Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak «ahaleginean, hersturan eta lankidetzan oinarritutako hiritar etika berria» eskatu du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko

2010.eko urriak 19

Lópezek hitzaldi bat eman du, ‘Diario de Navarra'-k antolatutako ‘Demokrazia, askatasuna eta kultura, XXI. mendeko erronkak' foroan

Patxi López lehendakariak ikuspegi konstituzionalista defendatu du, ez Estatuaren batasun ideiara mugatuta, baizik eta «botere guztiz subiranorik, ezta herria ere, ezin existi daitekeenaren baieztapen zorrotz» gisa. Diario de Navarrak antolatutako foroan hitz egiten ari zela, demokraziatik «interesatzen zaiena» hartu eta «aldarrikapenak egiteko» erabiltzen dutenak kritikatu ditu eta demokraziaren ikuspegi globala defendatu du, «berdintasunean, askatasunean eta bizitza duinaren defentsan» oinarritua. «Abiapuntu horretatik uler daiteke Euskadin PPrekin daukagun hitzarmen "hain arraro" hori», esan du, «legegintzaldiaren hasieran ezarritako lau ardatz nagusietan "ziztu bizian" aurrera egiteko aukera ematen ari zaigun hitzarmena, hau da, bakeranzko bidean, normalizazio politikoan, krisiaren aurkako borrokan eta Gernikako Estatutua bizikidetza esparru gisa sendotzean». Ildo horretan, lehendakariak berretsi duenez, PSOEren eta EAJren arteko aurrekontu hitzarmenaren ondoren, «Gernikako Estatutuaren garapenean jauzirik handiena Euskal Autonomia Erkidegoaren buru gobernu sozialista bat izanda» gertatuko da. «Eta oso bitxia da EAJk, hainbat urtetan, aurrekontuak negoziatzeko baldintza gisa transferentziak eskatu ez izana eta, orain, mahai gainean jartzea, sozialistok lehentasuntzat hartu izanak bultzatuta», gaineratu du.

Demokrazia, konstituzionalismoa eta bere gobernuak agintean eman dituen 17 hilabeteak, horiexek izan dira Patxi López lehendakariak Iruñean eman duen hitzaldiko hiru ardatzak. Bere kabineteak «ziztu bizian» lortu dituen emaitzen balantzea egiteaz gain, oinarri demokratikoen zutabe diren baloreen defentsan sakondu du. Lehendakariaren ustez, askatasuna, berdintasuna, bizitza duin baten defensa eta pluralismo politikoa dira gizarte demokratiko eta moderno baten oinarriak eta oinarri horiek guztiak elkarlotuta daude. «Demokrazia osotasun bat da, bakoitzak ezin du gustukoen duen zatia hartu eta aldarrikapenak egiteko erabili, baina horixe gertatu da Euskadin, gehiegitxotan», nabarmendu du. Sarrera horrek Euskadin PP eta PSEren artean hitzarmena egitearen zergatia azaltzeko balio izan du. Hitzarmen hori «sistema eta oinarri demokratikoak defendatzeko» egin dute, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko eta herrialdeari normaltasuna emateko», Lópezen arabera.

Lehendakariak Demokrazia, askatasuna eta kultura: XXI. mendeko erronkak izeneko hitzaldia eman du gaur, asteartea, Iruñean, Diario de Navarrak eta NH hotel kateak antolatutako Nafarroa XXI Foroa zikloaren barruan. Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz han izan da, baita Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkari Elma Sáiz eta Nafarroako Parlamentuko presidente Elena Torres ere.

Hitzaldian, lehendakariak bere gobernuaren legegintzaldiaren hasierako helburu nagusietako batzuk oso azkar lortu dituztela nabarmendu du: bakeranzko bidea, normalizazio politikoa, krisiaren aurkako borroka eta Gernikako Estatutua bizikidetza esparru gisa sendotzea.

Hala, lehendakariak PSOEren eta EAJren artean datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko lortu den akordioa aipatu du eta «30 urteren ondoren, Gernikako Estatutuari behin betiko bultzada» bere gobernuak emango diola nabarmendu du. «Egin daitezkeen gogoeta guztien artean, ondorio bat nagusitzen da: Gernikako Estatutuan jauzirik handiena Euskal Autonomia Erkidegoaren buru gobernu sozialista bat izanda egingo da», aldarrikatu du. Ildo horretan, lehendakariak adierazi duenez, EAJk «joera bateko zein besteko gobernuekin izan dituen aurrekontu negoziazioetan inoiz ez du Gernikako Estatutuaren garapena baldintza gisa mahai gainean jarri». Horregatik, Lópezen ustez, une honetan mahai gainean jarri dute «ez zutelako atzean geratu nahi».

Lópezek berretsi du aurrekontuak edukitzea «Euskadirentzat eta Espainiarentzat ona» dela, krisi egoera dela medio. Hain zuzen, horri dagokionez, lehendakariak Euskadi krisian «beste batzuk baino lehenago eta sakonago» sartu zela nabarmendu du, «nahiz eta aurreko gobernuak krisiak eragindako zurrunbilotik salbu zegoen uharte bat» zela esaten zuen. «Eta, gaur egun, pixkanaka krisitik ateratzen ari garela esan dezakegu», nabarmendu du, tesi hori frogatzen duten hainbat datu ematerakoan; horien artean, gaur ezagutu den datu batek, zeinak erakusten duen langabezia jaitsi egin dela, aurreko hilabetean baino 9.000 pertsona gehiagok lana aurkitu baitute.

Ezker abertzaleari dagokionez, lehendakariak berretsi du «elkarrizketetatik ekintzetara» pasatu behar duela, «ETArekiko loturak behin-betiko hautsi» behar dituela eta erakunde terrorista «desagerrarazteko lanean hasi» behar duela.


Hiritar etika berria

Hitzaldian, lehendakariak «gure artean [Euskadiren eta Nafarroaren artean] elkarlanean aritzea oztopatzeko mugak eraiki eta indartu nahi dituztenak» kritikatu ditu. «Gu modernitatera heltzea eta etorkizunean aurrerapenak egitea oztopatzeko oinarriak jartzen ari dira», argudiatu du Lópezek. «Euskaldunok, nafarrok eta espainiar guztiok Europako abentura beraren barruan gaude eta kontinente honetan azken 50 urteetan izan zen oparotasunaz eta ongizateaz gozatzen jarraitzeko ahalegin handia egin behar dugu», ziurtatu du. Bestalde, «ahaleginean, hersturan eta lankidetzan oinarritutako hiritar etika berria» eskatu du, gizarte modernoaren erronkei aurre egin ahal izateko: besteak beste, aldaketa demografikoari zein herritarren zahartzeari eta horrek osasun sisteman dauzkan ondorioei. «Arazoei aurrea hartu behar zaie», ohartarazi du lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari