko lanak izan.
Erraldoiak
Itzelezko indarra dute, mendi eta basoetan bizi eta, egun bakan batzuetan, haranera jaisten dira. Oldarkorrak direnez, zenbait lekutan herritarrak horien beldur dira. Besteetan, ostera, izaki onbera eta atseginak dira... Halakoxeak dira euskal erraldoiak. Kristautasuna heldu aurretik gure lurretan bizi ziren jentilek garia landatzera erakutsi ziguten, ehotzeko harria erabiltzera eta tresnak egiteko burdina urtzera.
Herensugeak
Dragoi ugari daude gure mendien barrunbeetan. Lurrazpian bizi eta kobazulo zein osinetatik irteten dira gainazalera. Batzuk dragoiaren itxura hartzen dute. Beste batzuk, aldiz, musker izugarriak dira. Suge erraldoia diruditenak ere badaude. Zazpi buru eta guzti izan ditzakete eta animaliez nahiz gizakiez elikatzen dira.
Sorginak
Gure herriko txoko askotan kontatzen dira sorginen istorioak. Araban, esaterako, 60 toki baino gehiagoren toponimiak sorginekin du zerikusia. Sorginzubi, Sorginarrate eta Sorginerreka adibide batzuk baino ez dira. Gizagaineko indarrak eta joera gaiztoak dituzte sorginek, eta Akerbeltz bihurtutako deabruaren agindupean daude.
Lamiak
Adats luze horidun emakume ederraren itxura hartu omen dute gehienetan. Mintz-itxurako hankak, ahatearenak bezalakoak, edo ahuntz-apatxak izan ditzakete. Halere, itsasotik gertu, itsaslaminaren itxura hartzen dute. Ura asko gustatzen zaie. Ibaiertz, urmael, erreketako ur geldi eta iturburuetan bizi dira, baina askotan kobazuloetan ere bai.