Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak ‘Nagusi 2016’ azokan adinekoen esparruan garatutako azken esperientziak erakutsiko ditu

2016.eko urriak 20

Bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritza beste urte batez –jada hogei edizio dira– Nagusi Azokan egongo da. Azoka hau adineko pertsonei zuzendutako ekitaldi luzeena eta garrantzitsuena da.

 

Nagusi 2016 azokan (Barakaldoko BECen egingo da, bihartik hasi –urriak 21– eta igandera arte –urriak 23–) Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak stand bat ipiniko du. Bertan, sail horrek eta Eusko Jaurlaritzaren beste batzuek (adibidez, Osasun eta Segurtasun Sailek), sektoreko euskal federazioekin eta elkarteekin koordinatuta, garatutako zerbitzuak eta azken esperientziak azalduko dituzte. Informazioa, orientazioa eta aholkularitza, teknologia berriak, zahartze aktiboa eta osasuntsua, zaletasunak sustatzea, etxetik ateratzeko gonbidapena, belaunaldien arteko bizikidetza eta abar dira stand honetan aurkitu ahal izango ditugun zerbitzu batzuk.

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak inauguratuko du Nagusi azokaren aurtengo edizioa. Inaugurazio-ekitaldi honetan ere bertan izango da Emilio Sola, Gizarte Zerbitzuen zuzendaria.

Adineko pertsonekin lotuta Eusko Jaurlaritzak garatutako politikak pertsona horiek errespetatuz, eta pertsona horiek gizartearentzako erabat aktiboak eta baliagarriak direla pentsatuz burutzen dira. Premisa horietatik abiatuta, oso lan eraginkorrak garatu dira: adibidez, betiON telelaguntzako zerbitzua –adineko pertsonen arretarako konpromisoan jada estandar bat da–, 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia, edo honen barruan kokatutako Euskadi Lagunkoia / Euskadi Amigable programa. Bertan, administrazio publikoez gain, dendak eta zerbitzuetako enpresak, eta, oro har, herritarrak nahasten dira gure hiriak eta herriak ingurune lagunkoiagoak egiteko.

Familia osoak partekatu ahal izateko, stand-ean burutuko diren jarduerak adin guztietako pertsonei –ez adinekoei bakarrik– zuzenduta egongo dira. Jarduera horien artean zahartze aktibo eta osasungarri baterako ariketa fisikoen tailer bat (Nagusi Aktiboa) aurkituko dugu. Tailer praktiko bat da. Bertan, monitore aditu batek sedentarismoa ekiditen laguntzen duten ariketa txiki eta erraz batzuk azaltzen eta aurkezten ditu. Ariketa horien bitartez mantentze aktiboa eta osasungarria bilatzen dira.

Eusko Jaurlaritzaren standean ere honako beste jarduera hauek burutuko dira: Horrelakoak ginen / Horrelakoak gara erakusketa edo jolasa –beste garai bateko aparatu edo tresna bakoitza gaur egungo gizartean aurkituko dugun haren baliokidearekin alderatuko da–, Nagusi sortzailea –pintura, argazkigintza eta beste zaletasun batzuk praktikatzeko espazioa–, eta Nagusiforum. Azken jarduera honetan hainbat jarduera garatuko dira, dibulgazioarekin, zerbitzuen aurkezpenekin edo kontzientziazioarekin lotuak, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)