Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Uriartek UPV/EHUren Hezkuntzaren Museoaren inaugurazioan hartu du parte

2016.eko urriak 24
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak UPV/EHUren Hezkuntzaren Museoaren inaugurazioan hartu du parte. Ekitaldi horretan ere izan dira, besteak beste, Iñaki Goirizelaia UPV/EHUren errektorea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Ana Arrieta Gipuzkoako Campuseko errektoreordea eta Pauli Dávila museoaren zuzendaria. 

Sailburua pozik agertu da azkenean bere instalazio propioak edukitzea lortu duen egitasmo honek izandako bilakaerarekin. Instalazio horiei esker hezkuntzak egin duen ibilbidea ezagutzera ematen jarraitu ahal izango da, batez ere gazteen artean. “Arbelak, eskola-materialak, berrikuntza pedagogikoko mugimenduak… egindako bidearen lekuko dira. Bide horretan oso esperientzia arrakastatsuak eskuratu ditugu; eta hauetan oinarrituz egin dugu eta ari gara egiten gure ibilbidea”, adierazi du.

Uriartek inaugurazio-ekitaldiko bere hitzaldia Espainiako Gobernutik etengabe datozen eta euskal hezkuntzan eragina duten legeria-aldaketak salatzeko aprobetxatu du, LOMCEren kasuan gertatu den bezala.  “Ezin dugu onartu, ia lau urtetik behin, Euskaditik kanpo hezkuntzari lotutako legeak egiteko eta, ondoren, berriro desegiteko dagoen zaletasuna”, azpimarratu du, eta jarrera hori “arduragabetzat” jo du.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntzaren Museoa Gipuzkoako Campusaren pabiloietan kokatzen da, Zuzenbide Fakultatearen ondoan, Donostian. Zazpi aretotan antolatuta, hauek daude ikusgai: 50eko eta 60ko urteetako gela baten berreraikuntza xehea, hainbat tresna eta material zientifiko, dokumentazio areto bat, eta ibilbide bat, Euskal Herriko hezkuntzaren historian barrena, panelen eta objektu materialen bidez, arreta berezia jarrita euskararen presentzian. Museoa, "Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutzera ematea" xede duena, UPV/EHUko Garaian - Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Taldearen ekimenez sortu zen, eta Historia eta Hezkuntza Ondarea Aztertzeko Espainiako Elkarteak Espainiako Kultura Ondasunen Institutuarekin batera emandako Bartolomé Cossío saria jaso zuen, 2015. urtean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Markel Olano; Iñaki Goirizelaia; Eneko Goia; Ana Arrieta