Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

ERREGE KOPA GASTEIZERA EKARRIKO DUEN AKORDIOA AURKEZTU DA

2016.eko urriak 21

Gaur goizean sinatu eta aurkeztu da 2017ko Errege Kopa —2017ko otsailaren 16tik 19ra bitartean— Gasteizen jokatzeko akordioa. Hiriko alkate Gorka Urtaranek, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuorde Itziar Epalzak, ACBko lehendakari Francisco Rocak eta Saski Baskonia SADeko lehendakari Josean Querejetak ongi etorria eman diote txapelketari.

ACBk, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioari esker, Gasteizen izango da 2017ko Errege Kopa. Fernando Buesa Arena izango da, beraz, Estatuko saskibaloirik onenaren egoitza, datorren urteko otsailean.

Aurkezpen-ekitaldian, ongi etorria eman die Gasteizko alkateak 2017ko Errege Kopan izango diren guztiei; "hiria Europako saskibaloiaren hiriburua izango da", nabarmendu du.Orobat azpimarratu du ezen "kirol ekitaldi handia da, txapelketa ikusgarria, talderik onenek parte hartzen baitute bertan, eta milaka lagun etorriko dira gure hirira, eta txapelketa telebistaren bitartez ikusten dutenek hemen ditugun gauza interesgarri eta ahalmenen berri jaso ahal izango dute. Hiria prest dago, halako ikuskizun bat hartzeko irrikan, kirola baino askozaz harago doan kontua izaki, dituen inplikazio ekonomikoak, sozialak eta bestelakoak direla eta.  Hiri honen eta bertako jendearen ahalmenak bultzatzen jarraitzeko, kanpokoei hiri honen eta bertako jendearen ahalmenak erakusteko aukera aparta dugu hau."

Ondoren, aski Baskonia SADeko lehendakari Josean Querejetak adierazi du: "oso pozik gaude Gasteiz 2017ko Errege Koparen egoitza izendatu izanarekin. Segur aski, Final Four txapelketarekin batera, Europako saskibaloiko bi txapelketa inportanteenetako bat da. Erakunde guztien laguntza eskertu nahi dut: Foru Aldundiarena, Eusko Jaurlaritzarena, Udalarena nahiz Vital Kutxa fundazioarena, hori gabe ezinezkoa izango bailitzateke txapelketa hau Gasteizen antolatzea." Orobat esan du konbentzituta dagoela Errege Koparik onenetako bat izango dela. "Ez da ahaztu behar Gasteizen asistentzia-errekorra dugula, eta uste dut hobetu egingo dugula. Konbentzituta nago arrakasta ekarriko digula Kopa hirira ekartzeak, eta eragin ekonomikoa izango duela, eta munta handiko itzulketa ekonomikoa."

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuorde Itziar Epalzak, berriz, hala esan du: "Euskadi Basque Countryren posizionamenduan laguntzen dugu zenbait ekitaldiren bitartez, Basque Country marka eta gure herria turismoaren jomuga gisa indartzeko aukera ematen baitigu. Oraingo honetan, Errege Kopa bertan jokatzen delarik, Estatuko hainbat bisitari  etorriko dira gurera; izan ere, gaur egun, bisitatzen gaituztenen % 48,7 merkatu horretatik etortzen zaizkigu, eta aurten % 14ko igoera pilatua izan du."

ACBko lehendakari Francisco Rocak eskerrak eman dizkie Arabako Foru Aldundiari, Gasteizko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Baskoniari, "saskibaloiaren alde egiten duten apustuagatik, eta Errege Kopa antolatzeko erakutsi duten interesagatik. Txapelketa handi bat ikusiko dugu, agertoki ezin hobean, Fernando Buesa Arenan, 15.500 ikusle hartzeko ahalmena baitu. Errege Kopa eta Gasteiz arrakastaren sinonimo dira: bosgarren aldia da Gasteizen antolatzen dela, eta zifrak ikusgarriak izan dira beti." Eta gogorarazi du: "Gasteizko 2017ko Errege Kopak orobat jaso du Movistar eta CaixaBanken laguntza, babesle nagusi gisa, eta Endesa, KIA eta Sportiumena babesle ofizial gisa."

Azkenik, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek honela azpimarratu du: "saskibaloiak oso harrera ona du Araban, milaka lagunek praktikatzen dute egunero, eta Europan punta-puntakoa den talde bat edukitzeak lagundu egiten du, zaletasun hori are handiagoa izan dadin. Beraz, Errege Kopa Araban jokatuko dela jakitea berri aparta izango da bertako zaleentzat, eta herritar ororentzat. Baina, aldi berean, bisitariak hartzeko aukera ere ematen digu, eskaintzeko duguna ezagutzera emateko aukera, eta, aldi berean, haiek Araba aberasten laguntzekoa."

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)