Berriak
qrcode

URAk informazioa eskatu die Euskadiko hiri-aglomerazio nagusietako erakunde-kudeatzaileei, saneamendu-sistemen arintzeak kuantifikatzeko sistemen egoeraz jakiteko

2016-10-21

Isurketa-baimenen titular erakunde-hornitzaileek lanean dihardute sarearen gainezkabide-puntuetan arintzeak kuantifikatzeko sistemak ezartzen

 Uraren Euskal Agentziak eta Euskadiko uraren erakunde-kudeatzaileak — eskumenaren jabe tokiko administrazioek mankomunatuak — lankidetza sustatu dute saneamendu-sareetako gainezkabide-puntuetako arintzeak ingurune urtarrean izan ditzaketen erasanak murrizte aldera. Horren harian, URAk informazioa eskatu die Euskadiko hiri-aglomerazio nagusietako erakunde-kudeatzaileei, saneamendu-sistemen arintzeak kuantifikatzeko sistemen egoeraz jakiteko.

 “Ingurune urtarretik hartutako uraren % 75tik gora etxe- eta hiri-erabilerek egiten dute bere; hortaz, ur-hornidura eta –kudeatzea  zorrotz egitea ezinbestekoa zaigu, bederen, uren egoera ekologiko ona lortuko badugu” adierazi du URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak, eta azpimarratu egin du garrantzitsua dela  oso saneamendu-sistemetan jariatze-uren arintzeei jarraipena egiteko neurriak hartzea.

“Zorionez, EAEko erakunde-kudeatzaileak herritar gehienen ur-beharrizanak asetzen dituzte beharrezko kalitate eta kantitatean, eta kudeatze-eredu sendoetan oinarritzen dira, ingurumen, ekonomia eta baliabide teknikoen  jasangarritasunaren hobebeharrez; horri esker, ingurune urtarrera isurtzen duten emariak gero eta bateragarriagoak dira ingurunearen izaerarekin, eta ur-hartuneak gero eta ageriago aintzat hartzen dute betebeharreko emari ekologikoak” dio Ansolak.

Administrazio hidraulikoa den heinean, URAri dagokio bateragarri eginaraztea, alde batetik,  isurketak eta ur-hartuneak, eta, bestetik,   ur-masen  egoera ekologiko ona. Baita baimen-araubidearen bidez ezarritako isurketa-baimenen eta ur-emakiden baldintzak betearaztea ere.

Lankidetza

Isurketei dagokionez, ur-saneamenduaren erakunde-kudeatzaileek datu andana biltzen dute hiri-aglomerazioetan tratatutako hondakin-uren isurien ur-kalitateari buruz. “Datu horiek guztiak zein administrazio hidraulikoak bildutako analitika-emaitzak ezinbestekoak dira, bai Hondakin-uren tratamendurako 91/271/EE zuzentaraua, bai isurketa-baimenaren baldintzak bete ote diren ikusteko; eta, hartara, hala behar izatekotan, balizko neurri zuzentzaileak hartarazteko, baldintzok bete daitezen” azaldu du Ansolak.

Jariatze-uren gainezkatzeen jarraipena

Orobat, saneamendu-sistemek izan badituzte saretik urak gainezka egiteko arintze-bideak, euri-urak handitu eta jariatze-urak sisteman sartzen direnerako — halakoetan, ingurune urtarrera isurtzen da jariatze-ur hori—. Horrexegatik da premiazkoa “hiri-saneamendu sistemek ondo aurreikustea prezipitazio handien sasoietan jasoko dituzten jariatze-ur eta emari oparoagoak; emari igoera horiek sistematik gainezka egin eta ingurune urtarrean nahasten baitira” azaldu du Ansolak.

2012ko irailaren 21etik indarrean da 1290/2012 Errege Dekretua, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen duena, non ezartzen diren hiri-hondakin uren tratamendua egiteko arauak.

Arau horrek aurreikusten duen xedapen batek isurketa-titularrak premiatzen ditu —2016ko irailetik aurrera— jariatze-uren gainezkatzeak kuantifikatzeko neurriak ezartzera saneamendu sistemetan.  Honako kasuetan: 50.000 biztanle baliokide baino gehiagoren hiri-aglomerazioetako isurketetan, nahiz  Ingurumeneko Baimen Bateratua behar duten industria-azpiegituretan, nahiz Bainatzeko Urak bezala izendatutako zonaldeetan —Demarkazio Hidrografikoko Gune Babestuen barne— egon litezkeen   2.000 biztanle baliokide goragoko hiri-aglomerazioen edota  industria-guneen saneamendu-sistemen isurketak.

URAk erakunde kudeatzaileei ate-joka joan zaie gainezkabideetan zein arintze-kuantifikatze neurri jarri dituzten ezagutzeko. “Erakundeen arteko lankidetzari esker, ingurune-urtarrean bukatzen duten saneamendu-sarearen gainezkatzeak kontrolatzeko neurri hauek ahalbidetuko dute ur-arintze horiek sortzen dituzten erasanak murriztea, eta,  hartara, ur-masen egoera ekologikoa hobetzeko urrats berriak ematea” laburbildu du Ansolak.

Iruzkin bat
  • Argazkia Iñigo Azkarate Ugarte
    2016-11-08

    Ni Bergaran bizi naiz. Araztegia martxan dago. Oraindik hainbat puntu kolektore nagusira konektaturik gabe daude. Urrian auzolanean garbitu genuen ibaia eta lotsagarria da zenbat puntu dauden trataturik gabeko urak errekara isurtzen dituztenak.
    Ez dakit zeinen ardura den baina puntu batzuk nazka ematen dute.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)